Hustutako herriak

 

Etorriko zarete hustutako herriak hartzera

Eta kaleen izenari erreparatuta omendu egingo gaituzue

Esango duzue erratu egin garela

Baina herkidego borondatea aitortuko diguzue zeuen ohar-koadernoetan

Etorriko zarete eta erreten bazterretan botatako giltza sortak batuko dituzue

Hatz-markak bilatu inoiz guk maite izandako gorputzetan

Eta jabetza agiriak berritu

Jabe berriak izango dituzte aurrerantzean zorriek eta egunsentiak

Poliziak zainduko ditu gure poemak

Aspaldiko ereserkiei aspaldiko mintzairari lotuko dizkiezue zeuen gogoak —arima setiatuak—

Etorriko zarete eta mendigain elurtuak miatuko dituzue

Zorionetik ihesi mugalari izuturik badenentz

Eta esango duzue «aurkituko dugu

Bake hitzarmenak egoki zeinek idatzia,

"Bihotza!" izango da estreina jalgiko

Zaigun maitasun hitza»

—Aitorpen sakon bat eta libertate tolesgarria

Ezpondetan gorde eskutitzek murgildua—

Etorriko zarete eta kanposantuan ezarriko dugu azken gotorlekua

Begibiko fusilek idazmakina totelen pare

Tekleatuko dute zuen bizkarrezurren kontra

Beste edozein sasoitan baino arrotzago mintzatuko gatzaizkizue

Hilarrietako zenbaki bikoitietarik

Eta esango duzue «mende hartu ditugu,

Amaitu da belaunaldi hori,

Hilak defenditzearren idazten zuten barren»

Eta zerraldoen talaietarik begiztatuko dugu bailara ketan

Eta ezerbage —min erre bategaz—

Suari emandako geure etxeetarantz jaitsiko gara

 

w 1995

 

© Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus