Bukaresteko aireportuan soldaduak higatzen ilun

poema hilak plater beltzak dira gosea ase ezin duten marinelengan

goazen

goazen nora ez dakigula ere goazen

asko jota hil eginen gara

begi zuringotan karizia hotzak

labana gogo zorrotza

 

poeta gazte anitzek Dylan dik gaur desio  

galburu erreei kantatzen eta prostituta segailei

kale zokoetan iazko udazkena txatxarrak janda dago

eta hire bihotza or-sagarra ardi amorratuei bota

erloju matxuratua irudituko du gauak

egiok beldurrari koska

 

ukitu gabeko sexuez behar nauk damu

aingeru eroriekin bat egin

hire sabeletik neguko jauregira sartu

hire tristeziara tropa guztiekin iritsi

eta borroka irabazteko

 

hilotzek zerraldotan eguzkia hartzen diate

 

w 1989

 

© Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus