gogoratuko duzu heriotzak zuen masaila horia

gelako itzal ketsuan

agurea eta amona aulki marroietan

betebeharrekin jarrita

 

korridorean zoru freskoa

pauso ahul batzuen azpitik

eta negar pixka bat isilik

haurraren bideak leuntzen

 

bi koadrotan arbasoak

denbora hatzetan balego bezala

eta behakoak horman erailak

edo ezpain gorrien puzturan

 

jendetza triste marmarka

besarkadak eta intsentsua

pertsonen joateaz solasa

eta bihotzean gorde ezin lurpera zeramaten kaxa

 

eskaileretan beherantz baldar

karreran

kalean

airean

 

geldiro kanpaiak

haurtzaroa iheska

arropa beltz haiek

eta atea itxi zuteneko danbada

 

w 1987

 

© Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus