Oia

 

Neke-sendalaria,

buru-argitzallea,

lanaren saria...

Amestegi guria,

naigabeen azkaia,

nagien nausia.

 

Bitez agur nereak,

afalonduon beintzat,

guztiak zuretzat.

Ta «aita-gure» bat ere

biyoa, zu asmatu

zinduanarentzat.

 

Baña... lasatu nadin

orain, «aita-gure»-ka

eraso baño lên,

yaun zintzo orren baimenaz,

mordoka datozkidan

neurtitzok esaten...

 

Afaldu det oparo.

Betazalok, otoika,

eskatzen zaudate.

Aurrean zu, zabalik,

elurra ainbat zuria,

begiok zakuste.

 

Sartu ditzadan lênen

estalkiok azpitik,

dagokion neurriz;

oñik irten eztaidan

gaberdian —oi baitu!—

lotsagabekeriz.

 

Apatx, orain!... Biyoaz

oñetakook gora,

abea jo arte:

nere pozaren berri

auzo goi ta bêkoak

ikasi bezate!

 

Txamarra kendu, bota

galtzok ere: ez atseden...

Orrenbeste neke!...

Zûrragoak izanak

dituk ene guraso

Adan eta Ebe!...

 

Noizbait! Gerturik nago.

«Aitaren» egin, eta

yo dezadan murkil.

Bat, bi, iru, lau... aguro!,

negu-gauaren otzak

ez nazan bertan il.

 

Orra barruan, yaunok,

maindire leun artean

bilduta, buru-oin.

Sarrerako otzikara,

bañan, samurtu arte,

arren, pixkat itxoin.

 

Oraintxe, ba, muturra

zerbait atera daiket,

berriketa-yarrai.

Zu goratzen, maitea,

logurak autsi arte

ez dut ixildu nai.

 

Ai, nolako zoroak

gauez kalerik kale

ibil oi diranak!

Arkiko âl dituzte

asun miñez beterik

iñoiz beren oiak!...

 

Atean aize latza

dabil, aserre... Noski:

oirik ezpaitauka!...

Leioan txingor otsa

da, neri loa, nonbait,

galerazi billa.

 

Lan gaitza, gaitzik bada.

Ateko giro txarra

lotarako onena;

seaska ustu genduan

aur samur-azitxuon

llo-llo biguñena.

 

Biar?... Gogapen txarrok

urrun! Egun banari

gau bat darraikio

egiñaz ats artzeko,

ez eginkizunarren,

orde, kezkatzeko.

 

Ta... irakurle maitea,

laburrerako oraintxe

berriketan nuzu...

Begiak itxi zaizkit,

burutzar au moteldu...

arnasa... ba... kan... du...

 

...Amets dagit, basoan

il nauela, parreaz,

maitagarri batek,

ta, gozorik, illeta

abesten didatela

berreun milla lorek...

 

...Amets dagit nautela

tximirritek eortzi

abaraska baten,

ta illobia, lasaki

ta ixilka, ari naizela

parra-parra yaten...

 

...Amets... Baña, zer dantzut?

Irakurle guztiok

zurrungaka lorik?

Nere neurtitzok orrein

lo erazle bizkorrak

uste ez nun ziranik!

 

Beraz, gabon, gazteok...

Baña... nere buru au,

yas!... nola burutu?...

Oi-asmatzallearen

onez agindutako

«Aita-gurea» âztu!

 

Gizagaxoa... noski,

on utsa bide zanez,

zeruan âl dago!

Nere «aita-gurien»

bearrik, beraz, ez du,

alegia, izango.

 

Gauzok ala dirala,

laga dezaket «aita-

gurea» biarko...

Atean euri otsa...

aize zotin luzeak...

Agur... Da... gi... dan lo... o... o!...

 

w 1919 

Musika: Antton Valverde 

 

© Xabier Lizardi

 

IV

ONDAR GORRI

 

Azaro-lêna

 

Uda —suzko itsaso— baitut ibilli

gerizpe atsegin bat nuela untzi,

ondoaz legorra yo dit emeki:

ondarreta bat du, soil eta gorri.

 

(Itsasoak bai baitu, urrun-ertzean,

urre gorizko bidegoenean,

legor bat —odol uts iñularrean—

Eguzki nondik sar atsedenean...)

 

Aingura bota dut Arratsaldean:

oña dut ezarri Udazkenean...

 

                * * *

 

Berriro igo nauzu ene mendira,

oroigarri zârrei maitez begira...

Andre Lurrak yaulki ditu igaliak;

zurbil dauka arpegia, itzal begiak.

 

Gurdibide bakan-ibil ertzetan

untza dago oraindik, nagi, loretan.

Or-emenka, lore zimel gañetan,

ingumak ari, gozo-miazketan...

Mitxeleta gorri, zarpil egoak:

maitatzeka atsotu diranetakoak.

Kemenak uts-eta nekez bainoa,

zalantza dut zârtu naizelakoa...

Udazkenak aulagotzen dit atsa,

orbelak ozenagotzen oin otsa,

aldapak larriagotzen biotza...

Lênetan ez bezin autsia natza.

 

                * * *

 

Arru bêra itzuli nago. Ixurkia

basoz ta garoz yantzia:

noizbait orlegi, gaur nabar basoa;

tarteka gorri garoa.

Beste gain erpin bat bazan agiri

lên eze: gaur burni meatz iduri.

Lurraren azala erdoitua da,

ala dut odola begietara?...

 

Aizea dabil, busti, setatia:

lurrari daragio ots negartia.

Larreko xomorro ozenen zantzurik

ez da iñon. Aspaldidanik

ixil zen olerkari yaun Kilkerra:

aixtian, alper eder den Txitxarra.

 

Ta zuek, nora, txoriok, saldoka

zoazte, iraduz urrundu bearka?

Adiskide Urretxindor il zaizute,

ta aren ilkizunetara

—egoak ikara—

berandu-beldurrak al zaramate?

 

                * * *

 

Oi, zein dan ituna

bêra-bear au!

Nik ez nai eguna

biurtzerik gau!

Giroen argia galtzerakoan

lên oiartzuna dut ozen gogoan.

Iru giro izanok, nik dei-ta atozte:

nork-zeren saria ekardazute:

batak itxaro, besteak berbizte;

irugarrenak bizitza-indar bete.

Oro bear zaitute ene biotzak,

Lên-min baidamada neurtitz zârren otsak

(Negu)

Ikus bezat, Yauna, bein ta berriro,

otalore eziñegona...

(Udaberri)

Bekusat sagasti gazte elurgiro,

udalên sortoge dana.

Ikus bitzat arako irusta sallak

eskuan ditutela ardo txanbillak.

Entzun bezat iñoizko olerkaria,

zelaiean baitzun lur-yauregia...

(Uda)

Yainko-muñogañetara baño lên,

(ederra baita bizia!)

urrezko itsaso bebilt urduria,

Itzal dudala laguntzalle lerden.

 

                * * *

(Udazken)

Ta udazken atsarreko goiz batean

esnatu nadi Yainkozko Betean!

 

w 1930 

Musika: Xabier Lete (1974) 

Antton Valverde (1986) 

 

© Xabier Lizardi

 


www.susa-literatura.eus