Oroimena

Oroimena histu ezin den larrosa da

ber usaina eta ber arantzak

haren itzalean dautza gorderik

iraganeko karkaila ta besarka guztiak

haren magalean bildurik

hordimenduzko gauetan

itzuritako mosu ta laztan sinple haik

oroimena jagole portitz bat baita

misterioaren

bozkario joandakoen serrailak

menean dituena, behialako dosta amoltsuak

adin floriak ihes egitera uzten ez dituena

oroimena heriotzaren haurridea da

haren infrentzu molde bat

edota, bakardadeak iratzarri

gabezia zenbaitekin luzaz dostatu

eta gero, akiturik

poema baten malenkonian ixilik lo datzan

sein ahul

sein triste bat.

 

w1987

  

© Luis Berrizbeitia

 


www.susa-literatura.eus