—4—

 

Zalu, plantako, aztalgaitz, hor ikusiko dituzu goizeko zortzietarik goiti Saint Esprit-en barna lasterka, mando hats neguan eta izerdi lapatan udaz, Aviron Baionnais-eko arraunlariak iduri, bakarka, hirunaka, multzoka. Espaloitik baldin bazoaz ez duzu mendrenik ere desbideratu beharko bide ematearren, beraiek eginen dute makadamera zuk albora gabe, jende gurbila duzu eta zure zaintzeko daude, lanera lasai joan ahal izan zaitezen arriskatzen dute bizia futinlari hauek Baionako karriketan bezala munduko bazterretan: kamisetan daramaten ikurra ikusteko astirik ez baldin baduzu eduki, jakin ezazu Bertrand de Turckheim koronelaren mutilak direla, itsas-infanteriako paraxutisten lehen erregimanta, «indar kalkulatu bat bortizkeria itsuaren kontra» beren buruzagiaren hitzetan, Bosnian, Gabonen eta Boli Kostan erakutsi duten moduan. Ez gaitezen ankerrak izan, zertan galdetu kuxidade frantsesaren erraztatzaile hauei zenbat beltz kalitu behar izan duten itsuari begiak zabalarazteko? Hain osasuntsu ikusten ditugun mutil hauetarik batzuek uranio ahulduaren tatuaia daramakete nonbait, Kosovon ere egonak dira, Baionakoa ez baituzu nola-halako erregimanta, konpainia berezituak dauzka: urpeko infiltraziorako, oihan ekuatorialerako, basamorturako. Bada laugarren konpainia bat, hara, mendian eta sabotaian aditua. Buruzagi trebea dagokio eliteko tropa honi, on da La Semaine du Pays Basque-k galdeketa labur bat egin diezaion maiatz eder honetan. Badakizu, maiatza ez da bakarrik komunioen garaia, Frantziako armadaren hila ere bada, desfilatzeko karrika luzea du maiatza.

        «Borroka antiterroristaz arduratu nintzen hona heldu baino lehen, leherkarien identifikazioan zehazki».

        Eta honen froga, gisala harro den misio bat dio aipatzen De Turckheim koronelak Valérie Josa-ri:

        «Libiarrek Teneren lehertarazi zuten DC-10-aren ikerketan hartu nuen esku».

 

 

Halako sarraskiaren kausaz ez bada ere, basamortua eta hegazkina bat eginak geneuzkan aspalditik gure irudimenean Antoine de Saint-Exupery-ren obra ezagunenari esker. Matxura bat ukan du eta Sahararen erdian hartu behar izan du lur. Gero ahots bat entzun du, bildots bat marraz diezaiola eskatzen diona. Oroitzen? Printze Txipia, Saharako basamortuaren erdian ageri zaiona, Saint-Exuperytarra balitz baino zuriagoko intxixu bat da, idazleak berak eginiko marrazkiek salatzen dutenez. Norena da Sahara? Nor bizi da bertan? Inorena ote da, egiazki, Sahara? Idazle batzuek ezin dute alteralitatea —barka psikoanalisten berbajea, baina pertinentea zaidan kontzeptua duzue— bere betetasunean konprenitu. Hurkoak, gure-kideak, ezin du sahararra izan. Zuk ezin duzu ni ez bezalakoa izan. Ni bezalakoa ez dena ez da zu bat izatera iristen. Ez da humano. Intxixua beste planeta batekoa dela esanen didazue. Hala da, baina zuri izaten jarraitzen du. Badu nobela bat Xabier Gereñok, Afrika Beltzean izenekoa. Al Dakarrun agitzen da, eta protagonista nagusi guztiak zuriak dira. Euskal idazle batek, definizioz, gogor egiten omen dio euskaldunon aitzakian egin den literatura kolonialari, estereotipoari, faltsuari. Bertakotasunaren kontzeptu ez folkloriko bat eduki behar luke behintzat. Zergatik dira zuriak protagonista guztiak Dakarren? Begiramenez, ezagutzen ez duguna ahotan hartuta oker mintza ez gaitezen? Edo europar batentzat alteralitatea ezinezkoa delako beltzez, espainiar edo frantziar batentzat euskalduna edo bretoia edo korsikarra izatea ezinezkoa den moduan? «Idazle batzuek» idatzi dut, idazle batzuek ez dutela bestea bestelako konprenitzen ahal, badaudelako salbuespenak: Rica persiar gaztea Parisen barrena dabil, XVIII. mendean gaude, eta ez du uste, noski, bera hain bitxia eta berezia denik, «besteak bezalako» gizona dela uste du, berak «besteak bezalako», alegia «persiarrak bezain humano» ikusten baititu paristarrak. Baina kunplimenduzkoak egitean jakiten dutelarik persiarra dela, honela hasten zaizkio paristarrak:

        «Hara! Persiarra zaitugu orduan? Horixe gauza harrigarria! Nolaz izan liteke (inor) persiarra?».

 

 

Tenere basamortua Txad-en iparraldean dago, eta 1989ko irailaren 19an, Txadeko hiriburu N'Djamena-n eskala zuela Brazzaville-Paris hegaldia egiten zuen UTA konpainiako UT-772 hegazkinaren hondarrak barreiatu ziren bertan, 170 hildako eragin zituen bonba bat zeraman itxuraz Silhouette 200 edo 2000 motako Samsonite batean ontziak. Hondakin horiek ikertuko zituen zehazkiro noski gure Baionako koronelak, zapartatzea libiarren afera izan zela esan ahal izateko. Nolanahi den dela, Claude Calistri komisariak 1991n eginiko azterketaren arabera —De Turckheim bezain frantsesa, Calistri Poliziaren Laborategi Zientifiko buruzagia da eta munduko jakintsuenetarik famatzen dute leherkarietan adituek— FBIk aurkezturiko txostena ahula da zientziaz: Muamar El Kadhafi yankien piztia hil beharra zela oraino, beste frogarik ez. Tenereko leherketaren egileak libiarrak zirelakoa, FBIk antolatu baitzuen, ez dakigu zehatz De Turckheimen laguntzaz ala gabetarik. Frantziari ere ez zitzaion komeni, antza, benetako lehertzaileak nor ziren jakin zedin. Eta Bruguière epaile bereziak armiarmen zokora kondenatu zuen Calistriren dosierra. Survie deitu erakunde independenteko lehendakariak, François-Xavier Verschave-k, Frantziak Afrikan daraman politika neoinperialistaren barruan kokatzen du atentatua, garai hartan Kongo-Brazzaville-n gertatzen ari ziren interes-gatazken ondorio zuzen. Libération egunkariko Afrikarako aditua den Pierre Péan-ek urtez urte luzatu duen inkestaren emaitza argitaratu du berriki, dozenan hamahiru xehetasun emanez Parisen eta Teheranen arteko gerla sekretuaren argitzeko. Kongoko aztarrenari jarraiki, Hezbollah-ren konexioa kausitu zuen: irandarrak lanean, persiarrak, izatea ere haizu duen segur ez dakigun jendaila hori zegoen Samsonitearen fakturatzean. Atentatuaren xedea, Libanon bahitu herritar frantsesen askatzeko egin ziren hitzarmen isilak Parisek bete ez izana zigortzea... Prentsa kanpaina luze, eztabaida ageri gogor eta alferrikako salaketa ez gutiren ondoan, Baionako liburu dendetan ongi agerian daude, Stock eta Plon bezalako editorial seriosek eskainiak, neokolonialismoaren hari gordeak: La Françafrique, Noir silence, Manipulations africaines... Neke dut sinesten armada frantseseko koronel batek ez duela irakurtzen. Errazagoa zait ematea Frantziako armadako buruzagi zintzo batek badituela estatu-arrazoiak esaten duena esateko, hots, antiterrorismoa egiten jarraitzeko astekari regional bati egiten dizkion azalpenetan.

        «Zer deritzozu azkenaldion Aussaresses jeneralak egin deklarazioei buruz?».

        Bekainak zimurtu gabe hartu du. Irriñoren bat ausaz? Hasperen egin duela suposatzen dut.

        «Aussaresses jenerala pertsona adindua da...».

        Oraintxe irriñoa, beharbada, ondoko histura profesionala markatzeko:

        «Hala ere, laido zaio Armadari, halakoak esatea».

        Bertrand de Turckheimek nahiago zukeen Aljeriako gerlan egin ziren torturak aipatu izan ez balira. Borrokari antiterrorista ona da, ez zaio laido tortura bera. Badaki terrorismoaren zanpaketak lan zikina dakarrela, eta bertsio ofizialari zor zaiola militarra. Berak ez du froga zientifikorik behar Tenereko suntsimendua libiarrek eragin zutela jakiteko. Eta nik behintzat ez nuke ozenki esanen printzipio moralik ez daukanik. Ezin duela ez izanez izan, besterik ez. Eta izan, gerlako tresna biziduna da. Fanon-en testuetarik sortua ematen du.

 

 

Maiatz eder honetan berrargitaratua da Éditions du Seuil-en Nola izan liteke (inor) bretoia? ere, Morvan Lebesque-ren lan nagusia. Bosgarren kapituluan bretoien kolonizatzeaz dihardu, eta Maliko lagun baten adibidea dakar erakusgarri. Maliarrak bretoitu egin nahi izan zuen, hizkuntza ikasten hasi zen eta abesbatza batean hartu zuten kantari... turisten eta bretoieraren etsaien eskandalarako. Ohartxo honetan biltzen du Lebesquek kolonizazioaren funtsa: estatista frantsesek onar dezaketen molde bakarrean kolonizatu dute bretoia, soineko pintoreskoa duen norbait bezala. Eta, bistan da, jantzi bretoietan sartuta gabota dantzatzen duen beltz bat irrigarria da. Irrigarri, bretoia bera irudi murritz eta umetu batean izan delako sailkatua. Maliarra dantzan ez baina bretoieraz ikusiko bagenu literatura zeltaz edo surrealismoaz eleka, ez litzateke irrigarri gertatuko, ghettotik unibertsalera egina lukeelako jauzi. Eta nik ulertzen dut denok egin behar genukeela noizbait beltz, gure euskaltasuna modu duinean biziko baldin badugu. Baina bai, badakit, Printze Txipiaren arrunt irakurketa motza egin dut. Saint-Exuperyk huraxe idazten zuelarik zibilizazioa zabaltzen ari zen, posta azkartzen, egungo sorospena bermatzen, adibidez, heren munduko katastrofeetara arin batean eraman ahal izateko iraungitako botikak. Horregatik kokatzen du egileak matxura basamortuan, hegazkinez noranahi hel gintezkeela adierazteko, hain zuzen, garraioen arintzez basamorturik ez dagoelako, ez bada Baionako paraxutisten konpainia bereziak kilometro kuadro batzuk har ditzan petrolioaren bakean ustiatzeko. Bon, dena da sinbolikoa Printze Txipiarenean, ez nuke horrela irakurri behar, heren-mundutiarrarena jotzen ari naiz. Balia ditzadan ene maisu marxistak: ez beltza delako, Robinson Crusoek fusila duelako baizik da Ostirala morroi. Ez naiz batere segur ordea. Abadia jaunak, gure lore-jokoak sortu zituen ongile handiak dioenez, beltzak berezkoa du zuriaganako miresmena. De facto, Afrikan armarik gabe bidaiatzea gomendatzen zuen, «afrikarrak traizioz egiten baitu borroka». Eta Euskal Herriak bibaka hartzen zuen euskal irlandarrak, teleskopioari atxikia egotez aspertutakoan, bere memoriak idazteari ekiten zion: «Milaka holandar bakan batzuek agintzen dute milioika indigenen gainean, eta hala ere lan handirik gabe agintzen zaie, praktikoki erakutsiz zuzentasuna eta jokamolde jatorra berezkoak zaizkiola holandartasunari». Eta horrela, zuria gizaki jasoagoa delakoa ideia afrikarra izatera heldu zen. Ostiralak berak emanen ziokeen fusila Robinson Crusoeri. Beltz gizajoak bere buruaren kontra babestu behar baitu bere burua. Horregatik zapaltzen dituzte zalu plantako aztalgaitz Baionako paraxutistek egunero, Itxaro Bordak dioen legez, gure karriketako maiatz ederrak.

 

 

Maiatzak 8 Urten, edo Lehuntzan, edo Maulen, edo...

 

Reveil Urtois abesbatzaren laguntza ukan dute Urten bildu diren haur eta gurasoek Chant des Partisans airoski xaramelatzeko. Eskolako zuzendaria buru dutela, eta auzapeza laguntzaile, lore eskaintza bat egin dute eskolako umeek hildakoen monumentuan, Bigarren Mundu Gerraren akabantzaren 56. urteurrenaren karietarat. Bertan zen konbatant ohien ardura duen estatu idazkaria, ez mutu hala ere: «Bi egiteko dauzkagu, memoriaren gordetzea eta inoiz ez ahanztea zer den Frantzia».

 

 

Maiatzak 9, Baionan

 

Bezperan pizturiko suhar abertzalea profitatuz, Bertrand De Turckheim koronelak kasernan hartu ditu kazetariak, ikastetxeetako arduradunak eta akademietako inspektorea. Izan ere, armadak gazteak bahitzen ez dituenetik militarrek areagotu egin behar izan dituzte harreman publikoak. «Frantziako armadak hainbat lan humanitario egiten ditu munduan, eta gero gizarte zibilean hagitz estimatuak diren kualifikazio handiko teknikariak sortzen ditu...».

 

 

Maiatzak 10, Pasaian

 

Bi polizoi ekarri ditu gaur goizean lehorreratu den ontzi panamarrak, bata liberiarra da eta bestea Sierra Leonakoa. Poliziak atxilotu egin ditu, eta epaitegira eraman. Epaileak esan duenez, ez die ikusi asiloa emateko adinako arrazoi. Ontzira ekarri dituzte ostera afrikar biak. Urtarriletik hona hogeita hiru dira portu honetan asiloa eskatu duten Saharaz haraindiko polizioak.

 

 

Maiatzak 11, Bilbon

 

Mukuru betea den La Casilla kiroldegian amaitu du EAJ-EA koalizio abertzaleak hain garrantzitsuak diren 13ko hauteskundetarako kanpaina, eta ezin sarturik gelditu diren ehunka lagunek kanpotik jarraitu behar izan dute mitina. Ibarretxe lehendakarigaiak aipatu du euskal gizarteak berak izan behar duela bere etorkizuna erabaki behar duena. Hainbat herritako kideak azaldu dira ekitaldian hautagaitza honen aldeko, bada beltz bat ere. Bubi etniakoa omen, neska gazte bat. Ibarretxek barre egiten du, bozkariotan, beltza besarkatzean. Ikusleek suharrago txalotzen dute, minenean hunkiturik. Gu ez gara arrazistak. Neskak behakoa han nonbait galdua du.

 

 

Maiatzak 12, Baigorrin

 

Pierre Bidart bere herrira etorria da. Antropologoa, Metz-eko eta Bordeleko unibertsitateetan irakaslea, Pierre Bidartek badu, nola ez, lan parrasta bat eginik Euskal Herriari buruz, gutiz gehienak, nola ez, frantsesek iturri garbitik ukan dezatentzat euskaldunon berri. Kapitulu hau idazten ari naizen maiatz zoragarri honetan bertan publikatua du bere azken obra, La singularité basque, PUF argitaletxe ospetsuan. Beste jakingarri anitzen artean, «Eskuaraz bizi» eslogana hartzen du aztergai, eta behialako «euskaldun fededun» hari bezain fundamentalista deritzo, hizkuntzaren absolutizazioa baitu suposatzen. Eskualduntasunaren idealaren errepresentazio hau a-historikoa omen da, ignoratzen dituelako hizkuntza baten estatusa esplikatzen duten kontestu politiko-kulturalak, eta halaber egunerokotasunak eskatzen dituen egokitze linguistikoak. Hizkuntza totalitarioa da hor euskara (obraren 31-32 orrialdeak ikuskatzen ahal ditu sinesgogorrak). Eskualduntasunaren eta eskuararen arteko berezko batasunak (nola itzuli behar ote nuke consubstantialité berbakondoa?) ukatu egiten ditu usaiak, eta eskuararen lehentasuna ezartzen du beste hizkuntzen gainetik. Zeren eta postulatu horrek, «Eskuaraz bizi» horrek alegia, ez baitu Modernitateari buruzko diskurtsorik (larria egilearena da), afektibotasuna aldarrikatzen du bereziki. Maiatzaren hamabian, beraz, bazen jenderik Baigorriko herriko etxean. Han zen Pierre Bidart ere. Erraiteko maneran, Pierre Bidarti txalo egiteko zen bildua jendea.

        «Ezagutza duzun gizona zara, eta gizon engaiatua».

        Ez zuen gezurrik esan André Viau prefetak. Ondoren, kolonialismoaren historian hainbat aldiz gertatu den moduan, estatuak antropologoa sariztatu zuen: Legion d'Honneur ikurra ezarri zion prefetak paparrean Bankako seme prestuari. Kondekoratuak, nola ez, aita hartu zuen ahotan: presuner eduki zuten goialde hartan, Alemanian. Gure singulartasunaren antropologoak ez du Manex Erdozaintziren poesia ezagutzen.

 

 

Bidart eskualdun zintzoak —bat bederen!— eskuararen totalitarismoaz sakon gogoetatzen zuen artean, belgikar ergel batek —zeinen ergelak diren belgikarrak!— Colette Braeckman-ek, galdera hau egiten zion iritzi publiko frantsesari: «Onartu behar ote dugu, zinez, frankofoniaren defentsak nazien mailako erregimen baten babestera behartzea?». Belgikarra izanagatik Braeckman ez da frantsesaren aurkako flandriarra, Le Soir egunkariko kazetaria dugu. Baina Frantziak Rwandan egin balentriez mintzo zen, eta jakina da Europako parametroek ez dutela balio Afrikan, bazoazke lasai zeure autoa Elf gasolindegian asetzera. Eta ponpatzen duzularik, ekar itzazu akordura zure lehen afrikailak: zigiluren bat, kromoetako lehoiak, zure seme-alabek autoan ikuskatzen ari diren —orain euskaraz!— Tintin horixe...

        Hergé marrazkilari miretsiak berak esana du 1930 hartan Belgikak Afrikaz zeukan espiritu paternalistan eginikoa dela Tintin Kongon. Beltzak gizaki nagiak zirelakoa, zurien agindupean baino ez zutelakoa lan egiten... ez omen zekien besterik Belgikaren lurralde urrun hartaz. Bere burua zuritzen du garaiko egoeran, anonimo balitz bezala jokatu nahi du sortzaileak, kolabo bat ematen du, egia da, baina sinesgarria zait. Sobera bakanak dira Montesquieu-renak bezalako ironiak paristarrok alteralitatearen gainean daukagun kontzeptuaz, eta Montesquieu, zer duda egin, hobeki dago klasikoen apal ahantzian. Jakinaren azpiko kolonizatzailea zen Hergé, beraz, Tintin Kongora igorri zuelarik. Balentria gogoangarri ugari egiten ditu bertan mutikoak, har dezagun bat: klasea ematen ari da beltzez inguraturik, arbela baitauka gibelean eta kongotar multzo bat aitzinean, pupitreetan zintzo eta erne jesarriak.

        «Lagun maiteok, egun zuen aberriaz mintzatuko natzaizue: Belgikaz».

        Eta halakoak irakurrita, batek sinesten ahal du zinezko antikolonialista dela egilea, hain nabarmenak direnez bere obra horretan protagonistak hartzen dituen gizateriaren kontrako jarrerak. Nabarmena nabarmenagotuz salaketara heltzen da, Montesquieuren ironia bera dugu. Ez da hori, zoritxarrez, guk sudurpean eduki genuen eta orain gure seme-alabek —euskaraz!— daukaten Tintin Kongon. Guk bertsio hobetua ezagutuko genuen. Bigarren Mundu gerrak ondu egin zuen belgikarra, koloniek ausarki isuri baitzuten odola —hainbat kongotar borrokatu ziren tiroketari senegaldarretan— metropoliaren alde eta nazismoari aurre eginez. Tintinek leundu egin behar izan zuen bere diskurtsoa, humanizatu egin zen, eta ondorioz, humanizatu egin zuen bere pertsonaia ere:

        «Hasteko, nahi baldin baduzue, batuketa batzuk eginen ditugu. Nork esanen lidake zenbat diren bi gehi bi!... Inork ez?... Tira, bi gehi bi... Bi gehi bi berdin...».

        Afrikako beltzari bere aberria Belgika dela esaten diogunean, absurduaren munduan mugitzen gara («Vos ancêtres les gaulois»), baina matematika erakusten baldin badiegu, nork esanen digu ez garela ari obra on bat egiten? Carothers psikoanalistaren tesia zen —XX. mendearen erdialdean— afrikar normala europar lobotomizatua zela. Mendebaldeko zibilizazioak atera behar zuen kontinente beltza primitibismotik. Halakoa zen bere zeregin historikoa. Afrikarrak hezten jarraitzen du Tintinek bertsio berrian ere. Baina inork ez du erantzuten, bi gehi bi ezin dute lau izan, autoritatea ukatzen dute kongotarrek beren mututasunaz. Uko bat da mukertze hori, ongi ulertua du Milu zakurrak, gauza bera komentatzen baitio Tintini 1930ean eta 1946an:

        «Tintin, atzeko bi haiek hizketan ari dira!».

        Erran nahi baita, tratua egiten Hezbollah-koekin. Ze lobotomizatuek badakite orain nor den zirujaua. Tintinek irakasle jarraitzen du, berak darabil makila, eszenako leku berean daude 1930koak eta 1946koak, europarra da ostera diskurtsoaren jabe... eta makilaren! Beltzak kontzientzia hartu du ordea, sutara jaurti du bretoi jantzia, Robinsonen fusila eskuratu behar du, euskaraz bizi nahi du, uko egin dio antropologoaren aitzinean dantzatzeari: tu egiten dio Abdulaye Ndiaye guztien memoriari. Hergék, humanista zintzoaren gisan, fumetiak aldatu zizkion marrazki zaharrari, afrikarrek marrazki berria egin nahi dute. Horregatik ez da entzuten ahal Tintinen gelako beltzen solasa, ezin baita konprenitu ere egin. Gero, harmattan zakarra bihurtzen delarik, terrorismoa da. Orduan Judasek izen berria hartu behar du. Motubu, kasurako, Tintin bera baino zuriagoko beltza.

        — Horixe egiten zian hark Rwandan, beltzak zuritu!

        Ez nuke horrela hitz egin behar herritar batengatik, are gutxiago tutsi gaixtaginek —ala hutu odolgiroek? Ez dakigu, dena da beltza Afrikan— hil duten herritar batengatik. Horixe adierazi nahi dit lagunaren behakoak.

        — Gizon ona zuan.

        Ezin diot komentatu Elizaren zereginaz Afrikaren menpekotza sekulakotzeko estrategian, ezker abertzaleko zinegotziari? Ezin dut jadanik misionista katolikoen erantzukizuna aipa Hutu Power erakunde naziaren sorreran, marxismoa elkarrekin ikasi genuenon arteko pergario batean? Lavigerie kardinalak —baionarra bera— sorturiko aita zurietarik baten ahotik ikasi nuen «beltzak zuritzea» esamoldea, horixe egiten ari zela Mauritanian esan zidan. Eta barre egin zuen goierriar trauskil hark, ni bezain haragizkoa zela uler nezan.

        — Beltzak zuritzen ari zela diodanean, sumisioaren oinarriak ezartzeko zegoela esan nahi diat. Jendea lobotomizatzeko.

        Eta hau esandakoan Ibarretxek besarkatu zuen neska bubiaren behako galdua daukat gogoan, menturaz ez zuten behar beste zuritu. Bubiak, non daude? Ez dute naziorik? Posible da beltza ulertzea etniara ekarri gabe?

        — Erizaina zuan.

        Ezin dut hizketan jarraitu, laster entzun beharko dut Medicus Mundi-ren laudorioa. Segregazioa ez dago bakarrik egiteetan, buruetan ere badago, beltzari egozten diogun rolean. Kolonialismoak amarru asko ditu, eta ez da nahikoa ezkerrekoa izatea mentalitate koloniala gainditzeko.

        — Eta lepoa eginen nikek gain-esplotazioaren aurka zegoela.

        Errukirik gabe jotzen gintuen pralle hark misioetara zihoala aitortu zigun ezustean, kurtsoaren erdia zen. Oroit daukat nolako santutasunean bildua ikusi genuen orduan, barkamena eskatzen zigun bekatari handia omen zelako. Afrika, merezia zeukan infernua zen? Perdonantzak irabazteko nekategia? Frustrazioak ahantzi ahal izateko urruntasuna da Afrika? Gu onak izan gintezkeen asmazio bat?

        — Gogorra haiz gero.

        Ez, europar burges-koxkor bat naiz, eta neure gain hartu behar dut, nolabait, gure zibilizazioaren barbarie osoa. Jaspers interpretatzen dut, eta nago euskaldun izateak ez nauela desenkusatzen, ni ere alemana naiz eta erruduntasunaren kontzientzia daukat, ez dut Elf-enetan ponpatzen ahal, ezin naiz laketu Tintinen ibilietan, bera da Lumumbaren erahilea. Hilik nahi ditut jotzen gintuen prallea eta nire herriko misiolari jatorra, Arestiren antzerki hartan bezala hilak, Ndongomanguila-ko misio-etxean beren bizitza tristeak elkarri kontatzen ari zirela beltz matxinatuek tirokatuta. Hilik nahi ditut, Euskadiko Kutxaren publizitatean Visa Euskalduna erakutsiz jantzi etnikoan ageri ziren —tutsi? hutu? bubi!— haiek berek hilak, euskaltasuna modu duinean bizi nahirik euskalduna den ororen suntsitu behar amorratuan hilak. Bai, eta beltzak bihur daitezela ostera «alderrai moralak». Gogorra ote naiz uste dudalako Belokeko komentuak Frantziaren interesak sostengatu dituela Beninen, Zañanado-ko etxearen bitartez? Gogorra dea esatea Xabier Iratzeder neurokirurgia egiten ibilia dela han? Ez dut jada baieztatzen ahal misiolariek ezartzen duten zibilizazio forma hori pirateria eta kolonialismoa estaltzeko dela? Zendako zuen hain begiko Xipri Arbelbidek baulé-en kultura? Yamusukro-ko basilika nork finantziatu zuen ez jakiteko? Gure maiatzaren karrika ederrak zapaltzen dituzten paraxutisten erregimantak Boli Kostan zer egiten zuen ez ikusteko? Miseriaren eztitzeko dauden misiolariak, futitu egiten dira ekonomiaz? Nagon isilik. Iratzeder mistiko handia da, nihaurk idatzia dut. Arjelian egin trabailuen lekuko atzarria izan da Arbelbide, idatzi du ederrik. Nagon isilik, Al Dakarruko portuan kokatu dudan Iñaki hori bezalakoxe erizaina baitzen —hutuek? tutsiek? tubabek!— kalitu duten ene herriko misiolaria. Ongile bat. Eta ezin dut Tintinekin alderatu, Iñaki guztiek, prefosta, wolofez suahiliz banbaraz irakasten baitute matematika. Laga diezaiodan heren-mundutarkeria merkea egiteari, onar dezadan karitatea:

 

 

«Senegal, 1974-II-20                 San Gabriel eta

                                              Santa Gema parrokia

Stella Maris                             Irun

Dakar                                   España

 

        Aita Mateo maitea.

        Bakea eta osasuna Kristoren fedean.

        Zer moduz hestegorriko infekzioa? Ez zaitut pattal begitantzen, lanean ariko zara zu orain ere, sendagileen aholkuei jaramon egin barik. Zaindu zaitez, nolanahi ere.

        Telefonoz gaztigatu nizun bezala, gutun honen eramailea da Xeik, mutil jatorra eta langile handia. Parisera joan nahi du eta badakit zuk besoak zabal hartuko duzula. Pasaportea berri-berria du, eta hemengo enbaxadak bi hilabeteko bisatua emana dio Espainiarako, berarekin doazen beste bi lagunei bezalaxe. Hirurak ere, kristau zintzoak dituzu.

        Ea uda parte horretan, portuko lanak apur bat arinago direla, txango bat egiteko aukera daukadan, besarkada hau estuago eman ahal izateko.

        Iñaki».

 

        Iñakiren zurien zerbitzurako dago beltzetan, ez dut zilko-zuri eginen, Bermeoko arrantzaleen erizaina da eta ez dut uste asko ahalegintzen denik bere fedearen hedatzen, nekez hanpatuko du Elizak martirien zerrenda haren lepotik. Maite ditu senegaldarrak, gordin esaten die portuko zuzendaritzakoei arrantza tratuak hobetzen ez badituzte laster ahitu behar dutela beren uretako ondasuna. «Bermeotarrak izugarriak dira!», atunetara noratzen du atzamarra, «Arrainik gabe utzia dute honainoko kosta guztia!». Ez dakit zergatik dagoen Iñaki Al Dakarrun, ito egiten zelako Bilbon, edo sotana kakoan ez uzteko azken saio bat egin nahi izan duelako, edo arazoren bat ukan duelako poliziarekin etxeko giltza gazte bati utzita. Gisako portatu da Iñaki, gisako eta maltzur: gaztelaniaz idatzitako gutun horixe zuten Xeikek Maktarrek Toyotak beren biziaren berme onena, erakunde boteretsu baten babespean zeudelako agiria. Tiburoietara jaurti behar zituztela etsita, eskua dardara batean zeukala luzatu zion papera Xeikek miliziano zaharrari, bigarrenez azaldu zitzaienean, zekarkien jatekoa ikusteko ere gauza ez zirela. «Kaikua, orain hautsi eginen dik!» egin zion ahapetik Toyotak. Oso astiro irakurri zuen marinel hordiak papera, besoak luzatuz. Txukun tolesturik itzuli zien papera, «Apaizak zaudek negozio honen zuztarrean!» marmarikatzen zuela bere kolkorako. Eta hurrengo egunean ohartu zen froga hura behar zuela antolamendua salatzeko, baina herabe zen gizajo haiei galdatzen.

 

Argitaratze data: 2001-06-27

 

© Koldo Izagirre

www.susa-literatura.eus