—3—

 

"Hik uste duk estugunea pasata Europan hagoela?" Iñakik bihotz itxurako mapa bat zeukan gelan, bere herrikoa, afrikarrak baino tribu ugariagotan baitaude banatuak europarrak, eta behin biribil bat egin zidan Europako handiago batean, Frantzia eta Espainiaren artean, goiko itsasaldera, han omen zegoen bere herria, hangoa omen zen bihotz itxurako hura. Berdeago ageri ziren mendiak, handik Mediterraniorainokoak. "Ikusten duk hori? Hori Pirinioak dituk, eta hor hasten duk Europa, hortik beherakoa ez duk Europa!" Beti esan izan zidan Iñakik Espainia leku atzeratua zela, ez zuela lanik guretzat, Frantziaraino saiatu behar genukeela. Orduan hasi ginen Parisera joan behar genuela komentatzen, ez Toyotak amestutako auto lasterrengatik. Hala izanen da Espainia hori, baina nik galdetu nionean ura zeukatenentz etxean, herri batzuetan ez baina etxe gehienetan zeukatela ura, esan zidan. "Orduan hori ere Europa da!" erantzun nion, eta berak "Ganorabakori!" esanen zidan, ez naiz oroitzen, ez baitzuen onartzen haiengandik ezer, eta bermeotarrak ez ziren beste ontzi espainiar batzuk azaltzen hasi zirenean ere ez zituen hain gozo hartzen, ez zen garagardotan egoten txopako toldopean. Horregatik, Europara joan nahi nuela eta aspaldiko partez despedidako bisitan nentorrela esan nionean "Benetako Europara, noski?" irten zitzaion deblauki, algara egin genuen, "Nola hazi haizen! Eta gizendu ere egin haiz, argaltzera joan nahi duk Europara?" Ikasi egin nahi nuela esan nion, baxoa egina neukalako papera erakutsiz. "Nori erosi diok?" Halakoa da Iñaki hori. "Eta, badaukazu dirurik?" Zerbait banuela baina ez sobera ere, irri batean. Iñaki bizkorra izan da beti, "Hegazkinez joateko nahikoa ez, orduan?" Telefonoa hartu eta dei bat egin zuen. Bera ez da marabuta, katolikoen elizako maisua da, baina guk bezala egiten ditu agurrak, "Salaamaalekum!" Ez zuen inoren galde egin, "Iñaki naiz" esan zuen besterik gabe. Zain egon zen luze, eta gero espainieraz jardun zuen, nik ez ulertzeko izanen zela pentsatu nuen orduan. "Zatoz bihar Espainiako enbaxadara" esan zidan telefonoa eskegi zuenean.

        Lanak izan nituen Iñaki ezagutzeko espaloian gora ikusi nuenean, kapelurik gabe agertu zen eta bizarra ongi egina, bubu bezalako zuri bat zekarren soinean, gurutze bat paparrean. Ezagun zuen goi mailako tubaben batekin egon behar zuela. Lagunak ote nituen galdetu eta hirurok agurtu gintuen Iñakik, esku tinkatze bana egin zigun. Baina Maktar eta Toyota ere barrurantz zetozela ikusi zuelarik, haserretu egin zitzaidan, "Ganorabakori! Uste duk ni ministro bat naizela?" Ateko zaindariarekin egin zuen aurrena hitz, zaindariak telefonoz hots egin zuen. Sar gintezkeela agindu zigun, eta hirurok abiatu ginen eskaileretan gora Iñakiren atzetik elkarri ukondoka ematen geniolarik, inoiz egon naizen urduriena nengoen ni ere. Haserre zegoen Iñaki, baina hiruroi kendu zizkigun pasaporteak, eta itxaroteko agindu zigun lehen solairura iritsi ginenean. Isilik egon ginen haizegailu itzaliaren hegal zabalen azpian. Toyotak bateria jotzen zuen belaunetan. "Ez digute baimenik emanen!" esaten zuen aldizka Maktarrek, nardatu egin ninduten. Korridorearen kabuan leiho bat zegoen zabalik, bertara joanda lorategian ari ziren ihinztatzaileei beha gelditu nintzen ezertan ez pentsatzeko asmoz. Luze zihoan Iñakiren bisita, ez zen oso seinale txarra ere. Bakarrik etorri izan banintz errazagoa izanen zen Iñakirentzat. Menturaz lagunek ez zidatela hura sekulan eskertuko pentsatzera ere iritsi nintzen, eta une batez bururatu zitzaidan ez ote nituen lagunak ekarri neuk nahikoa kemen ez neukalako Europara bakarrik abiatu ahal izateko. Hegazkin bat pasa zen itsasorantz, Kanarietara edo Ameriketara. Lagunengana itzuli nintzelarik, Iñaki sartua zen atea zabaldu zuten. Gero Toyotak esan zidanez, irribarre egiten zuela eman omen zion eskua funtzionariak bere bulegotik irteteke. Atea itxi zen ostera, eta orduan Iñakik segitzeko berari egin zuen keinu besoarekin, eritegian "Tira, Xeik!" esaten zidanean bezala. Gure zain gelditu gabe eskaileretan behera abiatu zen, antxintxiketan amildu ginen hirurok ondotik. Urrats luzean zihoan Iñaki, gugandik ihes egin nahi balu moduan. Uste ez genuela, kafetegi batean sartu zen. Lau Gazelle eskatu zituen eta mahaira bildu gintuen. "Ba al duzue inor Parisen?" Ez genuen sinesten! Orro egin genuen hirurok, elkarri ahurra jotzen geniola. Edariak ekarri zizkigutenean "Nola dakizu zuk Parisera joan behar dugula?" galdetu zion Maktarrek, inozo. "Besterik ba al zeukan ba honek ahotan? Beti gauza bera galdetzen zien marinelei, Paris zenbaterainoko handia zen, beltz asko zegoen han...!" esan zion Iñakik, niri beha. "Orduan, badaukagu bisadoa?" Eta baietz egin zigun Iñakik buruarekin, "Baina ez Europaraino, Xeik." Maktar eta Toyota ikaratu egin ziren orduan, haiek ez zekiten zer ziren Pirinioak Iñakirentzat. Hurrengo astean eritegian azaltzekotan gelditu ginen, orduan emanen zizkigula behar genituen guztiak. Eta hala izan zen, ongi portatu zen Iñaki.

 

 

Zarataz betetako kurkubita da itsasontzia. Beti bigarrena sartuta ibiliko balitz bezalako aspergarria du motorra, eta azkenerako entzun ere ez duzu egiten, harmattan haizearen antza baitu, baina gero uhinen buztankadak dituzu, marinelen oihuak, mailukadak, giltza hotsak konportak irekitzean, burdina herdoilduaren intziriak... Uraren gainean dabilen autoen hilerria da itsasontzia. Bi egunen buruan dena dauka kontrolpean belarriak, hala antzematen dio pilotu on batek noiz doan autoa neke edo ezinda, motorrak ez ezik dinamoak eta gurpilek eta uhalek ateratzen duten soinuagatik. Horregatik esan nien lagunei "Bisita zaukaagu!", ohikoa ez zen zarata bat sumatu nuelako inguruan, burdinaren zakarkeria bat. Ezetz egin zidan Xeikek, dena behar bezala hitz egina zeukala, beldurrak nengoela oraindik eta egoteko lasai. Baina marinel bizardun hura azaldu zenean konportan mutu gelditu ginen denok, ez zuen hura espero Xeikek. Nik pentsatu nuen gu ikusita konporta ostera itxi eta kapitainari edo ofizialen bati gure berri ematera joanen zela, baina gu han geundela lehendik jakinen balu bezalako irria egin zigun, "Abdulayeren semea al da zuetakoren bat?" Ez dakit nola ez nintzen algaraka hasi han bertan. "Abdulaye, Dakarrekoa!" esaten zigun banan bana behatzen zigula, "Abdulaye, Europan ibilia!" Baina inor ez ginen Abdulayeren seme, eta egia esan genion. Esan ez, buruarekin ezezkoa egin, izututa geunden eta ez ginen gauza txintik ateratzeko. Asmakeriak zirela esaten zuen beti Maktarrek, baina orduan ohartu nintzen arrazoi zeukala Xeikek, zuriek keru itsusia dute, gaizki erretzen duen motore baten ihes-hodia zen marinel haren ahoa, nik atzeraka eragiten nion buruari, sudurra eskuaz ez tapatzeagatik bere aurrean. Gure ondoan jesarri zen, eta ukondoak belaunetan jarrita bere bizarrerako ariko balitz bezala hasi zitzaigun burua esku artean zuela, "Ez zaiteztela Frantziara joan, mutilak! Frantsesa jende gaiztoa duk, gerrara eramanen zaituztete beraiek joan ordez, gasak hartu beharko dituzue, zaurituko zaituztete, hilen zaituztete..." Arrautza frijituak ekarri zizkigun gero patata meta baten azpian, eta Coca-Cola hotzak, "Jan, Abdulaye, jan!" esaten zigun, "Jan ezak katua!" Burutik egina zegoen, eta Maktarrek komentatu zuen alkoholaren ondorio zela. Beste batzuetan "Hil eginen diat negrero ez beste hori!" esaten zigun ahapeka. Portuan sartu ginenean ez zitzaigun berriz azaldu. Ofizialari esatekotan egon nintzen goraintziak emateko gure partetik, baina isildu egin nintzen, gure lasterkan kontzentratu behar genuen. "Kajeran sartutakoan kolpe batzuk eman kabinakoari, kamioneta horrek aterako zaituzte kaitik!" Eta bakarrik utzi gintuen ontziaren karelean. Dena zegoen isil, inork ez zuen kurkubita inarrosten. Eta argi, sobera argi. Xeik izan zen lehena jaisten, baina aurrea hartu nion lehorrean, neu iritsi nintzen aurrena kamionetara. Maktarrek belauna hondatu zuen barrura jauzi egiterakoan. Kabinan jo nuen, eta inoiz piztu behar ez balu bezalako marranta egin zuen arrankekoak.

        Bartzelona handia da oso, Al Dakarru baino handiagoa, eta arrunt garbia. Gauez dena argipean daukate, bazterrak zeinen txukun dauden erakusteko. Orduan bai garela beltzok nabarmen! Hurbiltzen zaizkigu hemengo jendarmak, paperak eskatzen dizkigute, miatu egiten gaituzte. Ahoa zabaltzeko eskatu zidaten lehengo batean, Mamadurengana nindoala. Baina horretarako ere asmatua dago amarrua: lotzen duzu tearen zakutxoa haginean, eta irentsi egiten duzu. Uzten zaituztenean, baldea putzutik bezalaxe jasotzen duzu merkantzia. Nik ez dut nahi horretan sartu, nik Parisera iritsi nahi dut, horretan dabilen jendeak gero ezin du nolanahi utzi, hornitzaileak dizkie atxikiak pasaporteak. Nik nahikoa dut mozorroekin eta huskeria horiekin, oraindik bi hilabete gelditzen zaizkigu Espainian bizi ahal izateko, turista asko dabil beti kristauen meskitaren inguruan eta nik uste dut trenerako lain aterako dudala berandu baino lehen. Esku handia izan behar du Xeiken lagun apaiz horrek Al Dakarruko enbaxadan. Horrexek dauka kezkatua Mamadu, senegaldarrek lau eguneko egonaldia omen dute normalki baimendua Espainian, poliziak ote garen pentsatzen hasia zela esan zidan atzo, erdi mehatxuka. Eta nik oihartzun egin nion, "Herorri hintzela polizia nengoen sinetsia!" Urduritu egin nuela iruditu zitzaidan. Nik uste nuen zurien kontra jardun beharko nuela Europan, baina oraingoz afrikarrak ditugu etsai. Eta ni behintzat tubabekin lehiatzera heldu naiz hona, tubaben kontra borrokan egitera! Haiek zartailua dutela eskuan, eta guk atzaparrok baino ez daukagula. Pentsamendu hauetan nengoela murgilduta, zirko baten publizitatea egiten zuen furgoneta margotu bat pasa zen nire aurretik. Egia esan marabutaren ahalmenak baneuzka bezala sentitu nintzen orduantxe, nire pentsamenduaren indarrak ekarria izan balitz bezala, eta ez Wolkswagen motorrak. Orri batzuk jaurti zituzten, eta hartu egin nuen. Ez nuen arratsaldea arte itxoin, nire puskak bildu eta metrorantz abiatu nintzen. Orduan Mamadu heldu zitzaidan, larri. "Nora hoa?" Egiteko bat neukala esan nion. "Kontuz non saltzen duan, poliziak harrapatzen bahau...!" Dena ebatsia nuela esanen niela. Ez zidan sinetsi, zorrotz behatu zidan. Nik ere ez dut maite Mamadu, tubaben eremuan sartu gabe bizi da afrikarrak kontrolatzen. Ez daukagu saltzeko baimenik, horregatik dabil Mamadu bere taldearekin kale kantoietan, polizia ikusi orduko ziztu egiten digu saltegia bilduta alde egin dezagun. Berak alokatzen ditu etxebizitzak, eta berak ekartzen digu materiala bere auto zaharrean. Ez da gutaz fidatzen, horregatik ekartzen ditu salgaiak berak, guk jakin ez dezagun non dagoen gordegia. "Lasaia, anaia!" esan nion, metroko eskaileretan behera hartu nuen. Ukitu gabe egin nuen jauzi langa gainetik, eta ateak ixten ari zela hartu ahal izan nuen. Begiratu nuen linean, bi transbordo egin behar nituen. "Ezusteko polit bat eman behar diet!" pentsatzen nuen neure artean, "Ez dezala pentsa Xeikek berak bakarrik dakiela tratua egiten tubabekin!" Ezetz esan zidaten ordea, bazutela nahikoa laguntzaile eta garbitzaile. "Ezagutzen duzu Niokolo Koba parkea? Han ibilia naiz, piztia guztien azturak dakizkit!" Emakumezko hankaluze bat azaldu zen galtza motzetan, trapezista izan behar zuen. Hari egin nion hitz, barre egin baitzidan zer nahi nuen galdetu zienean. "Frantziara pasa nahi dugu hiru lagunek, baina ez dugu laneko kontraturik. Zuk kontratatzen baldin bagaituzu, ordainduko dizugu. Parisera joan nahi dugu. Paper guztiak zuzen dauzkat, beha ezazu!" baina ez zidan ateratzeko betarik eman, "Gu Portugalera goaz datorren astean!" Kafe bat hartu nahi nuen galdetu zidan, roulotte batera jo genuen. Han poltsan nekarren guztia erakusteko agindu zidan. "Supiztekorik eta katanarrurik eta betaurrekorik ez, baina jirafak eta elefanteak bai!" Eta halaxe nago hemen geroztik, munduko lehen pailazo beltza umeei globoak eman eta gurasoei Afrikako piztien egurtxoak saltzen, Continental Cirque-ren sarreran. Xeik haserre daukat, zirkoan horrela egonda aberetu egin naizela esaten dit gauero, kaiolako tigreak baino gatibuago naizela. Berak gure afrikartasuna ukatuko ez balu bezala!

 

 

Toyotak mesprezatu egiten du, baina aitortu beharra dago Xeik hori izugarria dela, baduela talentua ez ezik kopeta ere. Nik ez dakit lortuko duen europarrak tronpatzea, baina ez da izanen europarrak bera baino askoz bizkorragoak direlako. Ikusiko dugu nola moldatzen garen Paris jotakoan, baina Xeikekin nabileino ez naiz galduko. Noski, guk baino hobeto ezagutzen ditu tubabak, umetan luze ibili zen portuan beraien mandatuak egiten, badaki nola tratatu behar diren. Eta ez da lotsa inon azaltzeko. Itsasontzietako marinelei ikasiko zizkien orain hemen erabiltzen dituen berba horiek. Gehienetan orri-kartera bat hartzen du besapean, larruzkoa. Auskalo nondik lortu duen hori ere, ez ahal zuen dirua horretan gastatuko! Beste batzuetan krabata janzten du. "Garrantzitsuena beltza izatea da!" esaten digu, beltz amerikarra izan nahi duelako gorrota ez dezagun. Baina lanerako beti krabata eta alkandora zuria, "Gure belztasuna nabarmentzeko, ez dezatela pentsa ezkutatu egin nahi dugunik ezer!" Txiklea hagin artean duela, ingelesez egiten die dendariei aurrena. Ez dakite, "Ez dut aditzen!" esaten diote, ez baikara sartzen "English spoken" ipinia dutenetan, ezta sobera dotoreetan ere, horiek bestelako tratubideak dauzkate. Doinu bitxi bat hartzen du orduan frantsesez, ea badakiten galdetzeko. "Apur bat!" erantzuten dute gutiz gehienak, eta orduan eskua luzatzen die, bere burua "John Clay" izenaz aurkezten diela, eta oso jukutria ona da ze gizonezko guztiek esaten diote "Casius Clay bezala?" eta Xeikek zer nahiago, pototsa gorantz jaso eta "Okey!" erantzuten die irribarrez, eta ezkerreko bat luzatzen dit ukabila estututa kokotsera, txantxetan, "Samuel, nire laguntzailea" aurkezten nauela. Astiro egiten du frantsesez, eta ni beti beldur batean egoten naiz, inozotzat hartzen ditugula pentsatuko dutelakoan. Zertan gabiltzan argitzen die, eta batzuetan itxaroteko apur bat esaten digute, barru aldean dagoen arduradunari edo nagusiari deitzen diote, eta hari belarrira xuxurla egin ondoren urrundu egiten dira dendari soilak, eta hasi berriak ginela ohartu nintzen batzuetan giltzatu egiten zutela atea. Bezero gehiago dagoenean sartu behar genuela esan nion Xeiki, baina ezetz esan zidan, "Oihaneko elefantea baino ergelagoa haiz!" Inon sartu eta berehala datoz guregana. Ni harrituta gelditu nintzen horrekin, hemengo okindegi batean sartu nintzen lehen aldian. Jende multzo bat zegoen bertan erosketak egiteko, baina niri galdetu zidaten zer nahi nuen, eta gainerakoei aurrea hartuta eman zizkidaten bi ogiak. Guztiei "Eskerrik asko!" esanez irten nintzen, nik pentsatu nuen beltzonganako errespetuz izanen zela nolabait, ezezagunen bat sartzen zenean ba hari zerbitzatzen zitzaiola lehenik. Ohitura polita iruditu zitzaidan. Hurrengo astean edo janaridenda batera joan behar izan nuen, bazen han ere jenderik, eta sartu orduko berdin galdetu zidaten, ea zer behar nuen. Atera nuen neure zerrenda, eta orduan "Ongi da, ongi da!" esanda txandaren zain eduki ninduten. Neure artean pentsatu nuen gauza guti behar zutenak atendituko zituztela lehenik, ideia ona iruditu zitzaidan. Baina dendetan zer gertatzen zitzaidan kontari hasi nintzenean gero gelan, trufa egin zidaten guztiek. Inozo hutsa naiz, arrazoi dute. Lapurreta egin nahi dudala uste dutelako igortzen naute kalera lehenbailehen, arrazoi dute lagunek, aurpegira behatu besterik ez daukat, dena nabaritzen zaie tubabei aurpegian. Ni ez naiz hona etorri lapurreta egitera, baina Xeikek egia esaten du, "Lapurreta, zuriek egin digute aurrena guri!"

        Ari naiz alabaina elefante kaiolatuaren eskola hartzen. Adibidez, atea irekia egonagatik ere, denda barruan inor ez badago kax-kax jotzen dut atean, ea sar nintekeen. Orduan "Aitzina, aitzina!" esaten didate, barre egiten dute lotsatia naizela uste dutelako, "Hemen ez dugu inor jaten!" esan zidan lehengoan emakumezko batek, esnea erostera joan nintzenean. Eta etxerakoan horri buruz jardun nuen neure kolkorako, beharbada emakumeak usteko du Afrikan jendekia jaten dugula. Ez, borondate onez esan zidan hori. Behin inor ez zegoen denda batean sartu nintzen, eta neska gazte bat zegoen apaletako latak antolatzen, jiratu zenean ikusi ninduen eta "Ai!" esan zuen, izututa, jauzi bezala egin zuen atzeraka. "Barka..." esan zidan gero, "ikara eman didazu." Barkatzeko eskatu nion nik ere, eta berak ostera "Bakarrik nengoela uste nuen, ez zaitut sartzen sumatu eta..." Afrikan ez da inor izutzen zuri bat ikusita, zer moduz dagoen galdetuko diote, zer behar duen, urrundik datorren. Ez dakit zergatik izutu behar duen tubab batek afrikarra ikusita. Baina hala egiten direla ematen du. Horregatik ez gara altzari dendetan sartzen ez jende sobera dagoenean ez hutsik daudelarik. Lasai entzun behar digute, bestela huts eginen dugu. Europak Afrika bezala dauka hartua hau Amerikak, hangoak garela ikusita beste patxada hartzen dute. Ugazaba azaltzen denean saltzaileari eginikoaren gisako aurkezpena egiten du Xeikek, laburrago baina eta ukabilkadarena gabe, La Fourchette-ko menuko letra dotorearen antzeko batean eginarazi didan zerrenda ateratzen du karteratik, eta prezioak azaltzen dizkie. "Hegoafrikatik zuzenean ekarri berriak!" Asmatu egin zuen Xeikek honetan. Lehen, senegaldarrak ginela esanda, ezezkoa hartzen genuen beti, ez zitzaiela interesatzen, oso zaila egiten zitzaigun ezer kokatzea. Orain berriz astean hiru edo lau bezero lortzen ditugu, eta eskua pozik tinkatzen digute Xeikek "Zergarik ez!" esaten duenean, nik "Tax free!" gaineratzen dudala. Helbidea apuntatzen dut gero berak pasatzen didan agendan, barre eginez, "Nun danu am taxaway". Nik esaten diot ez egiteko wolofez amerikar moduan gabiltzanean, eta berak, balio baitu umorea jartzeko ere, isiltzeko agintzen dit "Ganorabakori!", taxia hartu behar dugula pentsatuko dutela. Hori da beti bere garaitza oihua, "Handiak garela gero!"

 

Argitaratze data: 2001-05-02

 

© Koldo Izagirre

www.susa-literatura.eus