—2—

 

Baiki, kontzientzia amiñi bat daukan europarra nauzue, eta halakoaren ahotik egin nahi nuke hitz. Horregatik erantsi diet idazlearen ahotsa asmatu ditudan hiru kontalariei, ez dudalako ipuindegi bat osatu nahi. Molda liteke istorio hau idazlearen sermoia gabe ere, badakit. Berbarako, eta burges koxkorraren kontzientzia arazoak akuilu ditudala, hitza ematen ahal diet beti Toyota, Maktar eta Xeiki, aurkezpeneko kapituluan egin dudan bezala. Haien jarioan islatuko ginateke, eta deformazio horretan ikusi ahal izanen genuke geure burua ustegabeko zanpatzaile, adibidez. Toyotak lehiaren merioz izan nahi du zuri; Maktarrek bere kulturaz beste eginik uste du zuritu ahal izanen duela; Xeikek zurion mandatuak eginez, morroituz espero du aukeraren bat edukitzea Afrikatik urruntzeko. Eta itsasketaren aspertuan, kalaren hezetasun ilunean hitzik egiteko beldur, ikusiko zenukete Toyotak onartu beharko duela pozik hartuko lukeela, rallyetako gidari gabe, garbitzaile lanpostu bat Renault-en, jakinen zenukete Maktarrek ezin izanen duela ezkutatu kuzkuz asko jan beharko lukeela Europan ere, asmatuko nuke bilakaera psikologiko bat Xeikentzat... Ez ote dira hiru eredu? Ez ote lirateke aski hunkigarriak gure inarrosteko?

        Lehen exotismoa bilatzen genuen Afrikan, jazzaren sustrai basa edo gure arte higatua berrituko zuen primitibotasuna; orain, bi mendetako dominazioaren ondorioen jakile, gure kontzientzia arindu nahi dugu hartaz, karitatea egin nahi diegu geuk pobretutakoei. Badakizue, rally humanitario bat dute antolatua lehiako Paris-Dakar horren aitzin automobilaren trustek: ur-bonba mekaniko bat hemen, botikin bat han... Damurik, istorio hau idaztera behartu nauena sakonagoa dut, ez espero izan gutun moralik orrialde hauetan, errespetu sobera handia diot irakurleari ONG literatura eskaintzeko. Esadazue idazleak nornahiren mintzoa hartzen ahal duela eta horixe dela hain zuzen sortzailearen ezaugarria, ahotsik gabekoen ahotsa izatea. Onartzen dizuet, baina ez nauzue horretara makurraraziko. Neure eskrupuluak dauzkat, horiei esker naiz, paradoxaz, idazle, horiei esker dakit dominazioak zeinen modu meheak hartzen dituen, haietan ikasia naiz nola isurtzen den inkontzientzia hitzetan, zeinen barneratua daukagun tubab estatusa, nolako neokolonialismoa ezkuta litekeen elkartasun batzuen barnean. Urrikalmenduaz haratagoko zor kitatzearen zama antiliterarioa hartuko baldin badut ere —"literarioki ez-zuzena", zeinen azpititulu ona nobela baten publizitaterako!—, uste dut neure ahotsa biluztea dela Toyota, Maktar eta Xeik guztiei egin diezaiekedan literatur oparirik onena. Niri, gutaz hausnartzea interesatzen zait besteei buruz jardun behar dugunean.

 

 

Lehorrera hurbiltzen ari garenean, beti berdin esan ohi diot kapitainari Bartzelonan sartzeko gaudelarik, "Horra hor Gernika Berri!" Eta Marseilako arrutan baldin bagoaz ere, edo Toulon-en zamatu behar dugunean, bazterra inondik ez ikusi arren, zerrazoia edukiagatik, bihotzak halako dardara bat egiten dit kuadrante horretan gabiltzan aldiro eta beti berdin esaten diot kapitainari, "Horra hor Gernika Berri!" Barre egin ohi dit, barre egiten zaio, barkamenez bezala, alkoholizatuari. Ni han hasi nintzen edaten, Gernika Berrin. Iragana genuen Roca de França, Le Perthus-en aitzina gindoazen, Pirinio handi eta triste haietan gaindi, Armada Gorriaren azken txatalak ume atso elbarri abere, Espainaren historiak ukatutako guztiak. Begi bistan geneukan mugazainen aduana, gure aiduru zeuden jendarmeak eta soldadu frantsesak, gero alemanei hain gogor aurre egin zieten miserable haiek. Gure armak meta batean uztera behartzen gintuzten, eta ofizialen pistolen bila luzatzen zuten gero atzaparra gabatxo koldar haiek. Oroigarri gisa nahi zituzten, edo saltzeko, "Kriminal anarkista espainiar batena zen" esanez prezio on bat lortuta. Halako amorru batek hartu ninduen, tiroka hasi nintzen. Eskandala txipi bat antolatu nuen, bai. Niregana heldu ziren astrapaladan, baina asko hurbildu gabe gelditu behar izan zuten zur. Soldadotxo gazteak ziren, eta lehen aldia zuten kanoi baten ahoak behatzen ziela. Pistola bat zen, pistola ziztrin bat besterik ez, baina hiru urteko gerra izugarri bat egina zena gorri zoro baten eskuan, besoak jaso zituzten ergel ez beste haiek. "Zoazte zeuen lurraldera!" agindu nien garai hartan neukan frantses motzean, "Hau oraindik Catalunya librea da!" Gibeleratu behar izan zuten, mugaz honantz etorriak ziren ohartu gabe. Orduan nik berriro ekin nion zeruari tiroka, neure hornizio guztia ahitu arte "Hil bedi faxismoa!" oihukatuz, "Franco, Mussolini, Hitler, urkabetik dilindan paratuko zaituztegu!" Inork ez ninduen imitatu. Ez entzuna egiten zuten, burumakur jarraitzen zuten jendarmeetara. Gero zamaontziko kapitainek behatuko zidaten bezalaxe behatu zidan gure komisarioak. Alabaina, ni abstemioa nintzen 1939an. Sinbolo bat izan zen egin nuen tiroketa hura, besterik ez, baina zer sinboloa! "Lasai, lasai, gerra amaitua da!" esan zidan lotinanta batek, plana nagusitik heldu berria ematen zuen, arropa dena garbi. "Ez duk deus konprenitu, lagun. Hiru urte hauek hasiera besterik ez dituk izan!" Baina arrazoi zeukan menturaz, harentzat amaitua bide zen bere patxadatik irtenarazi zuen amesgaiztoa, lepoa jarriko nuke konpondu zela okupazio garaian alemanekin behar baino gehiago ez etsaitzeko. "Gerra amaitua da..." Horixe nahi zuten gutako aunitzek ordurako, amai zedila triskantza hura. Garaitza hurbil omen genuelako ustea aspaldian suntsitua zen, eta sufrimenduaren amaiera gerraren akabantzak ekarriko zuela uste zuten. Ez zizuten esaten "Garaitu gaituzte." Sinestekoa ere ez da gizakiak nolako ahalmena daukan ahanzteko, nik jakin nahi nuke kamaleoiak zer pentsatzen duen gutaz. "Gerra amaitua da" esan zidan, atertu egin izan balu bezala. Musu emanda bota nuen pistola meta hartan, gero metraileta laga nuen. Gatzatuta utziak nituen soldadutxoetarik batek zarpatik heldu zidan eta fusil baten kulata ikusi nuen gainean. Lurrera utzi nuen neure burua, kulatak huts egin zuen eta zutiturik ukabilka lotu behar nintzaienean jendarmeek banandu egin gintuzten "Jarrai aitzina, jarrai!" esaten zidatela, bultza egin ninduten aurrerantz. Lehertuta iritsi ginen Argelès-era, frantsesek, beren estilo pedantean, Argelès sur Mer izendatua duten Ipar Catalunyako kostaldeko herrixkara.

        Kalkulatua dute Argelèseko hondartzan hogeita hiru mila gorri kontzentratu gintuztela. Haietarik sei mila euskaldunak ginen, Santoñan amore eman gabe gudaritzan etsigaitz segitutakoak azken unera arte batzuk, baina errefuxiatuak gehienak. Han hasi nintzen edaten, goizeko ihintza hezurretarik kentzeko. Deus ez dagoen lekuan, beti ageri da alkohola. Ez genuen zerekin ezer erosi, Errepublikaren diruak ez zuen balio, ez zuten trukean hartzen. Baina patarra azaldu zen nonbaitetik, nik esanen nuke gure zaindariek berek ezkutuan emana zela, matxina ez gintezen... Halako batean han azaldu zitzaigun gizon lodikote bat "Non dira euskaldunak?" ozenki galdezka euskaraz eta frantsesez, "Euskaldunak, zatozte alde honetara!" Fagalde zen, PNVtik hurbil zebilen Iparraldeko auzapez bat, eta bere hariak mugitzen zekiena Parisekiko politikan. Gauzak orduan zeuden bezala, arriskua ere hartu zuen guregatik Fagalde hark. Bildu gintuen bada, eta horregatik dakigu sei mila izan ginela euskaldunok han. Ez ginen denak frontean zikinduak, han bazen kazetari ordezkari idazkari eta halakotik puska eder bat, Grazia Ibilbideko Euzkadiko Ordezkaritzan edo haren lepotik bizi zen jendaila guztia, eta, jakina, Fagalde arraio hark oholak eta lanabesak ekarri zituenean zarpatsuak, trintxerapekook izan ginen Gernika Berri jaso behar izan genuenak. Orain jada ez dago han, hondartza bat ezin da eduki burdinari txarrantxadunez eta zurezko barrakoiez turismoari eragotzia, horregatik esaten dut nik beti hantxe dagoela Gernika Berri. Baina Dakar-Bartzelona flete honetarako konpainiak ezarri digun kapitain gazteari ez diot neure lelo ezaguna errepikatu. Haren akordua ekarri baldin badit ere inoiz baino bortitzago goizean egin dudan aurkikuntzak, bestelakoa esan diot estibor aldeko hondartzei beha.

        — Zer egin behar dugu beltzekin?

        Ez ulertuarena egin dit, marrazoak. Gernika Berri aipatzen nionean kapitain zaharrak egiten ohi zidan bezalako irriñoa eskaini dit, edana nagoela usteko du honek ere.

        — Zer egin behar dugu Dakarren ontziratu ditugun beltzekin?

 

 

"Eta ihes egiten harrapatzen banauzu?" galdetzen nion txantxetan gure zaindariari aldizka, eta Abdulaye-k "Hil eginen zaitut!" erantzuten zidan beti, bere kapa gorrian bilduta oso serios. Ezin izan ninduen hil, alkohola arma ona da musulmanak anulatzeko. Berrogei bat urte zituela ematen zuen, zimela eta tentea ordea, gazteagoa izanen zen, beltzak ez dira gure erritmoan zahartzen. Askotan etortzen zen guregana, "Hi, beltza!" esaten genioan, eta kalakan aritzera inguratzen zitzaigun. Ez zen afrikar bakarra, baina huraxe zen frantsesez txukunen egiten zuena. "Hitlerrek ez ditu beltzak maite!" esaten genioan, eta berak bizkarrak harrotzen zituen lasai, "Aleman andana ederra hil genuen frantsesok Verdun-en" esaten zigun arraioak, "Abdulaye ez da gerraren beldur!" Botxe asko hila omen zen, baina haserretu egiten zen "Zenbat gizon zuri jan dituk?" galdetzen genionean. Hari belarri emanda egoten ginen katujanera gomitatzen genuenetan. Frantsesek bilketa bat egin omen zuten Senegalen bera mutil koxkorra zela gerra urrun batean borrokatzeko, eta lehengusu bat ihes egina zenez osaba kartzelan sartu zioten. Ahalke handia izan omen zen hura familiarentzat, osaba libratu egin behar zen, leinu noblekoa omen. Horregatik eman zuela bere burua troparako, osaba libratzearren, familiaren ohorea jaso aldera, laidoa ezabatzeko. Tiroketari senegaldarretan ibilia omen zen lehen mundu gerran, egundokoak kontatzen zizkigun guri, gasa hartua zela eta horrelakoak, baina inork ez genion sinesten. Kapelua kendu eta buruko zauria erakusten zigun gero, haserre. Beltza ipuinetan bizi da, Afrikan baldin badago Europan hau eta beste egina dela esanen dizu, edo Parisen daukan lehengusuak deitu diola bere garajean lan egiteko, eta Europan topatzen baduzu berriz, zer ez dizu asmatuko bere basamortuko balentriez, hor saiatuko zaizu irakasten panteraren hatza lehoiarenetik bereizten! Baina beltzak ez dizu gezurra esaten kalte egiteko, halakoa da berez, inozo samarra, arbolapean egoten dira kontu kontari emakumea lanean ari den bitartean. Horretan oso desberdinak dira mairuengandik, beltzak ez dizu hitz egiten tratuan irabazian irteteko, mairuak bai, harena beti da mozkina ateratzeko. Gerran ere ankerra da mairua, ederki frogatu genuen guk. Senegaldar haiek gu bezalako gizajoak zaintzeko eta zaldi gainean jarrita parada militarretan dotore emateko erabiltzen zituzten frantsesek. Eta Abdulayek esaten zuena egia izatera, are dekoratiboa egiten zitzaigun: benetako gerra bat ezagutu duenak ez du gogorik bigarrena egiteko. Nik neure madarikazioa botea nien Franco Mussolini Hitlerri, baina ez neukan kemenik ostera gerrari lotzeko, gertuegi neukan Espainian pairatutakoa. Gezurretan ari ez bazen behintzat, Abdulayek ahantziak zeuzkan nonbait obusak eta lokatzak eta zorriak, eta prest zegoen berriro borrokatzeko. Ez genion kasu handirik egiten, haren jardunaz gozatu baino ez genuen nahi, eta, noski, konfiantza eman behar genion geure planak aurrera atera ahal izateko. Metrailak izan ezean elurrak kalituko zukeen, afrikar batek ezin du gerra Europan egin. Horregatik zeuzkaten frantsesek Mediterranioko epeltasunean.

 

 

Izutu dira gizajoak beren gordezokoan harrapatu ditudanean, ez daukate labanarik eta ezer ere beren bizia defendatzeko. "Ba al dakizue frantsesez?" Baietz egin didate buruarekin, begiak izu. "Ba entzun ongi: tiburoietara botako zaituztegu. Baina ez zaiteztela beldurtu, tiburoiek ez dute okel beltza maite, igeri baldin badakizue behintzat iritsiko zarete bazterren batera." Eta giltzapetu egin ditut ostera, usaina ere halakoa dute hor barruan. Bere merkantzia aurkitu dudala jakin duelarik, utzi egin diot kapitain berri honi direnak eta ez direnak esaten, salatu eginen nauela, ni guardian nengoen gauren batean sartuko zirela, ez dudala ezertarako balio, lizentziatu eginen nautela, neuk argitu beharko dudala afrikarrena gero Bartzelonan, karrera hondatu nahi diodala...

        — Barkatu, kapitain jauna, ez du horrelakorik zertan gertatu... konponbidea erraza da.

        Ez nengoen oker. Kapitainak badaki sasiko hiru bidaiari daramatzala ontzian, ez dit eskatu eraman dezadala aipatu dizkiodan beltzak daudeneraino.

        — Bota ditzagun putzura.

        Ez, ez ditu putzura botako. Kapitain gazte hau zaildu gabea dugu, ez du horrelakorik ezagutu oraino, eta gainera gure beltz hauek ez dira polizoiak. Bere merkantzia dira.

        — Egin duzu inoiz horrelakorik?

        — Nola dute izena?

        — Zer? Baina nola nahi duzu nik jakitea!

        — Pasaporteetan behatuta.

        Eta ez dit erantzuten, arraioak. Lehen ofiziala dator eskaileretan gora, urduri jarri da.

        — Zertarako nahi dituzu izenak jakin?

        — Ez dakit, beharbada Gernika Berrin ezagutu nuen baten bilobak dira, Afrikan oso familia ugariak osatzen dituzte, auskalo.

        Zubian sartu naiz. Ikusgailuak utzi eta gosariaren hondarrak bildu ditut. Apetitu laburreko jaiki da gaur gure nagusia. Dudarik ez dago, bere merkantzia dira, berak gordeak dizkie pasaporteak.

 

 

Halakoa dugu ez guztiak baina zenbait anakronismo bederenik gainditzearren Paris-Dakar rallya baino lehenago, 1974ko orainaldi batean adibidez, kokatzen dudan miliziano ausart eta marinel zurrutero hau: frantses koldarren mesprezatzaile, magrebiar tratuzaleen etsai, beltz koitaduen lagun. Horretan oinarritzen dira bere nazioartekotza eta bere inoizko ezkertasuna. Ezagutzen ditu bazter batzuk, ideia finkoak dauzka hainbat gairi buruz. Nik orain esanen banio Argelèseko konzentrazio eremuan ihesean harrapatuz gero tirokatu eginen zuela hain serios gaztigatzen zion Abdulaye hura bera dela nik esku artean daukadan prentsako argazkikoa, bubu zahar batean bilduta orduan kapa gorrian bezala ageri den Abdulaye Ndiaye hau, ez lidake sinetsiko. "Beltzen ameskeriak dira!" esanen lidake, edo "Senegaldarrak ez dira hain luze bizitzen!" Ez, ez da hura hamakan erdi etzana itsu dagoen Abdulaye hau, baizik eta 1998ko azaroaren 12an Le Monde egunkariak argitaratu zuen Philippe Bernard-en erreportaiaren protagonista —hangoa dut argazkia Internet-en ez bezala Baionako hemerotekan doan eskuratua—, lehena lau zutabetan hartu zuen albistean: C'était le dernier tirailleur sénégalais. Aguretuta ageri da beltz hau, eta egia da salbuespena dela hori senegaldarretan, batez besteko bizitzaren luzea ez da berrogeita hamar urtera heltzen 2000 urteko estatistiketan. "Zaila baldin bada sudur zapal beltz hauek bereiztea berez, pentsa zimurtutakoan eta hortzik gabe!" esanen lidake Dakar bermeotarra balitz bezain ongi ezagutzen duen nire marinelak. Abdulaye hau Gernika Berrin katujana egiten zuen bera den ala ez, axola handirik ez niri. Egia esan, alderantziz egin dut idazterako bidaia: Abdulaye Ndiaye-ren berri neukalako sortu dut beste hura, eta funtsean berak sorrarazi dit gure miliziano marinela ere.

 

 

Jendeak edozein aitzaki asmatzen dizu bere arrazakeria estaltzeko, nik ezagutu nuen jendea ontzian, beltzak zikinak direla esaten zuena. Izugarrizko gezurra da hori, orduan nik lehortzen ipinia genuen arropa erakusten nien han, Dakarreko portuan bertan. "Zuk garbituak dira?" Isiltzen ziren baina ez zuten onartzen. Guk azpiko arraina, lehertua zegoena, ematen genien, eta emakume haiek arropa garbitzen ziguten trukean. Edo esanen dizute lapurrak direla. Nik dakidala, sekulan ez zitzaigun prenda bat bera ere falta izan. Edo gaitza kutsatzen dizutela emakumeek, halako gauzak. Berdin utz zaitzake tantaka Vigoko batek, zatoz Bartzelonara, ikusiko duzu hemen txukunik. Horiek denak estakuruak dira. Zuria, horia, gorria edo beltza izan, behor on bat behor ona izan da beti niretzako. Misiolaria bezalakoa naiz, ez daukat batere arazorik beltzak zuritzeko. Horretan baitira trebe, galde bestela Don Iñakiri, emakumezkoen aurretik pasatzerakoan bere cowboy kapelua kentzen du beti, "Egunon arreba!" esaten die, jakin nahi nuke hori han azaldu zenez gero nola igo den mulato kopurua Dakarren. Beraren bitartez sartuko ziren hauek ontzian, aspaldian debekatua daukate kaietan ibiltzea eskean, jendarmeek ederki astintzen dituzte. Hori ere galanta da ordea, zuriok uste dugu beltz guztiak direla anaiak, baina ikusi beharra dago beltzak nola jipoitzen duen beltza! Orain ulertzen dut zertarako ziren kapitainaren solasak kaperauarekin, ez da horrelakorik sekulan ikusi zamaontzi batean. Doala Bermeoko arrantzale trauskil horietara, meza barkuan eman nahi badu. Hogeita hamar urte daramatzat itsasoan eta ez nuen halakorik inoiz entzun, azala behar du, axola zaigu guri Jesukristo jaio zen eguna izatea, horrek uste du merkantekoak arrantzale ezjakin horien uberakoak garela. Gero jaitsiko naiz berriz, Coca-Cola freskoa eramanen dut, eta zenbat ordaindu behar izan duten galdetuko diet. "Ba orain niri ordaindu beharko didazue tiburoietara nahi ez baduzue!" Eta negarrez hasten bazaizkit ez naiz errukituko, dakarten dirua erakutsi beharko didate, horrela jakin ahal izanen dut operazio osoa ordaindu duten Dakarren edo itsasokoarena bakarrik kendu dieten. Jakin nahi nuke zenbateraino sartua dagoen kapitaina honetan. Edo konpainiako direktiboren bat, kapitain aldaketa honek ez dit batere susmo onik ematen. Ze garbi dago hauek ez direla Bartzelonan geldituko, hauek Parisera joan nahiko dute, sare handia dago hemen hedatua. Gabatxo horiek beltz denak liluratuta dauzkate, atletismoan saiatu nahiko dute hiru koloreko loriosa defendatzen.

 

 

Paubeko pentsioen zerbitzuan Philippe Bernard-ek aurkituriko paperen arabera 1894an sortua zen Abdulaye Ndiaye (14576 matrikula armadan), Senegal barruko Thiowor herrixkan, Lugatik hurbil. Baina agureak ehun eta bederatzi urte zituela omen ziotson. Ez zeukan hitz itsusirik frantsesentzat, "mairuek beltzei ezarri esklabotasuna kendu nahi zutelako" azaldu omen ziren Senegalen. Soldadu eginik, Marokko protektoradoa baketzen ukan zuen lehen lana. Handik Marseilara eraman zituzten senegaldar guztiak, frantsesaren ikasteko; "hizkuntza desberdinak egiten genituen" jartzen du Bernard-ek mendedunaren ahoan, eta berean: "senegaldarrek elkar ulertzeko ere bazen". Ondoren "bataioa" salbaientzat, odolez, hor nonbait Europako iparraldean. Dardanelloetako espedizioan hartu zuen esku bera bezalako musulmanak akabatzeko, baita ostiralez ere. Somme-ko batailan zauritu zuten 1916an, bala bat buruan. Lau hilabete ospitalean, osatuta Verdun-era. Gerra amaitutakoan etxera igorri zuten, esker oneko bizkarreko batzuk emanda. Ez zen Argelèsen egon. Ez zuen nire marinela ezagutu. Ez zuten bigarren gerrara eraman. Sorterrira itzuli zen, jaio zeneko denbora geldora, han behar zituelako Frantziak bere gerrari jatorrak: administrazioaren interprete polizia postari trenbidezain... sortua zen kolonizatzaileen interesekin bat egiten zuen bertako klase bat ("Aberriaren alde hildakoak" bezain baliagarri dira "Aberria arren bizirik irtenak", bahitzailearenganako atxikimendu sindromea ez zen Estokolmon sortu, burura datorkit Manex Erdozaintziren poema hura, "Eta presuner ohiek / Hamalaukoek eta berrogoikoek / Ahanzten ikasi dute / Alemaniako gerletan / Bildu ahalgeak eta zauriak / Eta han gaindi ehortzi lagunak. / Urtean behin edo bietan / Biltzen dira / Ahantzi behar ez den Frantzia mitoa / Zelebratzeko..."). Frantziarekin identifikatuko zen, zer duda egin, Abdulaye Ndiaye hau ere, ezpeletarra balitz bezain harro; Al Dakarruko funtzionariren bat azaltzen zenetan Thiowor-en, esku tinkatze bero bat eginen zion herritarren aurrean, eta berari galdetuko zion biztanleriaren premiez. Baina besteak bezalako beltza ez zen arren, bigarren mundu gerratik itzuli ziren senegaldar gazteagoek esan behar izan zioten bazuela bi pagaren eskubidea, konbatant ohiagatik bata eta zaurituagatik bestea. Galdatu zituelarik, ez zuen kobratu ez atzerapenik ez bere penakide zuriek bezainbeste. Erreportaiaren urtean, 1998an, Abdulayek 340,21 libera jasotzen zituen. Bere herri osoa haren lepotik bizi ez zedin, omen, eta diru sobera ukanik legez kanpoko trafikorik sortzeko aukera ez emateko. Izan ere —esplikatu zuen Finantza Ministerioak— Afrikako bizimaila ez baita Frantziakoa. Eta Philippe Bernard kazetariak komentatzen du, ironiaz, Frantziak detaile on bat eduki zuela behintzat senegaldar jatorrarekin, SNCFrako karnet berezi bat emana ziolako metropoliko trenetan merkeago bidaiatu nahi zuenerako. Ia laurogei urte geroago Legion d'Honneur eman behar zioten koitaduari, horren berri ematera joana zen kazetaria Thiowor horretaraino. Bezperan hil zen gure Abdulaye, Frantziako enbaxadoreari eta oro har kontzientzia txar-oneko frantses guztiei festa zapuzteko. Eredugarria da Abdulayeren zintzotasuna, hainbesteraino non Parisetik eta Dakarretik Afrikaz arduratzen diren guztien lumatan dabilen, Frantziak gauzak makur egiten ere badakielako froga gisa. Le Monde-koek asko maite dute, hogeita bost urtez Asia-Afrika saileko arduraduna izan zen Jean de la Guérivière-ren ustez (bere ironia guztiak gorabehera, kolonialismoari passion deritzo funtsean), Abdulayere Ndiayeren bizitza ezagututa atera omen liteke Garaitzaren Arkuan dagoen gudari ezezaguna, menturaz, beltza dela (Les Fous d'Afrique. Seuil, 2001). Biribila da pentsamendua, ezezagunak anonimo izaten jarraitu beharra justifikatzen du. Horren zuzentzeko, alabaina, Afrikazaleok heroi bilakatu dugu Abdulaye: Senegalera joateko asmoa daukan edozein turistak eskura dezake hainbat Abdulayeren eta Xeik eta Maktar eta Toyotaren mentura europarra Senegal Country Guide-n, Nouvelles Editions de l'Université-ren Petit Futé bilduman (2000), bertan erreproduzitua dator azken tiroketari senegaldarraren bizitza kontatzen duen erreportaia, argazkirik gabe baina. Borondate onekoak izatera ere beti hipokritak iruditzen baitzaizkio omenaldi hauek, beltzak ez baina zuriok ongixko ezagutzen gaituenez, "Zer espero dezake afrikar batek frantses horiengandik?" egiten dit galde alkohol lurrun batean nire marinelak. Bai, ergela behar du beltz batek Europan ezeren aukerarik edukiko duela pentsatzeko... "Guk ez baina lehorrekoek jaurtiko dituzte gizajo hauek tiburoietara!"

 

Argitaratze data: 2001-04-11

 

© Koldo Izagirre

www.susa-literatura.eus