1
Hauxe duzue Al Dakarru, Afrikako modaren hiriburua, Europako arrantza porturik handiena, munduko karabanarik luzeenaren helmuga. Karabana horretan helduko naiz ni ere noizbait hiri zikin honetara, eta orain zanpaka ibiltzen gaituzten jendarmeek berek egin beharko didate bide, gamelurik arinenean azalduko bainaiz Hiroshi Masouka bezain gidari trebe. Bai, ni Paris-Dakar rallyko garaile ezagutu beharko naute hemengo jendarme txatxu guztiek, eta kui erdia luzaka eskean ari direlako espaloia berea dutela uste duten elbarri eta langabetu guztiek, eta semaforoetan leihatila zabaltzen ez duten handiuste horiek guztiek, eta hoteletara hurbiltzen uzten ez diguten morroi armatu guztiek, eta mezkitako zabaldegitik kasatu nahi gaituzten kotxezain zarpatsuek. Basamortuko harea oldarka harrotuz, beldurgarrizko amorruan, Jacky Ickx eta Paul Belmondo eta Henri Pescaroloren aurretik helduko naiz ni hona, Al Dakarru nazkagarri honetara neure Toyota zintzoan, zanpatzaile, Paristik honainoko lider, tubab guztiak gibelean utzita promenada batean Tanbakunda-n barrena lasai. Telebistan ez naute tratatuko "bertako seme adoretsua" moduan aurten Abdu Thiam tratatu duten bezala, Paris-Dakar irabazi duen gidari zaildu eta ausartaren moduan baizik, ni ez naizelako lehen afrikarra izanen, hori azkena izatea da beti guretzat beraien rallyetan; ni lehena izanen naiz, besterik gabe. Bere nazioko hiriburura garaile helduko den lehen senegaldarra izanen naiz, bai. Barre eginen didazue, esanen didazue Paristik hona heltzeko Pariseraino joan behar dela aurrena. Egia da. Baina, egun Al Dakarrun bizi izanagatik, paristarra izanen naiz ni ordurako. Nik Paris joko baitut goiz edo berant, baita Paris-Dakarreko etapa guztiak oinez egin behar baldin baditut ere atzekoz aurrera, Alhamdul-lilah.
Bitartean egunero entrenatzen naiz Pompidou hiribidean. Ezkerretik ez ezik eskuinetik ere aitzinatzen ditut Sanba, Xeik, Maktar eta gainerako guztiak, arinena naiz abiadurak aldatzen eta lau gurpiletako trakzioa sartzen dudanean ez dago aurrea hartuko didanik. Beti iristen naiz lehena helmugara inor bultza edo bazterrera behartu gabe, lasterka garbiak dira nireak. Gero sariaren zati bat eskatzen didate askotan lagunek. Coca-Colatik zurrut egiten uzten diet batzuetan, baina gehienetan eragin egiten dut lata, irekidura ozta zabaldurik busti egiten ditut Kunkaanenek egiten duen bezala podiumetik txanpain bonbila erraldoia publikoari zuzenduta. Ni orduan garailearen lore koroa lepoan baneuka bezala sentitzen naiz, horretarako daramatzat Motul Pirelli Monroe Schell Total Michelin ikurrak neure atorran. Beti lehena iristen naiz dunak, sakondurak, uharka lehortuak eta Fronte Polisariokoek ezarri dituzten minak ongien ezagutzen dituena naizelako, jinkana bihurriak eginez ailegatzen naiz irrintzi batean Ponty kafetegira heldu den azken bezeroarengana, eta motorra itzaltzeko onik ez daukala plasta! ezartzen diot zapi bustia haizeparan, alde hemendik esan dezanerako nik kristal osoa utzi diot garden eta hauts tantarik batere gabe. Jaitsi orduko berriz gurpilean ari naiz igurtzi eta igurtzi, asko gustatzen zaie Pontyko bezeroei nikelatuak dirdiratsu edukitzea gero, Fanta edo Jazine edo Rihanna besotik helduta dakartenean. Eta hantxe ikusten nautelarik belauniko makurtuta ostiral bateko arratsaldeko ordu biak balira bezala, Allah bezain boteretsu sentitzen dira, errukitu egiten dira nitaz eta sos batzuk botzen dizkidate "Egik lan, halako auto bat ukanen duk bihar!" esanez. Baina tubab-en emakumeak ditut bezerorik onenak, bihotza beratzen zaie beltx bat ikusita, bileteak eman izan dizkidate. Gure ile kirruak zoratu egiten ditu, esan didate hotzikara berezi bat ematen diela gure ilea ukitzeak emakumezko zuriei, nik burua makurtzen diet beti, eta eskuaren ahurra pasatzen dute nire buruan, orraztu baten premia baneuka bezala. Jatetxeko ate ostean ezkutatzen zaizkidanerako hanka egiten dut, jendarmeak aldiro ageri dira hemen eta ez zaie laket gu bezalako mukizuak ibiltzea turisten arrastoan, ez dugu Senegalen itxura ona ematen. Sosak bilduta Kermel azokara edo Sandaga aldera hartzen dut Jaureguiberry hiribidean beheiti rally ikusgarrian, zamaturik ezinean datozen emakumeen parean estopatzeko. "Toyota bat merke!" eskaintzen diet ozen, "Toyota sendo bat zure zama nekatu gabe etxeraino eramateko!" Bildua lepoan hartzen dudalarik belaunek halako zorabio bat egiten didatela ikusita "Baina non duk Toyota hori!" galdetzen didate, eta nik orduan irri egiten saiatzen naiz neure behakorik alaiena eskaintzen diedala zamapetik, "Neu naiz Toyota, oraingoz...!" aitortzeko. Eta barre egiten dute. Eta batzuetan, ministroren baten neskameren bat harrapatzen dudanean, merkatuan erositakoaren zatiren bat ematen didate. Baina nik nahiago izaten dut dirutan kobratu, Pariserainoko bidaia ez dago batere merke.
Toyota hori zoratua dago, burua autoz betea dauka eta egunen batean zapart egin behar du gurpilen baten azpian. Atzo plastikozko kubo urdin berria galdu zuen Burgiba Lehendakariaren bulebarrean, Sotrac-eko autobus batek jota bota zuenean. Altxa eta makadametik jarraitu omen zuen ostera, "Han egon behar zenuten gurpila zeinen agudo aldatu nuen ikusteko!" esaten digu harro, jostaketan aritu izan balitz bezala. Baina orain ez dio asko balio lehena iristeak Ponty aitzinera, kuborik gabe ezin ditu kristalak ongi garbitu eta guk ez diogu utziko gureetan bustitzen, bera ere ez baita asko gogoratzen gutaz bezero gutxi lortzen ditugunean. "Paris garesti dago!" esaten digu bizkarrak harrotuz. Parisera iritsiko den bakarra dela uste du. Nik ere ez daukat batere asmorik Afrikan gelditzeko, Parisera joan nahi dut eta, egia esan, Toyotak baino aukera gehiago dauzkat han zerbait ona bilatzeko. Ez daukat lehengusurik edo aitapontekorik Europan, zaila izanen zait hemendik alde egitea, baina saiatzen denak Alah-ren laguntza lortu ohi du. Ni saiatzen naiz. Ahal dudan guztietan praktikatzen dut frantsesa tubab turistekin, eta buruz ikasiak ditut Chez Mimi, La Crêperie Bretonne, Le Dagorne eta La Fourchette-ko berezitasunen izenak. Sukaldeko zaborren bila nindoala uste zuten hasieran. Nik karta zaharren bat ote zeukaten eskatzen nien. Buruz ikasten nuen hantxe, eta gero errezitatu egiten nien. Algara egiten zidaten, uste zuten gosea amets eginda kentzeko asmazioren bat nuela. "Maître jauna, uste duzu izan nintekeela zerbitzari on bat?" Pizza puska bat eskaini zidaten behin, eta ukatu egin nuen. "Nik ez ditut espezialitate frantsesak besterik dastatzen..." Kaiera batean dauzkat Al Dakarruko jatetxeetako plater frantses guztien izenak, eta egunero ahalegintzen naiz ahoskera leuntzen.
Lehengo astean Luga aldera eraman ninduen FR3ko talde batek. Toyota ez da inoiz ibili halako Land Cruiser batean. Itzultzaile bat behar zuten, eta ni aukeratu ninduten, ez Toyota, ez Xeik, ez Sanba, berehala ohartu zirelako neu nintzela onena frantsesez. Jaten eman zidaten, foto mordoa egin zidaten, hizketan aritu nintzen kamerari beha Frantziako haurrentzat, nola begitantzen nuen nik Paris baobab baten gerizpetik. Barre egin zuten, gustatu zitzaien esan nuen hura, Paris zela frantsesez egiten genuenon baobab handia. Supizteko bat eman zidaten eta diru mordoska bat, libera frantsesak. Guztien izenak, telefonoak eta helbideak dauzkat kaierean idatziak. Parisetik apuntatua zeukaten marabut handi batengana heldu ginen bi eguneko ibilaldian, bufalo adartzar parea zeukan txabolaren atalburuan. Niregatik izan ez balitz ez zuten deus eginen tubab haiek, ze hemen edonork daki wolof-ez, baina paristarrek konprenitzeko moduko frantsesa egitea oso gauza zaila da. Marabutak oilar zuri bat harrapatzera bidali ninduen. Nik berehala igarri nion hura jukutria bat baino ez zela, ea nik ulertzen nion. Hortzak falta zituen baina ulertu nion. Ondoren, lepoko lumak kentzen zizkion bitartean, zenbat ordainduko zioten egin zien galde nire bitartez. Tubab haiek hasi ziren ez zeukatela diru asko eta halakoekin, beti egiten dute antzerki hori, Parisen abisatuak dietelako feriatu egin behar dela afrikarrekin, gure kultura desberdina dela eta prezioa hitzartu egiten den gauza dela, pertsonen arteko adostasun bat. Halako hiru eskatu zien marabutak, eta espantuak egin bazituzten ere azkenean huraxe ordaindu zioten kasikan. Ez zitzaien damutu. Telebistakoak ikaratuta gelditu ziren hegaztiarena ikusitakoan, oso pozik zeuden halako dokumentua grabatu ahal izanda, gero esan zidatenez. Marabutak ebakia egin zion lepo soilduan oilarrari, belaun artean estututa eduki zuen lehen zurrutadak botzen zituelarik, askatu egin zuen arte. Oilarrak hamarren bat metro egin zituen noraezean, etzanda gelditzeko. Lepoa hautsita bezala zegoen, begiak hilean. Bi edo hiru minutu egin zituen horrela. Kameralariak zuzendariari behatu zion, huraxe ote zen guztia egin zion galde ezpainak okertuz. Orduan nik eskua luzatu nien itxaroteko agintzearren, estreinaldia zuten haiek gure marabuten ahalmena ikusten. Otoitz sekretu bat murduskatu zuen, eta azkenik "Kay, kay, gaawal!" agindu zion zakarki eta ozen, atzamarraz erakusten ziola noraino. Eta oilarra jaiki egin zen hegalak inarroska. Zuzenki itzuli zen marabutaren eriak agintzen zion punturaino, jesarria zegoen hartaraino. Hantxe erori zen hilik, eta hila zegoela kukurruku jo zuen lurretik. Sekulan ikusi gabekoa ikusiko dute laster frantses guztiek FR3 horretan. Al Dakarrura itzuli ginelarik bazkaritara gonbidatu ninduten, eta esateko leku on bat, baina afrikarra. Ni ez nindutela afrikar batera gonbidatuko esan nien, nik "Quiche de fruits de mer à la provençale" nahi nuela esan nien. Barre egin zuten, eta La Fourchettera eraman nituen. Gaiztoz behatu zidaten mahaizainek, baina ni tubab inportante batzuen gonbidatua nintzen, isilik zerbitzatu behar izan zidaten, eta ahoa bete hortz gelditu ziren haiekin frantsesez laxo eta zalu egiten nuela ikusita. Atzamar luzekoa naiz eta erraz hartzen ditut bonbilak, atzazalak ongi garbituak eramatea maite dut, sinetsia nago zerbitzari on bat izan naitekeela, horregatik saiatzen naiz neure frantsesa hobetzen. Entzuna naiz emazte paristarrek eskote handiekin joaten direla afarietara, zirrara berezia egiten omen die mahaizainek behakoa bularretan ematea. Ni luzea naiz, dotorezia handiz eskainiko diet neure begien fereka zerbitzatzera makurtzen naizenean. Sanbak esaten dit ez nautela Pariseko ezein jatetxetan zerbitzari hartuko, "Tubabek ez ditek maite tximino batek ematea jaten!" Ez dakit egia den, beharbada Champs Elisées-eko jatetxeetan ez dute atsegin izanen atzapar beltz batek ekartzea plater zuria. Hala ere, argudiorik gabe utzi nuen atzo. "Zuk ez dakizu goi mailako jatetxeetan eskularru zuriak jantzita zerbitzatu behar dela?" Gauza dotorea da, izan ere, beltz bat eskularru zuritan. Erosi behar ditut, bat eginen dute nire hortzekin, nire begiekin, Parisen luzituko ditudan atorra eta mitxirrika zuriekin. Eta baita platerarenarekin, jakina.
Toyotak letra larriak besterik ez daki irakurtzen, Sanbak ez daki batere eta nik ere ez. Maktarrek begietan dauka oroimena, eta nik belarrietan. Iñaki harrituta utzi nuen lehengoan, jendarme bati "Ganorabakori!" esan niolarik. Algara egin zuen. Ni ez naiz kristaua, ni ez bainaiz tubaba, ni musulmana naiz senegaldar jantzi guztiak bezala, eta gezurra dirudien arren horri esker nabil orain Iñakiren laguntzaile. Ganbiaz haraindikoa genuen ama, Kasamanza-koa, eta haurride guztiok ibili gintuen Al Korana ikasten, ez zuen nahi bere tribukoak bezalako fedegabeak eta basatiak izatea, bera ere Al Dakarrura etorrita lehenbiziko lana bere burua musulman egitea ukan omen zuen "Txakal usaina kentzeko", hala esaten zuen beti. Maisu koranikoak makilaka ematen zigun surak buruz ikasten ez baldin bagenituen, eta ni ez ninduen inoiz ere jo, nahiz eta oraindik ere arabiera irakurtzeko gauza izan ez. Maisuaren otoitza behin entzutea aski nuen nik nuen huraxe hurrengo egunean hitzez hitz errepikatzeko, zer esaten nuen ez nekiela. Horrek libratu zuen nire bizkarra El Hadji-ren makilatik eta horrek ekarri ninduen hona, "Deogratiasamen!" esaten entzun zidalako behin Iñakik, marinel baten gorpuaren gainean gurutzearen irudia egiten ari zela. Tiburoi batek haginka eginda gorputz erdia falta zuela zabaldua zen txaluparien artean, pintaketan laguntzen ari nintzen batean, eta hura ikustera abiatuak ginen denok. "Meza bat entzun nuen aspaldian" esan nion, errefrau hori nork irakatsia zidan jakin nahi izan zuenean. Portuko kaperara joaten baikinen orduan, abadearen inguruan biltzen ginen euliak bezala. "Maisu koranikoak jo egiten gaitu" esaten genion, eta Sanbak bere bizkar zartatua erakusten zion. Abadeak orduan gozokiak ateratzen zituen beti giltzapean zeukan kutxa batetik, bertan edukitzen gintuen Jesukristo aipatzen zigula, eta nolako poza ematen zion gu jaten ikusteak.
Maktar handiuste hori sinetsia dago munduaren jabe dela frantses apur bat egiten dakielako. Baina nik nabaritu izan ditut benetako tubabak elkarri irriño bat egiten, Maktarren frantsesa entzunda. Saiatzen da, baina oso belarri txarra dauka. Dakien guztia, gainera, jatetxeetako paperetan ikasia du. Nik ez dakit horrek asko lagunduko dion Parisen lana aurkitzeko, horrek uste du zuriek ez dutela lanik egiten Frantzian, batetik bestera paseatu eta gero jatetxeetan egiten dituztela beti otorduak. Nik hementxe ikusten ditut zuri askoak, lanean latz jardun behar dutenak beltzak balira bezala. Aitortu behar dut hori duela guti ikasi ahal izan dudala, Iñakiren laguntzaile naizenez geroztik. Orain jada ez naiz kotxe garbiketan ibiltzen Toyotaren atzetik lehertu beharrean, lagunekin ibiltzeagatik baino ez, gehiago biltzen dut hemen. Jendarmeek ikusten naute Iñakirekin, eta uste dute berak jasoa nauela, utzi egiten naute gero itsasontzien inguruan ibiltzen. Ez daukat zertan gezur esan, besteek bezala, anaia daukadala barku batean arrantzan ikasten eta haren bila etorri naizela, Iñakiren mandatu bat egin behar dudala esaten diet ezer galdetzen badidate. "Goazen, Xeik!" esaten dit Iñakik, eta orduan seinale da Bermeoko ontziren bat sartua dela. Berarekin narama karga ekartzen lagundu behar diodalako, Toyotak berak baino zama handiagoak garraiatu behar izaten ditut batzuetan, asko maite baitute Iñaki, arrain fardel ederrak ematen dizkiote. Ontzira iritsitakoan barrura egiten dut jauzi batzuetan, festa handiak egiten dizkidate, baina nik ez diet deus konprenitzen, hizkuntza berezia da bermeotarrena, hartan egiten du Iñakik ere, nirekin haserretzen denean, "Ganorabakori!" esaten du. Beraiekin dabiltzan senegaldarrei ordea ez zaie laket ni ikustea ontzian, alde egiteko agintzen didate, putzura botako nautela bestela. Maite dut arrainaren deskarga ikustea, Maktarren ametsak ekartzen dizkit akordura atunaren beltzak izotz txintxarraren erdian, eta ametsetan hasten naiz, Parisen nagoela. Ni ere Parisen izanen naizelako, noizbait. Bermeotarrek ez dute Paris ezagutzen. Lehengo batean horixe esan nion Iñakiri galdetzeko arrantzale zaurituari, ea egona zen Parisko portuan. Isilik egoteko agindu zidan bere errefrau hori errepikatzen zuela. Arrantzalea, izan ere, ez zegoen hizketarako, amu handi bat sartua zeukan beso erditik ukondorantz, malkotan zegoen. Iñakik xiringa bat hustu zion zainean, uste dut morfina izan zela, berak hartu zuen abade zaharrak kutxa handia bezala gurutze gorria daukan kutxatila giltzaz irekita. Orduan Iñakik agindu zidan ez zorabiatzeko, eta heltzeko tinko gizonari eskumuturretik. Hala egin nuen, Iñakik labana goritu batekin besoa luzean irekitzen zion bitartean, amua agerian utzita kendu ahal izateko. Arrantzaleak ez zuen garrasirik egin, baina guk ere ez dugu oihurik egiten zakilazala kentzeko zeremonian, eta ez dugu drogen batere premiarik ukaiten gainera. Eritegian gelditu zen erdi lo bermeotarra, eta iluntzean galdetu nion nahi ote zituen nire arrebak ezagutu. Ulertu dit, eta bihar edo etzi, Iñaki meza ematen ari dela, Fanta, Jazine edo Rihanna-ren bila eginen dugu alde. Ez esateko ezer Iñakiri adieraziko dit nola edo hala gero, berdinak dira tubab bermeotar guztiak. Nik ezetz esanen diot, egoteko lasai, "Ganorabakori!" Horrela nabil aspaldion arrantzaleen konfiantza irabazten. Gero, datorren urtean edo, Europara eramateko eskatuko diet. Ze Maktarrek eta Toyotak nahi dutena esanen dute han egiteko asmoa dutenaz, baina hemendik Europara heltzeko, guk behintzat, itsasoa iragan behar dugu. Hori da lehendabiziko gauza. Parisekoak, gero.
"Xeik hori gizajo hutsa da..." idatz nezake orain Sanbaren ahoan, eta honen lanen eta ilusioen berri eman. Amadu Kunbak zekizkienak baino ipuin gehiagotan barrena jarraitzen ahal nuke Sanba edo Otis edo Nguma, Al Dakarruko mutiko txiroen istorioak kontari nik, Afrika inoiz zapaldu ez dudan honek, gosetuaren esperantza ametsetan delako berdintzen. Horrela ditut irudikatzen Al-Dakarruko umeak, eta segur naiz halakoak bizi dituztela, amets egiten dutela lana eta jakia emanen dien mundu batera. Haiekin egiten dut bat, nik ere haien mentura tristearen partaide izan nahi dut, zuri honek. Gurasoek debekatuko zizkidaketen adiskidantzak ditut: nire haurtzaroko lagun onenen bila abiatu naiz paper zuri honetan aztarnarik ezin hartuta, hatzak ezabatzen dituen eskularru zuri honetan, Maktar. Ezin hartu eta asmatu egiten ditut, zuenganako xendra posibleak zirriborratzen ditut. Lagunak desagertu egin zitzaizkidan egun batean, eta geroztik ez dut haien berririk ukan. Kontatuko dudan hau, istorio hau, bilaketa baten istorioa da. Lintxatu den beltz bakoitzaren adiskidea izan bainintzen ni, beltza lintxatu duten zurien lagun hau, nire adiskide minena lintxatu duten zurien umea naizen hau.
Argitaratze data: 2001-03-13
© Koldo Izagirre