Zizimake!
Fidel Castrok salatu zuen, Brasilen eginiko goibileran, Kosovo bat egin nahi dela Latinamerikan, alegia, eraso erraldoi bat nola-halako nazioarteko adostasun batean. Ez zuen zehaztu non, beharbada posibilitateen artean Cuba egon litekeelako. Baina Colombia dirudi suntsimendu berri horren jokalekua. Chavez interbentzio gringoaren aurka garbiki azaldu da ordea, eta Venezuelak Calombiako gerrilariei babesa emanez gero asko zaildu liteke erasoa, berrogei urteko esperientzia dute eta harro esaten baitute gerrilari bat bera ere ez dela urteotan hil hegazkinetatik egindako erasoz. Baina Eliecer Gaitán ez da hain baikorra:
Bi milagarreneko urtarriletik apirila bitartean, gringoek esku hartuko dute Colombian. Alderdi politikoa bete da, iritzi publikoa oso landua dago «narkogerrilla» kontzeptuarekin. Arjentinak tropak bidaliko ditu, Fujimorik adituak dauzka Colombian... Panamaren inbasioa kontestu horretan ulertu behar da.
Baina Panama duela hamar urte inbaditu zuten, eta gaur egun sandinistak ez daude boterean, El Salvadorreko gerrillak bakea sinatu zuen...
Panama lurralde logistikoa da ordea Ertamerika osorako. Egizu kontu Panamako Segurtasun Kontseilua Torrijos baino lehen zegoen bezala dagoela egun; bere bileretan enbaxadore gringoa dago, edo ordezkaria.
Eta abertzale honek bere herriko agintari buztanzurien jokamolde lotsagarria deitoratzen du: Estatu Batuak negoziatzen ari dira Panamarekin, uharte txipi bi eskuratu ahal izateko, horrela erasoa ez da eginen lurralde kontinentaletik, azken finean indioen ingurutik aireratuko dira bonbaketariak, kasikan esan liteke ez dutela Panama ukituko...
Horretarako ere inbaditu zuten, Koldo.
Baina horrek esan nahi luke gringoek Torrijos-Carter hitzarmena betetzeko asmoa dutela, utzi eginen dituztela Howard, Albrook, Clayton eta Sherman gotorlekuak, bestela ez lukete zertan eremu berriak bilatu.
Hitzarmena bete eginen da. Hauxe da estrategia: Torrijos-Carter neutraltasun hitzarmena bete, eta berehala hitzarmen berri batzuk egin segurtasunaz eta narkotrafikoaz.
Orduan, zure ustez, kanalaren segurtasuna gringoek bermatzen baldin badute ere, administrazioa eta jabegoa panamarrak izanen dira?
Bai, baina ez zaitezela inozoa izan, Koldo. Kanalak eginen ditu urte batzuk panamarren erakunde publikoaren esku, itxura gordetzeko. Baina gero pribatizatu eginen da...
Inozoa naiz benetan!
...eta kanala gringoen eskuetara pasako da berriz transnazionalen bitartez!
Erlojuari erreparatu dio. Goizeko hiruak dira, aharrausi egin du. Erlojuari erreparatu ez balio ez zukeen ahoa zabalduko hitz egiteko baino. Magnetofoia itzali eta kuadernoa bildu dut. Trasteak poltsan sartzen ari naizela, aitorpen bat:
Nik ez dut abokaturik onartu. Endararen gobernu titereak bi mila lagunen aurka jo zuen auzi. Nik ez dut neure burua auzi batean emanen, aberria defendatzea baldin bada akusazioa.
Koherentea da.
Bai, baina bi mila lagunetatik, bakarra naiz abokatua onartu ez duena...!
Eta irri triste batekin madarikatzen du John Le Carré. Edo hainbeste maite duen bere herria:
Horregatik guztiagatik ez gara nazio bat, eta ez kasino bat garelako!
Zutitu gara. Eskua sorbaldan jarri dit, bekoz beko behatzen dit. Eskua ematen diogula, azken galdera bat egin diot une honi seriotasuna kentzearren. Algara handiak egin ditu.
«Zizimake!,» horixe da gringo bati kunen hizkuntzan egin dakiokeen diosalik ederrena.
Zer esan nahi duen, Eliecer Gaitanen eta bion artean gordeko dugun sekretua da. Jakin nahi duenak San Blas uhartera jo dezake, han bizi dira kunak, Panamak dituen artista modernoenak, panamarrak direlako kontzientzia handirik gabe.
Ertamerika-Euskal Herria
1999ko abuztua-urria
© Koldo Izagirre