Eliecer Gaitan
Hamar urte geroago, Eliecer Gaitan-ek ezkutuan jarraitzen du. Panamak bezala, esan nezake.
Machos del Monte tropa bereziak bizia borrokan eman ez balute bezala, Duintasunaren Bataloiak suntsitzeko gringoek hogei C-130 zama-hegazkin ekarri behar izan ez balituzte bezala indar berriekin, inbasioa ofizialki amaitu zenetik hamabost egunera oraindik ere «gerra eremua» omen zelako Panama Viejo-n inork sartzerik ez zeukala atzendua balego bezala, Noriegari leiala zen Batallon 2.000-eko soldaduak Chepo-ko gorputegi klandestinoan ez baleude bezala, Andrews eta Rio Hato baseetan milaka zibil konzentrazio eremuetan eduki ez balituzte bezala, edo apika horregatik guztiagatik, behin eta berriz entzun behar izan dut panamarrek ez dutela kontzientzia nazionalik, gringoek ustelduak daudela... Eta kontsultatu dudan historiografia ia osoak esaten du Panama gringoek Colombiari kendutako zatia dela, estatu artifizial bat, bankuen eta aseguru etxeen paradisu fiskala, asmakizun hutsa... Iritziok gogora ekartzen didate umea nintzela Pasaiako portuan estekariek esaten zidatena atzamarra ontziko txopara noratuz.
«Badakizu nongoa den bandera hori?»
«Panamakoa.»
«Eta non dago Panama?»
Geroago, helduxeago nintzela, aduanako arduradunen batek edo etxe konsignatarietako bulegariren batek:
«Panamako hori, pabiloi pirata duk!»
Pirata bat daukat, beraz, neure aurrean. Gizon hau pirata da Henry Morganen oinordekoak direlako orain legezkoaren muga marrazten dutenak. Eta jakina da piratek ez dutela aberririk, izan ere «Panama ez da herri bat, Panama kasino bat da,» horixe baieztatzen du Harry Pendelek, John Le Carré espioitza gai duten best-seller egile britaniar ospetsuaren The tailor of Panama nobelako jostunak.
Panama ez da herri bat, Panama kasino bat da. Harry Pendel.
Harry Pendel...
Panamako jostuna.
A, bai...!
Irri mindu bat egin dit.
John Le Carré, Larry Collins, David Yallop... horiek denak oso onak dira konspirazio teknikak lantzen, beraienek testu-liburuak behar lukete izan akademietan, egoera operatiboetan garatzen baitituzte tramak. Jakina da guztiek egin izan dutela lan zerbitzu sekretuetan, Le Carrék M-6an, Collinsek CIAn, Yallopek Mossad-en... Baina bulegoetatik idazten dute, Londrestik edo Miamitik, ez dute ezagutzen fikzioa kokatzen duten herria... Non mugitu da Le Carré The tailor of Panama egiteko? Buztanzurien klubetan, goimailako jatetxeetan...
La Casa del Marisco-n. Langostinoak gazta saltsatan.
Ezagutzen duzu?
Jabea euskalduna da...
Bai, egia da... Euskaldunek baduzue elkartasunaren zentzumena...
Guti eta sakabanatuak garelako. Baina gure artean ere batzuk buztanbeltzak dira eta beste batzuk buztanzuriak...
Ba goi-maila horretan mugitzen dira idazle horien pertsonaiak ere... Aldagarriak dira, giro berdinekoak dira Panaman edo Suitzan edo Hegoafrikan... Hala ere, arrazoi du Le Carrék: ez gara herri bat.
Baina erakusten duen etsipen honek bestelako sustraia du, inork ez du bizia arriskatzen kasino batengatik. Kasinozaleak entregatu egiten dira...
Panama transitoko herria da... Izugarria da, oihanean entrenatzen ginenean, beti galdetzen genion elkarri euskaldun arraio hark, Vasco Núñez de Balboak, nola demontre egin ahal izan zuen bidea itsaso batetik bestera, yelmo eta burdintzar haiekin, mandoz...
Ergelkeria litzateke etorri eder hau moztea okertxo bat zuzentzearren. Magnetofoia piztuko dudala egin diot keinu.
Colombiako jostuna
Oihal partida bat erosia zen eta ezin zuen ordaindu, espero baino traje gutiago ari zelako egiten, ustegabeko makalaldi ekonomiko batek eraginda. Oihalketariak ordea ahal zuen guztietan oroitarazten zion zorra. Jostundegian, karrikan, tabernan. Egun batean etxeraino joan zitzaion, eta familiaren aurrean eskatu zion zorra kitatzeko, bestela... Mehatxu egin zion. Biharamunean, dendako kristala garbitzen ari zela bezeroren baten zain, oihalketaria zetorkiola ikusi zuen. Karrikara irten zen bata kendu gabe, bere hartzekodunagana joan zen zuzen, atera zituen aizturrak sakelatik eta sastaka eraso zion hil arte, karrikaren erdian eta jendearen aurrean, Bogota hiribarnean.
Atxilotu zuten eta, noizbait, handik hilabeteetara, epaitegira eraman zuten. Abokatu defendatzaileak lasai egoteko esan zion, onik aterako zuela ataka hartarik. Jostunari ez zion ardura bizi guztirako zigorra ematen bazioten ere, oihalketaria hil zuenez gero halako bake gozo batean bizi zen. Hitz egin zuten lekukoek jostunak asko entzun gabe, traje hipotetikoen diseinuak egiten ziharduen bere artean, salatuen aulki estuan. Denek esaten zuten jostunak hil zuela oihalketaria, eta denek esaten zuten oihalketariak noiznahi eta edonon aipatzen ziola zorrarena. Abokatuaren txanda heldu zen.
«Epaile jaunok... Epaile jaunok... Epaile jaunok...»
Eta ez zuen besterik esan. Gaztea zen eta ez zekien jostun hiltzailea nola defendatu, antza. Baina jostuna lasai zegoen, ez zitzaion ardura bizi guztirako zigorra ematen bazioten ere.
«Epaile jaunok... Epaile jaunok... Epaile jaunok...»
«Abokatu jauna, aski da!»
Eta orduan abokatuak oso ezti erantzun zion amorratuta zegoen epaileari, behakoa publikoan hedatu ostean:
«Epaile jauna, halako amorruak hartzen baldin bazaitu nik «epaile jaunak» errepikatzen dudalako, egizu kontu nola jarriko zen nire bezeroa bere hartzekoduna entzun beharrez!»
Eta errugabe jo zuten jostuna.
Jorge Eliecer Gaitán
Abokatu bezala jardun izanak politikara ekarri zuen, eta hartan eman zuen bere balioa. Bazuen etorria, bazuen xarma, bazuen komenzitzeko indarra, behin «Epaile jaunok...» errepikatu hutsez irabazi bazuen ere auzi bat. Alderdi Liberaleko lider ukaezina zen, eta herri osoa zuen alde. Oligarkek, nola ez, gorroto zuten. 1949ko apirilaren 9an, arratsaldeko ordubata eta bostetan, bazkaltzera abiatu zen lau kidek gonbidatuta. Bulegotik irten orduko bertatik bertara egindako hiru tirok bota zuten Jorge Eliecer Gaitán abokatu mitikoa. Bere kideetarik inor ez zen zauritua izan. Ordu erdi geroago hil zen ospitalean.
Albistea berehala zabaldu zen Bogota osoan, eta «Jauregira!» oihukatu zuen norbaitek; menturaz jostun batek, aizturrak eskuan... Herriak, Ospina Pérezen diktaduraz okitua, hiria hartu zuen aste betez: sakeoak, barrikadak, tiroketak, mila hildako. Bogotazoa.
Ez omen zion herriari hitz egiten, hitza herriaren esana bera omen zuen. Hala erakarri zuen heriotza: Elizak, armadak, enpresariek, kontserbadoreek, komunistek, alderdi liberaleko kideek... denek behar zuten Gaitanen heriotza, hura hiltzea zutelako salbazio bakarra herriagandik zetorren oldarrak irents ez zitzan. Salbatu ziren, baina egundaino dirauen krisi politikoan murgildu zuten nazioa. Baiki, Jorge Elicer Gaitanen erahilketa dago gaur Colombiak bizi duen egoera gatazkatsuaren oinarrian.
Panamar ala Colombiar
Istmoak edo Lur Tinkoak beti ukan zuen nortasun administratibo berezia, gobernadorea zeukan eta bizitza ekonomiko propioa, geografiak berak erraztua. Venezuelako eta Nueva Granadako armada insurrektoak bat eginda Bolivarrek espainiarrak suntsitu zituenean Boyacá-ko borrokaldian, halako sukar nazionalista batek berotu zituen istmoko kriolloak. Armada errealeko tropa gehienak Quito-n setiatutakoak laguntzera joanak zirela profitatuz, panamarrek guarnizioa armagabetu eta independentzia aldarrikatu zuten 1821eko azaroaren 28an. Panama, Los Santos, Veraguas... erreskadan egin ziren Independentzia Aktak. Eta berehala, Bolivarrek amesten zuen Kolonbia Handian integratu ziren.
Panamarrok ukan genuen jeneral bat, Tomas Herrera, Bolivarren ondoan borrokatu zuena. Baina gaur ahantzia dago hori dena...
Gaitandarrak, Latinamerikan ohikoa zenez, bi adarretan bananduak ziren XIX. mendean: kontserbadoreak eta liberalak. Hauek denak hil ziren, batzuk zaharrez, besteak eri, zenbait balaz. Gaitandar bakarra gelditu zen bizirik azkenean, eta bera eskuindarra. Hartatik dator Eliecer hau, bere aita eta Jorge Elicer izter-lehengusuak ziren. Baina bera ez dela jatorriz colombiarra ziurtatzen dit, haiek omen dira, Gaitán zahar guztiak, panamar jatorrikoak, istmokoak, departamendukoak. Panama Colombiaren jatorrian: historiaren kinperra, kasinotik sortutako panamarraren kontzientzia.
Ama maistra nuen, nire aita baino kultoagoa, eta gaitandarra ez izan arren, Eliecer jarri zidan izena, martiriaren omenaldi gisa. Gero jakin nuen hori, noski, amak kontzientziatu ninduen... Sei urte nituela nik banekien nor zen Che, hark irakatsita.
Eta halakotzat dauka bere burua, zerbait izatekotan gebarista dela diost, iraultzaile latinamerikarra.
Indultoa eskaini zidaten lehengoan, baina nik ez nuen onartu. Intransijentea esan didate, terrorista, neure aberriaren alde altxa nintzelako inbasoreen aurka, neure betebehar konstituzionalak agintzen zidan bezalaxe! Titulu horiek, aberri alde direnean, noblezia tituluak dira, Koldo.
Elkarrizketan zehar maiz amaitzen ditu esaldiak horrela, neure izena aipatuz. Hurbiltasuna lortzeko teknikaren bat izan behar du, edo izen arrotz bat gogoan hartzekoa.
watermelon incident
Illinois ontziak itsasketa lasaia egin zuen, Atlantikoa bare eduki zuten eta mozkorraldi batzuk gora-behera, bidaiariek ez zuten bestelako istilurik ukan bisitatu zituzten Ertamerikako portuetan. Alaitasuna zen nagusi Colon jo zutenean ere. Ontzia utzi eta itsaso biak lotzen zituen trena gringoen obra eta ustiaketa hartu zuten, Panama City bisitatzeko. 1856ko apirilaren 15a zen. Dena zen espero bezala: beroa, hezetasuna, berdea, tipikotasuna... Espainiaren arrastoa eraikuntzetan eta afrikarren eta indioen arrastoa jendeetan. Halakoa zen trenbidea, diligentzia bat ematen zuen, eta Illinois ontziak ekarritako gringoek zurrutari ekin zioten. Trena gelditzen zen une oro, samalda bat indio eta mestizo ageri zitzaien fruta eskaintzen, eta whiskyak egarria kendu ordez areagotu egiten baitu, Jack Oliver-ek atzaparra erantsi zion Jose Manuel Luna saltzaileak erakusten zituen sandia-xerretako bati. Lunak irriño bat luzatu zion aurrena, gero, bandeja esku bakarraz eusten zuela, ahur hutsa erakutsi zion:
«Bost xentimo!»
Baina gringoak ez zion jaramonik egin. Marmarra altxa zen bagoian, Illinoiskoekin batera bazihoazen zenbait istmeño ere.
«Bost xentimo, sir!»
Nardatu zen Jack Oliver. Pistola bat atera eta mehatxatu egin zuen indio zikin hura. Gero, bagoian zihoazen «meloi-mutur» guztiak mehatxatu zituen, kanoia noratzen ziela. Ez dakigu nork bota zuen lehen tiroa. Sandia-xerraren Istilua izenarekin ezagutzen den gertakarian bi istmeño hil ziren, eta hamabost gringo, ez denak Illinois ontzikoak noski, Panaman bertan hainbat estatubatuar bizi baitzen, itsasotik itsasorainoko burdinbidea egitera etorriak eta honen inguruko zerbitzuetan kokatuak. Manifestaldi jendetsuak egin zituzten panamarrek gringoen harrokeria eta zanpaketa salatzeko. Latinamerikako estatuetan, ez dago bakar bat ere garai honetatik atzeragoko datarik erakuts lezakeenik protesta antigringoetan.
Urte bereko irailean Estatu Batuek beren marineen aurreneko lehorreratzea egin zuten Panaman. Gringoen eraso eta esku hartzeen zerrenda luzearen lehen saioa izan zen.
istmoaren independentzia
Hemeretzigarren mendeko azken urteak Kanalaren Konpainia Frantsesaren porrotak markatzen ditu, eta ez bakarrik Panaman, bilioi t'erdi libera bota baitzituen errekara aurrezle frantsesak. Honek ekarri zuen eskandala euskaldunenganaino ere iritsi zen, «Panama» artikulua idatzi zuen Hiriart-Urruty abade kazetariariak 1892an, Eskualduna aldizkarian. Bizitzetan ere halako hondatze izugarri bat gertatu zen, Panamara joandako 21.000 frantsesetatik 16.000 eraman zituen sukar horiak. Panamako afera lehertu zenetik jakina zen frantsesek ezin eginen zutela kanala, baina hala ere konpainia berri bat sortu zuten, Colombiarekin eginiko hitzarmena eta bertan zegoen hornidura teknikoa beste norbaiti saltzeko asmoz. Ez zen ideia txarra, Estatu Batuek lehenbailehen nahi zuten beren merkantziak itsasbazter batetik bestera eramateko bide labur bat, eta Colombiaren egoera politikoa ez zen fidagarria. Arrazoi zuen Konpainia berriak, baina ez zuen kontuan hartu Estatu Batuek inperialismora joko zutela beren interesak defendatzearren, motz gelditu ziren kalkulo politikoan.
Gringoek su eman zieten Colombiako liberalen eta konserbadoreen arteko etsaigo historikoari, gerra zibil odoltsu bat sortu arte: hiru urte, ehun mila hildako. Mila eguneko gerra esan ohi zaio. Giro horretan, Colombiako ekonomia hondaturik zela, nazioa politikoki zatitua eta gobernua gerrako ahaleginetan, hasi zituen Estatu Batuak kanala eraikitzeko solasak colombiarrekin. Konpainia Frantsesak eta Panamako burgesia komertzialak urduri zeuden, hitzarmenen bat noiz sinatuko zain. Noizbait lortu zen, Herrán-Hay izenekoa, 1902an. Denak ziren pozik, baina Colombiako parlamentuak ezetza eman zion hitzarmenari, soberania akasten zuelakoan. Gringoekiko hitzarmenak nekez dira baldintza egokietan lortzen.
Uko honek lur jo arazi zituen frantsesen asmoak eta Panamako merkatarien ametsak. Panamako bidea hartu ezean, Senatu estatubatuarrak erabakia zeukan Nicaraguan eginen zela Atlantikotik Barearainoko ubidea... Orduan ikusi zituen garbiki burgesia panamarrak istmoaren independentziaren abantailak. Estatu Batuekin zuzenean negoziatzea hobe zutela sinetsirik, mugimendu independentista bat hasi zuten Jose Agustin Arango-ren gidaritzapean, Justo Arosemena zela ideologoa. Estatu Batuek behar bezala sustatu zuten panamarren bereizte nahia, alegia, beren interesen arabera. Halako moldez non lortu zuten burgesia panamarrak frantses bat izenda zezan, Philippe Bunau Varilla izenekoa, kanalaren negoziatzeko ministro ahalguztiduna. Jaun honek ezarriak zituen diru puska batzuk Konpainia Frantsesean (garaiko 40 milioi dolar), eta honen premien alde jardun zuen gringoekikoan. Egia esan, Bunau Varillak salbatuko zituen, bereekin batera, Konpainia Frantsesaren azken interesak. Baina negoziaketak luze jotzen zuen. Panamarrak, asperturik, independentzia aldarrikatu zuten 1903ko azaroaren 3an. Colombiak ontziak eraman zituen istmorantz bereizketa suntsitzeko, baina ezin izan zuten ertzera asko hurbildu, gerra ontzi estatubatuarrek babestua baitzegoen.
Hala ere ontzi colombiar batek kanoikada bat jaurti ahal izan zuen Panama hiriburura. Hildakoa txinar bat izan zen! Ikusten duzu? Gure independentziaren lehen hildakoa ez zen panamarra ere! Izugarria da, Koldo: 1904ko hitzarmena, frantses batek sinatu zuen panamarren izenean!
Panama idenpendienteak bere ordezkariak Washingtonera ailegatu orduko, Philippe Bunau Varillak sinatua zuen akordio panamarren izenean. Alferrik gaitzitu zitzaizkion errepublika berriko aitajaunak. Bunau Varilla-Hay izeneko akordioak betirako ematen zizkien Estatu Batuei «kanalaren eremua» bezala zehazten ziren lurralde guztiak, eskubidea ematen zien Panamako barne-ordena ezartzeko, ubidearen ustiaketan ateratako mozkinetatik huskeria zen panamarrek jasoko zutena... Hala behar zuen izan gainera Theodore Roosevelt barregarri gera ez zedin: I took Panama esana zuen istmeñoen independentzia kongresistei zehatz konpreniarazteko.
Sinatutakoa onartu beste aukerarik ez zieten eman Estatu Batuek. Hitzarmen honek ordea panamartasunaren kontzientzia ere piztu zuela burgesian esanen nuke nik, eta urtez urte honen aldatzeko egin dituzten ahaleginak erakutsi duela nazio kontzientzia bat mende osoan zehar. Estatu Batuetako Journal of Comerce egunkariak eginiko kalkuluaren arabera, kanalaren 70 urtetako ustiaketan, Panamak 67 milioi dolar jaso zituen, Estatu Batuek 20.000 milioitik oso gora. Ikuspegi honetatik ulertu behar da noski 1977ko Torrijos-Carter hitzarmena, prozesu luze eta zail baten ondorio moduan.
Hitzarmena onartu ez zuen bakarra Victoriano Lorenzo jenerala izan zen, indioa bera, independentziaren alde armak eskuan borrokatu zena. Gringoek agindu zieten panamar notableei ekar zezatela Victoriano Lorenzo, hitz egiteko, Wisconsin korazatura. Lorenzok sinetsi egin zuen gringoen hitza, baina hitz egiteko ontziratu zenean, kateatu egin zuten. Gerra kontseilua egin zioten gringoek, eta handik bi egunera fusilatu zuten.
Zein izan ziren karguak?
Zein izango ziren ba? Bidelapur, bortxalari... ohorezko tituluak, aberria defendatzeagatik direnean. Noriegari egin zizkioten akusazio berdinak, egian esan. Gringoek oso ongi jokatu zuten hartan ere, Victoriano Lorenzo asesinatuta gero bere gerrako parte guztiak bildu eta erre egin zituzten. Ondorioz, Panama ez zen inoiz altxa armak eskuan bere burua defendatzeko, horrelaxe desidazten da historia.
Kontzientziaren aztarnak izan litezkeenak ezabatzea errepikatu egiten da inperialisten estrategian, Omar Torrijos aireportuak Tucumen izena du orain. Hori omen zuen izen betidanikoa, aireportuak betidanikoak baldin badira behintzat. Baina jatorrizko izenak berreskuratze horren atzean naziotasunaren urtzea dago, sinboloen suntsitzea, kontzientzia politikoa ekar lezakeen ororen ezkutatzea, bestela ezin baita ulertu zergatik eraman zituzten gringoek Omar Torrijos museoan zeuden puska eta oroigarri guztiak, lehenbailehen hartu beharreko leku estrategikoetan zegoen zerrendatua 50 karrikako etxea, Marriot hotelaren hurbil. Inbasioaren ondoren zutik geldituriko pareta zatien eraisteari ekin zitzaionean marineak arta bereziarekin birrindu zituzten Defentsa Indarren armarriak eta irudiak banan bana... Inork pentsa ez dezan defentsarik egon zenik ere, inork ekar ez dezan akordura Torrijosen esaldi jenial ugari haietakoren bat: «Istmo bat dagoelako izan zen posible hemen Kanala. Gringoek batekoz bestera jartzen dituzte gauzak: Kanala dagoelako uste dute dagoela istmoa.»
Baina argudio hauek denak ahul gelditzen dira Panamako izenen aldaketan betidanikotasuna ez dela printzio unibertsala izan frogatzen duen bitxikeria jakiten dugularik: Chorrillo suntsituaren gainean eraiki behar zen auzune berriari Barriada 20 de Diciembre izena jartzea proposatu zuen Endararen gobernuak, hondakinak ketan zeudelarik.
beste arosemenatar bat
Inoiz ez ziren ikusi bandera biak, Estatu Batuetakoa eta Panamakoa elkarren ondoan 1962ko urriaren 12ª arte. Egun horretan muztu zen Panama bitan zatitzen zuen kanalaren gaineko zubia. Ez istilurik gabe: Estatu Batuek Thatcher Ferry Bridge eman nahi zion izena zubiari, kanaleko gobernadore ohi baten omenez; Panamak berriz Puente de las Americas. Manifestaldi bat deitu zuten panamarrek, eta izen ingelesa ezabatu zuten. Zonian batek auzi jo zuen bandera biak jasotzearen aurka... Noizbait legeztatu zen bandera bien jasotzea, eskoletan eta egoitza zibiletan.
1964ko urtarrilaren 9an ezusteko bisista hartu zuen Dídimo Ríos irakasleak Institutu Nazionaleko bulegoan. Mutilek ikastetxeko bandera zaharra eskatzen zioten, Balboako eskolan paratzeko, Zona barruan, Banderen Hitzarmenak agintzen zuenez. Ríos hunkitu zen, eta eman egin zien giltzapean gordetzen zuen erlikia, 1948, 1958 eta 1959ko agerraldietan ibilitakoa. Zetazkoa zen, urratu bat zeukan goialdean eta odol arrastoak.
«Panama ez soberana en la zona del canal!»
«Fleming go home!»
«Panama no es un protectorado: es libre y soberana!»
Zonako poliziako kapitaina, Gaddis Wall, irten zitzaien bidera, Felipe Cazabon itzultzailea lagun.
«Gure bandera jaso nahi dugu Balboako eskolan.»
«Ez da posible, masta bakarra dago.»
«Baina masta horrek bi soka-joko ditu.»
«Istiluak gerta litezke. Ezin duzue denok pasa. Zatozte dozena erdi bat lagun, zabal ezazue bandera eskuak goraturik, nahi baduzue.»
«Ados, eta Panamako himnoa kantatuko dugu.»
Balboako eskolaren inguruan bilduak ziren ordurako bostehunen bat zonian, guraso eta ikasleak. Belaunak dar-dar batean abiatu ziren sei ikasleak bandera zabalik Balboarantz.
«Panameños go to hell!»
Aitzina egin zuten. Balboan bildutakoak «No, no, no...!» hasi ziren. Wall kapitaina urduri zegoen.
«Geldi hor, zabal ezazue bandera, kanta zeuen himnoa eta alde!»
Amorru batean hasi ziren ikasle panamarrak:
Alcanzamos por fin la victoria
En el campo feliz de la unión;
Con ardientes fulgores de gloria
Se ilumina la nueva nación...
Eta zonian guztiak:
Oh, say can you see, by the dawn's early light,
What so proudly we hailed at the twilight's last gleaming?
Whose broad stripes and bright stars, through the perilous fight,
O'er the ramparts we watched, were so gallantly streaming?
And the rockets' red glare, the bombs bursting in air...
Lotsaturik isildu behar izan zuten panamarrek. Cazabonek alferrik itzuli zien behin eta berriz Well kapitainaren agindua:
«Zoazte!»
Poliziek bultza egin zieten. Zonian baten bandera kendu nahi izan zien.
«Get those dogs out of here!»
Porra kolpe batek urratu zuen bandera. Napoleon Bernard gazteak muturreko bat eman zion poliziari...
Zonan sartuak ez ziren ikasleak abisu ematera itzuli ziren Panamarantz, zer gertatzen ari zen. Mobilizatu ziren gainerako ikasleak: Panama hirian zeuden Zonako matrikuladun autoak harrikatu zituzten, gringoen mende zegoen tren geltokira hartu zuten, molotov batzuk jaurti zituzten, tiroak entzun ziren, harrika eman zieten Zonatik heldutako suhiltzaileei...
«Zonara! Zonara!»
Iluntzen hasia zen, eta 4.000 panamar erreminduk hartu nahi zuten Zona. Agintari gringoek Adolfo Chiari lehendakariari deitu zioten, Guardia Nazionala atera zezan. Baina Chiarik ez ezin zuen panamarren haserrea zanpatu: polizia asko, paisanoz eta armak eskuan, manifestarien artean zihoazen, Estatu Batuak inbaditu eta ahal zuten gringo gehienak akabatzeko asmoan.
«Yanki, go home!»
Lehen gas poteak eta perdigoi deskargak heldu ziren.
«Yanki, Fidel come to kill you!»
Zonako poliziak ezin zuen amorru hura menderatu. Soldaduek ordezkatu zituzten.
«Puertorriqueños muertos de hambre, no tienen patria!»
Jorge Gastelú peruarra zen jaiotzez, baina urte asko zeramatzan Panaman, irrati-komunikazioa ikastera etorri eta bertan ezkondua zen. Argazkilaria zen, eta Zonatik etxera zetorrela erdian harrapatu zuten istiluek. Bere Rolleiflex-a atera eta argazki batzuk egin zituen lentea 3.5ean zabalduta. Haietako bat ezaguna eginen zen mundu osoan. Tel Aviv-eko museoan dago egun mural gisa, herrien subirotasun nahia erakusten duelako: Ricardo Hurtado ikaslea Zonako langa iragan nahirik Panamako bandera eskuan. Gastelúk argazkia atera besterik, bala batek jo zuen Hurtado. Beste ikasle batek, Ascanio Arosemenak, lepoan hartu zuen eta lasterka abiatu zen laguna eritetxera eramatera.
Handik labur, manifestariek jakin zutenean Ascanio balaka hil zutela, buztanbeltzek urteetan gordetako errabiamendu guztia lehertu zen Panamako eta Colon-eko karriketan, gau osoan iraun zuen matxinadan: 12 hildako eta 471 zauritu ospitaletan zainduak, denak gringoek eraginak.
Chiariren gobernuak harreman diplomatikoak eten zituen Estatu Batuekin. Urtarrilaren 9a dolu eguna ezarri zen Panaman.
Hamahiru urte geroago, Omar Torrijosek gonbidatu berezi bat eraman zuen Kanalaren gaineko Hitzarmena sinatu behar zuenean, herren egiten zuen gizon gazte bat: Ricardo Hurtado.
1990eko urtarrilaren 9an, 1964ko martirien gorazarrez egiten omen zen zeremonian, Chorrillo zenetik ez oso urrun, hauxe esan zion pulpitutik Marcus McGrathek marineek zaintzen zuten jendetzari:
«Ez gaitezela inoiz berriro itzuli nazionalismo eskluiente eta mehar batera...»
Ba ote zegoen samalda mututu hartan Diana Moran poetaren bertsoak gogoratzen zituenik?
Izotza izotzaren gainean, Ascanio,
Zainetan arrainik ez...
© Koldo Izagirre