Punta Paitillako aterpea

 

Mora enbaxadoreak eskainia zion Kubaren laguntza, baina Noriegak ez zuen nahi Cubarekiko tentsioa areago zezaten, gringoek Kubako enbaxada eraso zezaten aitzakia ere ez zuen izan nahi. Bazekien eginen zutela, nazioarteko lege guztien aurka, hamar urte lehenago iraniarrek Estatu Batuen enbaxada hartu zutenean esan eta egin zituzten lantuak ahantzita... Libiako enbaxada setioan hartua zen ordurako; laguntzaileek azaldu ziotenez, etxez etxe zebiltzan gringoak bere peskizan. Chiriquírako bide guztiak moztuak zeuden. Orduan mugitzea erabaki zuen Noriegak.

        Noriegak pentsatu zuen plana hauxe izan zen: inguratua zeukan zirkulua hautsi, Nuntziaturan sartu oinez edo ezkutuan, eta handik babes diplomatikoa baliatzea Panama Viejon ezkutatzeko, han ibili behar baitzuten eskuadroi txipitan borrokan Cordoba eta Madriñan koronelak. Antolatu zioten bizkarzainek hitzordua, eta luze gabe limusina bat ikusi zuen hurbiltzen, Vaticanoren banderatxoa eta guzti. Bi gizonezko zetozen aurrealdean, txoferra eta Laboa, hala uste zuen Noriegak.

        — Zergatik ez zinen zeu joan autoan, Noriegaren bila?

        — Ezin nuen Nuntziatura utzi, zuk badakizu zenbat dei eta fax eta hartzen ari nintzen orduan?

        Jose Sebastian Laboa Nuntziaturan gelditu zen. Javier Villanueva klaretianoa izan zen, Noriegaren etsai amorratua, Cristo Rey parrokian bere aurkako sermoiak zirela eta hilabete batzuk lehenago Nuntziaturan ezkutatu behar izan zuena, Laboak bidalitako ordezkoa Noriegaren bila, Laboaz jantzita.

        «Baina, Monseñor, gizon hori Nuntziaturan...!»

        «Deabrua bera etorriko balitz aterpe eske, Jesukristok persekutatua, Nuntziaturak zabaldu eginen luke atea!»

        Nuntzioak apaldu egin nahi zukeen Villanueva, zuhurtu, zentzatu, eta menturaz horregatik bidali zuen deabrua Jesukristoren atzaparretatik salbatzera, edo beharbada McGrath arzobispo eskuindar eta gringozalearen jarraitzaile sutsua izanik erraztasun handiagoak ukanen zituelakoan barrikadak iragaiteko... Edo ikara pasarazteko, besterik gabe. Zion beldurra ezin ezkutatuz mintzatu zitzaion behintzat jeneralari:

        «Monseñor Laboak igorri nau zure bila. Zure zain dago Nuntziaturan.»

        Granada batzuk eta AK-47 riflea hartu zituen Noriegak Ulises Rodriguez laguntzaileak eskaintzen zizkion armetatik. Haiekin sartu zen limusinan Noriega, Villanuevaren izua handiagotuz. Autora hurbildu zen Noriegaren laguntzailea. Zakarki agindu zuen Villanuevak:

        «Zuk ezin duzu etorri, jeneralak bakarrik.»

        «Kontuz ibili, nausi» esan zion Rodriguezek, urrundu baino lehen.

        Hitz guti egin zuten bidean. Komando gringoak batera eta bestera zebiltzan jeneralaren arrastoan, mira teleskopikoko eta gauerako rifleekin, kamuflaia jantzitan, adartxoak bizkarretik gora, basotxo urbano ibiltariak balira moduan.

        «Zurekin hitz egiteko etorria da Nuntzioa Europatik.»

        Atzeko kortinak emanda pasa zen Laboaren limusina barrikadetatik barrena, jirabira asko eginez eta zeharbideak hartuz. Hogei minuturen buruan Vaticanoren enbaxadako patioan zeuden. Eraikuntzan sartu zenean, Eliecer Gaitán izan zen ikusi zuen lehen pertsona.

        «Nuntzioa barruan dago.»

        Noriegak atzera egin zuen, AK-47a hartzera, ez noski Laboa akabatzeko baina. Gaitanek heldu zion:

        «Hartuko dut nik autoa garajean sartutakoan.»

 

 

Eliecer Gaitán kapitaina Noriega sortu zen herrialde berekoa zen, Chiriquíkoa. Panamako ofizial lerro ezagun batetik zetorren, tradizio handiko familiatik. Argentinako Akademia Militarrean ikasi zuen gero ospetsua eginen zen Mohamed Seineldin koronelaren aginduetara. Panamara itzulitakoan inteligentziako zerbitzuetan aritu zen, G-2 bezala ezagutzen zen erakunde sekretuan. Noriegak dioenez «ofizial bikaina» zen. Unitate antiterroristetan ibili ondoren, jeneralaren zaindaritza personalera pasa zen, aldi berean G-2ko buru zela. Zeregin ugariak zituen zaindari taldearen barruan: harreman administratiboak egiten zituen Noriegaren izenean militar unitate desberdinekin, eta attaché bezala ere egiten zuen lan, antolakuntza logistikoa zuzenduz. Ikasketa Militarren Institutoa sortzeko asmoa zuten Panamako Defentsa Indarrek, eta hartarako instrukzio militarra antolatzen ari zen. «Elicer Gaitanek etorkizun handia zeukan bere aurrean, EEBBen inbasioak bere karrera profesionala moztu zuen arte,» aitortzen du Noriegak bere fiantzako gizonaz. Ez da harritzekoa, beraz, Nuntziaturan aurkituak poztu izana. Poztasun horrek, ordea, bazuen antzerkitik zerbait, Gaitán aurreko bi egunetan sartu-irten ibili baitzen Nuntziaturan, sobra ere, Noriegaren etorrera prestatzen. Gaitanek ez zeukan batere asmorik bertan gelditzeko, egitekoak egindakoan ostera irten eta borroka antolatu behar zuen, baina gringoek etxea inguratu zuten berehala, eta hantxe gelditu behar izan zuen.

        Bada 1996ko martxoan Floridako Sarasota hirian muztutako antzerki bat, ikusteko paradarik ukan ez dudana, The General & the Archbishop, Laboa eta Noriegaren arteko tirabira moduan egina, antzerkiak maite dituen tentsio gune horietakoa: bi pertsonai aurrez aurre, presioa egiten duen indar handi batek inguratuak... Halaxe gerta zedila nahiko zuten protagonista biek ere, buruz buruko nor-gehiagoka bat, sekretupeko lehia bat...

        Eliecer Gaitanek ezin izan zuen inbasio osteko erresistentzia antolatu, baina Nuntziaturan gelditu behar izanak lekuko bihurtu zuen, inguru bortitz bateean buruz buru jardun zuten bi pertsonairen arteko lehiaren lekuko.

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus