Maxwell Thurman-en garagardo epeldua

 

1989ko abenduaren 20an, goizeko 00:10ak zirelarik, gauaren ilunenean, Grenadan, Santo Domingon, Nicaraguan, Mexicon, Haitin, Kuban eta Puerto Ricon egin bezala egin zuten Estatu Batuek Panaman:  big stick politika erabili zuen, eta munduak garbi ikus zezan arbitrarioa dena morala bihur dezakeela inperioak, Just Cause ezarri zion izena inbasioari. Zer da mundua, izan ere? We are the world!

        Zaldia oinezkoaren aurka, arkabuza geziaren aurka, yelmoak lumeen aurka, galeoiak txalupen aurka, kanoia lantzaren aurka... 1492an eman zen «kulturen arteko topaketa» berri bat izan zen 1989ko Panamaren inbasioa; konkistatzaileak zerutik lehorreratzea, alde bakarra. Gainerakoan gauza bera izan zen Bigarren Mundu Gerraz geroztik egin zen aire-garraio handien hura: bonbardaketari isilen eta konputadoraz gidaturiko helikopteroen larderia, 775 aire-misio, 5.000 hegaldi ordu, 12.000 tona materiale zeruan... gerrako hegazkinik ez zeukan armada baten aurka!

        «Airetik bai... horiek ez zaukatek barrabilik lurrean borrokatzeko!»

        Halaxe ziotson euskal deportatu batek bere abokatuari, Panamatik. Eta arrazoi zeukan neurri handi batean, inbasioa hasi eta hirugarren egunean sartu ziren lurrez. Baina orduan ere laser izpiko fusilez eta zernahi maxina erabiliz... Abenduaren 23an eta 24an gringoen kontra buruz buru gogorkien borrokatu zutenetako panamar batek esan zidanez, 1989ko inbasioa galaxien gerra izan zen Lurra izeneko planetaren aurka. Ez zitzaidan alderatze desegokia iruditu.

        Goizeko 01:30etan Etxe Zuriko eledunak, Martin Fitzwater-ek, prentsaurreko garrantzitsu batera deitu zituen kazetariak. Ohore bat izan zen berarentzat gertatuen bertsio ofiziala ematea. Gauza ederra zen munduak diktadore bat gutiago ukaitea, eta are ederragoa kanalari buruzko hitzarmenak babestea.

 

 

Maxwell Thurman jenerala Guatemalan egona zen armadaren aholkulari gisa kontrainsurgentzian, Panama inbadituko zuten tropen buruzagitza hartu baino lehen Panama hirian dagoen Quarry Heigths zentroan.  Latinamerikarrak mesprezatzen zituelako edo, antza, John Wayneren menturak maite zituelako, edo beharbada biengatik, marine harroek filmeetan hitz egiten duten bezalaxe bota zuen bere esaldi historikoa:

        «Eskatzen dut garagardo bat, inbaditzen dut Panama, itzultzen naiz tabernara eta garagardoa oraindik hotza dago.»

        Zortzi orduren buruan dena mendean hartuko zutela zeukaten kalkulatua Pentagonoko adituek, baina Juste Cause operazioa ez zen ofizialki amaitu 1990ko urtarrilaren 31 arte. Gringoen estrategen arabera, eraso batean defentsaren halako hiru izan behar dute indarrek, garaipena garantizatzeko. Ez bakarrik teknologian, baita armaketan eta soldadu kopuruan ere. Gringoek, ordea, 57.000 marine erabili zituzten guztira, Panamako indarren halako 20, teknologia kontuan hartu gabe. Zergatik munduko potentzia handienak behar du halako zanpaketa indarra Euskal Herriaren superfiziea eta milioi bat biztanle gutiago duen estatu bat mendean hartzeko? 

        — Gringoek beti segurutik jotzen dute. Eta beldur ziren Latinamerikak erreakzioren bat ukanen ote zuen, nazioartekotzak funtzionatuko zuen, badakizu sandinistak oraindik boterean zeudela, eta El Salvadorren berriz gerrilla oso gogor ari zen, ez genuen Kuba bakarrik laguntzaile posibleen artean. Zanpagarri izan nahi zuten, egizu kontu Eguberritan jo gintuztela... NBEn inor ez, diplomatikoak oporretan, gerrillak su etenean.

        — Eta zuek, zenbat zineten?

        — Gure indarrak 1.500 borroka unitate ziren; eta Duintasunaren Batailoiek 4.000 lagun biltzen zituzten, ez denak armatuak. Guk genuen armarik onena RPG sobietiko eta iparramerikarrak ziren, kohete-jaurtitzaileak...

        Anonimatua gorde diezaiodala eskatu dit lotinant ohi honek, arazoak eduki litzake.

        — Teknologia ere frogatu nahi zuten, gero Irak-en erabili zutenaren laborategi txipi bat izan zen Panama: laser izpiak, bonbardaketari isilak, konputadoraz gidaturiko helikopteroak...

        Pilotua bertan dago, baina hamar mila metrotan dagoen Hawk hegazkinak bidaltzen dio Apache helikoptearoari etsaiaren posizioa. Horregatik suntsitu omen zituzten konboi zibilak Kosovon, helikopteroko pilotuak ez du jomuga ikusi ere egiten, konputadorak agintzen diona egiten du...

        — Gringoak hain zanpagarri jardutearen funtsa hiru puntutan labur liteke: azkar egin arin amaitzeko, atzera eragin ezein elkartasuni, laborategi gisa baliatu. Eta hala ere, garagardoa epeldu egin zitzaion Thurman jeneralari...

        Bera ibilitako borroketan 25 bat marine ikusi zituen hiltzen: bi helikoptero bota zizkieten, komunikazio postu bat suntsitu zieten eta sarraski bat egin zuten lehorreraketa bat saiatu zuten txalupa arin bateko infanteetan. Baina kalterik handienak RPG delako kohetegailuekin egin zieten Delta Force tropa bereziei. Koheteak, antza, txapa blindatua zulatzen du, eta ondoren berotasun kiskalgarri bat zabaltzen. Armarik egokiena da, beraz, tanke eta gurdi blindatuen aurka, IRAk erabili izan zituen halakoak.

        — Blindatuetan zortzi soldadu joaten dituk. Guk RPGekin jotakoen arabera, eta barruko denak hildakotzat ez ematearren, lau hildako kontatuz, 200 marine garbitu genituela esanen nuke nik. Eliecer Gaitanen aginduetara ibili nintzen, borrokalekuaren %25ean besterik ez genuen lan egin, hortik atera liteke...

        — Baina kalkulu horren arabera 800 bat marine hil ziren inbasioan, oso kopuru altua da ezkutatu ahal izateko, datu ofizialek diote 23 manire hil zirela...

        — Jendeak ez daki... Viet-Namekoaz geroztik, gringoek oso ongi ikasia dute bajak ezkutatzea ezinbestekoa zaiela barne iritzia kontrolatzeko. Antolamendu on bat daukate, Irak-en ere ongi estali zituzten beraien arma kimikoek eragindako autokalteak... Funtsean, Estatu Batuetako armada Atzerritarren Legioak dira, pirata legeztatuak. Armada gringoa atzerritarrez betea dago, eta ez bakarrik latinamerikarrez. Marine bilohoria hamarretik bat baino ez da, baina beti ageriko da argazkietan; marineak oro har zakur-jaki dira, oso errazak ezkutatzeko baja bezala. Jende gutik daki hori. Beraientzat, made in USA direnak bakarrik dira baja, ez besteak.

        — Nolakoa da ba, antolamendu hori?

        — Eman dezagun Santurce-ko marine bat, Puerto Rico-ko herri horretakoa, Panaman hila. Ba bere semearen heriotzatik sei edo zazpi hilabetera hartuko du gorpua amak, zerraldo itxi eta zigileztatu batean, txeke batekin. Txeke batekin eta honen antzeko gutun batekin: «Zure semea Estatu Batuen armadako lanetan ari zela hil da joan den astean, Koreako mugan lan humanitario bat egiten ari zelarik, bideko istripu batean.»

        Badu funtsik esaten didanak. Monseñor Laboari galdetu nion bi-hiru mila hildako izan ote ziren panamarrak.

        — Esaten dena baino askoz gehiago izan ziren, bi aldeetatik.

        Hego Komandoko iturri ofizialak 350 militar eta 218 zibil eman zuen hildako panamarren kopurutzat. Madrilek Puente de las Americas-en metrailaturiko espainiar baten gorpua eskatu zuen Madrilek. Orduan jakin zen armada estatubatuarrak fosatan lurperatu zituela, Fort Cleyton-go esparruan, bildutako gorpuak. Aurki, gringoek ezarritako gobernuak ez zituen erreklamatuko panamarren gorpuak.

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus