Antonio Albizu Salegi

 

Debarra da jaiotzez Antonio Albizu. Arantzazuko frantziskotar izana da, Kubatik bueltan atera zen arte. Fraide gisa joan zen Kubara, eta oker ez banago Fidel Castro sartzean hura atera egin zen. 1960 inguruko kontuak dira horiek.

        1963an aurkitu ditut nik bere lehen sinadurak zentsurako txostenetan. Pentsatzekoa da Kubatik bueltan, fraidetza utzi eta Madrilen jarriko zela bizitzen. Eta hemen, agian Oromi lagunak-edo aurkituko ziola lana Ministerioan.

        Ministeriotan lan egiten zuela bagenekien, esate baterako, Jakin-en. Zein ministeriotan ziharduen ez genekien, ordea. Eta gutxiago, zein lanetan zebilen. Ezin zitekeen jakin ere, talde sekretu edo isilpeko bezala funtzionatzen baitzuen zentsoreen zerbitzuak. Ezin ziren zentsore gisa identifikatu inoren aurrean.

Jakin aldizkaria debekatu zutenean, 1969ko abuztuan, Antonio Albizurengana joateko esan zidan norbaitek, Deban zegoela udako oporrak pasatzen eta hark agian lagun ziezagukeela. Halaxe bildu zen gizajo hau berarekin Deban. Ez zidan aurrerabide handirik eman, zaila zela, Ministro Kontseilura jo behar zela... Esku hutsik atera nintzen.

        Ministro Kontseilura helegitea egin genuen. Zeharbideetatik ere saiatu ginen. Karlos Santamariak Valle de los Caídos-ko abade Lojendioren bitartekaritza bilatu zuen. Egin genuen ahalegin guztia, alferrik.

        Eta hara non, Alcaláko artxiboko Aldizkarien Sailean, euskal aldizkarien gorabeheren bila nabilela, dena bat-batean argitzen zaidan. Arrazoi zuen Albizuk ez zegoela zer eginik esan zidanean. Berak bazekien, berak egin baitzituen Jakin-eko itzulpenak eta txostenak. Sekulako kolpea hartu nuen. 15 urte behar izan nituen horretaz jabetzeko.

        Euskarazko liburu gehien-gehienak, Fragaren alditik hasi eta zentsuraren agintealdia bukatu arteino, Antonio Albizuk irakurri ditu Madrilen. Bere anaia Jose Luis ere inguratu du. Jose Luis ez zen plantillako zentsorea, kanpoko irakurlea baizik. Kontuan izan behar da liburu batzuk probintzietako delegazioetan irakurri ohi zirela, eta ez Madrilen.

        Antonio Albizuk etxetik zekien euskara. Ez zuen landu. Etxekoaz aparte zekien euskara, zentsuratu behar zituen testuetan ikasia beharko du. Behin eta berriz aipatzen du holako edo halako liburuak euskara zaila duela, ulergaitza. Berarentzat, noski. Bere itzulpen batzuk ere «dastatu» ditugu. Euskararen ezagumen eskasa du, dudarik ez da.

        Lanean zehar aipatu ditugun itzulpen gaiztoak ez dira guztiak Antonio Albizurenak. Berak kontatu zidan, ikerketa egiten ari nintzela berarekin bildu nintzenean, autore batzuen testuak «belzteko» gomendatzen ziotela, baina berak ez zuela halakorik sekula egin.

 

 

© Joan Mari Torrealdai

 

 

"Joan Mari Torrealdai / Artaziak" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus