Olerkiaren arriskua

 

Urte hauetako zentsuran aurkitu ditugun espedienterik mardulenak olerki-liburuei dagozkie. Gabriel Arestiren Harrizko Herri Hau aipatu dugu, eta gainera: Joxean Artzeren Isturitze-tik Tolosan barru, Laino guztien azpitik eta Eta sasi guztien gainetik; Joxe Azurmendiren Hitz berdeak; eta Bitoriano Gandiagaren Hiru gizon bakarka.

        Badirudi zentsoreak, estua izaki beti, estuago jokatu duela olerkiarekin narratibarekin baino. Bi arrazoi egon daitezke honen azpian. Bat, hizkuntza poetikoaren ezaugarri propioak: emozioa, iradokizuna, ebokazioa.

        Antologikoa iruditzen zait zentsorearen jokamoldeari buruz Gabriel Arias Salgado zentsura-teorizatzaileak idatzita utzi zuena. Hots, tribunala iritsi ezin daitekeen zirrikituetara iritsi behar duela zentsoreak, eta nola iritsi behar duen. Zer miatu behar duen? Edukiak bakarrik ez, baizik eta: «los secretos de la gramática, la habilidad de la alusión, la sutileza de los recursos literarios, las ambivalencias de alguna figura retórica, las segundas intenciones que para el público son perfectamente inteligibles a la primera...».

        Jakina, peskiza-mota honetarako joko gehiago ematen du olerkiak. Hizkuntza poetikoaren izaera ebokatzaile eta pluribalenteak askatasun handiagoa ematen dio zentsoreari esaldiak-eta nahi dituen modura interpretatzeko. Sarri, testua bere horretan aztertu ordez egilearen intentzioez aritu izan da zentsorea, froga handirik gabe. Baina berdin dio, bere egitekoa baita bigarren intentzioak harrapatzea, txakurrak erbia bezala.

        Are gehiago. Zenbait hitz edo kontzepturen hurbilketa (are elkarketa) arriskugarri jotzen du zentsurak urte hauetan. «Herria» edo «Euskal Herria» kontzeptuen ondoan ezin daitezke jarri beste hauek: «itzarri», «nortasuna», «anaitasuna», «maitasuna», eta gutxiago, «askatasuna». Eta kontrako aldetik, ezta beste hauek ere: «katea», «ekaitza», «zigorra», adibidez. Zentsoreak arkatz gorria dantzan jartzen du kontzeptu hauen edozein elkarketak.

        Delegatuen eta zentsoreen luman inoiz edo behin beste arrisku bat ageri da. Eta da, hain zuzen, olerki hauek abestu egiten direla eta era honetara olerkion eragin soziala biderkatu egiten dela. Olerkiarekin gogorrago jokatzeko beste motibo bat, ezta?

        Olerkien eraginkortasuna kantuaren bidez handia dela esaten dutenean, arrazoia eman behar zentsoreei. Garai hartako olerki kantatuenetakoen artean daude Artzeren, Azurmendiren eta Gandiagaren batzuk.

 

 

© Joan Mari Torrealdai

 

 

"Joan Mari Torrealdai / Artaziak" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus