1969-75
Lehenago azpimarratu dut argitalgintzaren munduan urrats handia egin zela urtealdi honetan, 1968-69 urteotan goitik behera aldatu baitzen panorama editoriala. Argitaletxe berriak politika editorial jakin bat dauka, plan bat, euskaraz publikatzen du, gai guztiei heltzen die, euskara batua darabil. Horra hitz gutxitan urte hauetan sortuko diren argitaletxe berrien elementu bateragarriak. Helburu horiek aurrera eraman ahal izateko argitaletxe bakoitzak talde bat du bere baitan, gidari eta langile. Honako hauek daude inportanteenen artean: Gordailu (1969), Lur (1969), Etor (1970), Irakur Sail (1970), Jakin (1971), Iker (1972), Gero (1973), Elkar (1973).
Liburu-produkzioak jauzi handia egin zuen, kantitatez nahiz kalitatez. Batez beste 100 titulu kaleratu ziren urtean. Olerkia, narratiba eta saiakera, hiru generoak landu ziren modu inportantean. Saioaren gorakada da, agian, urte hauetako ezaugarri nagusia. Zoritxarrez, jaio eta hil, urte hauetantxe egin zen saiakera politiko-ideologiko hura.
© Joan Mari Torrealdai