Arestiren literatur lanak osorik

 

Susa argitaletxeak Gabriel Arestiren literatur lanak izenburupean Arestiren obra guztiak argitaratu zituen 1986an. Guztiak eta osorik, lehen aldiz. Arestik berak pentsatu, nahi eta diseinatu bezala.

        Horrela, irakurleak badaki jatorrizko Euskal Harria zein izan zen. Eta badaki, baita ere, izartxo batez seinalatuak daudelako, zeintzuk diren zentsurak atzera bota zituenak.

        Jatorrizko bertsio hori Alcalá de Henaresko Archivo General de la Administración Civil deritzoneko artxibokoa da. A zer nolako poza sentitu nuen material hau aurkitu nuenean! Eta zorionez, pare-parean suertatu zen Susaren edizioa. Ikerlan batek nekez izan dezake sari hoberik!

        Ikerlariak senti dezakeen pozaren gainetik dago, kulturarako, literaturako, aurkikunde horiek duten garrantzia. Material horiek berreskuratzearen garrantzia azpimarratu beharrekoa iruditzen zait. Autoreari, editoreari, justizia egitea bera ez da gutxi. Eta horrezaz gainera testua bere jatorrizko jatortasunean ezagutzera ematen da.

        Aurkitu ditut beste material batzuk ere bere osoan: Joxe Azurmendiren Hizkuntza, Etnia eta Marxismoa adibidez, plazaratu zen bertsioa ez baita berdina. Eta zenbat eta zenbat liburu «inausiak»? Argitara emanik ezagutzen dugun liburu asko ez dira autoreak idatzi bezala atera, zentsurak nahi bezala baizik.

        Arestiri behintzat justizia egin zaio Susako edizioan.

 

 

© Joan Mari Torrealdai

 

 

"Joan Mari Torrealdai / Artaziak" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus