Ez omen dago zentsurarik

 

Gandiagak kontatzen du nola haserretu zitzaizkion behin Delegazioan berak «zentsura» aipatu zuenean. 1966ko Legearen ondotik ez omen dago jada zentsurarik. Egia da, formalki.

        Hitza ezin da aipatu. Baina errealitatea lehengoaren antzekoa da, kontrolaren aldetik. Teorian bakarrik desagertu da zentsura. Borondatezko kontsultatik pasa ala pasa gabe, aurretiazko deposituan liburua uzten denean, Administrazioak nahi duena egin dezake liburu horrekin, publikoaren eskuetara iritsi aurretik. De facto, kontrolak lehen bezalaxe jarraitu zuen.

        Miguel Cruz Hernández-en iritziak badu pisua izateko motiborik. Liburuaren zuzendari izan da Ministerioan trantsizioko urteetan. Berari tokatu zitzaion, hain zuzen ere, Fragaren legea desmontatzea, 1977an. Zentsura frankistari buruz Amsterdamgo Unibertsitatean izan genuen Kongresu batean honela esan zuen berak:

 

La ley de Prensa e Imprenta suponía el desmantelamiento del sistema de censura de libros, pero la 'consulta voluntaria' dejaba abierta la puerta a su existencia práctica.

 

        Nork esaten duen kontuan izanda, asko esatea da. Baina honek esan gabe ere ez al genekien ba egiazki ere horrelaxe izan zela?

        Azken batean, Fragaren legeak aldatu duena ez da hainbeste. Zentsura eta kontroleko aparatu guztiek indarrean diraute, hori da egia.

 

 

© Joan Mari Torrealdai

 

 

"Joan Mari Torrealdai / Artaziak" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus