Orixe Peru Leartzako-ren kontra
Nikolas Ormaetxea Orixe idazleak, 1960an, Jakin-en gehigarrian artikulu oso gogorra idatzi zuen Txillardegiren Peru Leartza-koren kontra. Ideologikoki edo filosofikoki aurrez aurre jotzen du obra berria. Gramatika-akatsak ere ez dizkio barkatzen.
Kuriosoa da kontrastea: zentsura alde, Orixe aurka.
Orixeren balorazioak zerikusi gutxi du zentsurarenarekin. Zentsurak (edo Antonio Arruek?) ulerbera da liburuko tesia eta zati «gordinekin», eta testuinguru literaturzalean kokatzen du lana. Orixeren iritzian, aldiz, buruz egina barik burutik egina dago liburua. Zoko ilunera baztertzeko, eskatzen du Orixek.
Barrenak ez dit agintzen ixillik egotea, liburu onek gaurko gazte-jendearen artean egin dezaken kaltearengatik. Leartza, liburu ontako giza-nagusia, europear biurtu zaigu, izurri gaizto batean, beintzat. Ez dugu emen olakorik bear. Naiko gaitz daukagu leen ere ta naiko kezka, oraingo gizaseme batzuei iruditzen ez ba'zaie ere. Ez uste izan gu, katolikuok, auzi orren berri gabe patxaran bizi geranik; oiek eta latzagoak ere jasaten ditugu gizonki, goiko laguntzarekin. Lengoak ikusi omen zuna: uri aundi batetik pasatzean, deabru bakarra omen zegon ateetan uritar guziak tentarazteko, eta geldi lanik gabe; baña praille-Alkartegi batera iritxi zanean, bosteun deabru ari omen ziran lan eta lan, tentaketan, baten bat eroriazten ote zuten. Unamuno, Leartza ta olako oiek, guk aiña duda ta kezka izan ote dute fede-gauzetan? Ez diegu ohore ori emango. Santuago ta eraso geiago. Olakoetan, edo gogor eutsi, edo ez siñistu. Beste jarrera ori ez da batere filosofikua. Katolikuetan ere gerta oi dira banaka banaka erorikoak, filosofiari benaz ekitean, baiña gutxienak dira. Gure artean apaiz-jendea da saiatuena gai ontan. Emen ditugu Zaragueta, Zubiri, M. Zubeldia, A. Alzo, Barandiaran. & (sic). Leartza baiño saiatuagoak, baiñan ez dira kutsatu filosofi ustel orrekin. Leartzaren filosofia ustela ta merkea da: novela tzarretan ikasia. Jaun orrek ez du ukondorik urratu Aristotel istudiatzen. Au mutilla, oraindik ere, eskola nagusietan aipatzen eta istudiatzen dutena, bi milla ta laureun urte auetan. (...)
Txillardegi'k bere liburua onela bukatzen du: 'Arrazoi zenuen: burutik egiña dago' (Leartza).
Nik ere artikulua onela bukatzen det: 'Liburu au buruz egiña ordez, burutik egiña dago. Baztartu ezazute zoko illunera'.
© Joan Mari Torrealdai