Elorri
Bitoriano Gandiagaren Elorri olerki-liburuaren espedientean ez da deus agertzen, deus txarrik bederen. Batere arazorik gabe argitaratu zela pentsatu behar!
Bada, ez da egia. Edukian barik tramitazioan izan zuen problema Elorri-k. Autoreari esker dakigu gertatutakoa, bestela akabo.
Orixeren Mamutxak bezala, hau ere gaztelaniara itzulia dago. Kasu honetan, autoreak berak eta Pedro Anasagastik egin zuten lanak izan zuen argitaratua ikusteko grazia.
Honela kontatu zidan 1985ean Gandiagak:
Nik ahaztu ditut eta ageriak galdu ere bai. Graficas Bilbao edo horrelakoren bat zen Elorri inprimatzen hasi zena. (1961.ean hori). Ez dakit zer aurkitu zuen han inprentan poliziak, baina Elorri ere ezin agertu izan zen han, nahiz eta horretan hasita egon. Erdarara itzultzea komeni zela ere nonbaitetik sujeritu zidaten. Hala agindu? Ez dakit. Orduan Anasagasti eta biok egin genuen kastellanoko itzulpena.
Gandiagaren obra honetan agertu da nik Alcalán aurkitu ez dudan informaziorik. Hau ez ahaztea komeni da, hots, Alcaláko artxiboan ez daudela liburu guztien historia guztiak. Eta nahiko lan, dagoena bilatzen ere!
© Joan Mari Torrealdai