Ziririk ez zentsurari!

 

Juan San Martinek 1960an eman zuen zentsurara ixtorio eta pasadizo xelebreak kontatzen dituen liburua, Zirikadak.

        Grazia eta intentzio ona aitortzen dizkio liburuari Donostiako delegatuak. Arkatz gorria ezin langabezian utzi, ordea. Pasadizo bi, eta bi esaldi ezabatu behar dira. «Ezezkorrak» eta «Kuadru bat geixago» dira zorioneko istoriook. Onartezina gertatzen zaio delegatuari esaldi hau, adibidez: «...olan jarraitzen ba-juagu, Espainian beintzat, k...k... jan bearko juagu».

        Eta koadro bat gehiago hori zer da? Frontoian kokatzen da txistea. Koadro bat gehiago omen dago frontoian orain, baina ez luzeran. Francoren koadro bat zegoen Eibarko Astelena frontoiko frontisean.

        Juan San Martin behintzat ondotxo enteratu zen zentsurak ez zuela umorerik, ez umorea ulertzeko dohainik.

 

 

© Joan Mari Torrealdai

 

 

"Joan Mari Torrealdai / Artaziak" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus