Luis Madariagaren zubilana
Ministerioko Artxiboan zentsura ikerketan nenbilela, Madrilen, bertan bizi den Luis Madariaga bisitatu nuen. Behin eta berriz ikusia nuen gizon honen izena Itxaropena eta Auñamendi editorialetako paperetan. Banuen kuriositatea, ezagutzeko gogoa. Eta informazioa ere atera nahi nion. Kuriositatea ase nuen, baina informazio handirik ez zidan eman.
Zubilana egin ohi zuen Luis Madariagak, argitaletxearen eta Madrilgo zentsuraren artean. Momentu batez hemengo editorialen ordezkaritza ematen zuen. Ordezkariaren funtzio hori justu urte hauetantxe gertatu zen inportante, Felipe Ugarte Donostiako delegatu izan zen urteetan, 1953tik 1963ra bitartean.
1951z geroztik Informazio eta Turismoko ministroari, Arias Salgadori, kulturako Torquemada deitu ohi zitzaion, gogorra zelako. Felipe Ugarte ez zen askoz bigunagoa, diotenez.
Itxaropenak eta Auñamendik, esan bezala, Felipe Ugarte gainditzeko bidea aurkitu zuten, Luis Madariagaren bidez. Hari bidaltzen zizkioten orijinalak Madrila, eta honek bulego zentraletan egiten zuen tramitazioa. Errazago lortzen omen ziren baimenak han hemen baino.
Euskarazko liburuak ere hara bidaltzen hasi ziren 1959an. Baina batzuetan atzera itzultzen ziren, Donostiara, Madrilen ez zegoelako euskal zentsorerik. 1963an aldatu zen egoera hori Madrilen, Antonio Albizu Salegi debarra enkargatu zen euskarazko liburuen irakurketaz.
Luis Madariaga ez da izan zubilana egin duen bakarra. Gogoan dut Jakin-en ere horrelaxe jokatzen genuela 70eko hamarkadan, liburuekin. Hango lagun bati bidaltzen genizkion galeradak eta hark, Gregorio Jesus Fernandinok, Madrilgo bulegoetan aurkezten zituen.
Jokabide hau, bestalde, gutxi-asko beti izan da, Gipuzkoan behintzat, 40ko hamarkadan ere bai. Beren gainetik pasatze honek biziki haserretzen zituen delegatuak.
1942an Fernando Urrutia zen Gipuzkoako delegatu probintziala. Bere gainetik pasatzearen aurka agertu izan da argi eta garbi Madrilen aurrean:
Aprovecho la ocasión para rogarte ordenes al Departamento de Ediciones, se abstengan de conceder directamente autorizaciones para Guipúzcoa, pues tengo noticia de algunas solicitudes que se están tramitando sin pasar por esta Delegación y lo peor es que si se conceden, perdemos autoridad y el Servicio eficacia ante los editores e impresores de ésta.
Artetxek kontatzen du delegatu probintzialak nola mehatxatu zuen 1955eko apirilaren 14an: «Me ha amenazado con ponerme todas las trabas posibles si presento el libro a la censura directamente en Madrid por mediación de mi amigo Lojendio».
© Joan Mari Torrealdai