1956-63
Abiapuntua 1956an jarri dut nik, belaunaldi-erreleboa orduan ematen dela eta. 1964ko bueltan, aldiz, belaunaldi-haustura emango da. Bien tarteko alditxoa da hemen orain aztertuko dena.
Bi argitaratzaile berri ditugu, Auñamendi eta Auspoa. Exiliotik bueltan, 1958an hasten dira lanean Estornestarrak Auñamendirekin, 1962 arte Itxaropenaren seiluarekin. 1961ekoa da Antonio Zabalaren Auspoa, herri literatura biltzeko sortua.
Aldi honetan 236 liburu atera dira. Honek esan nahi du, orain arte urteko 9 liburu ateratzen baziren, orain urteko 30 titulu ateratzen direla. Ez da asko, baina lehen baino puska bat gehiago. Bestalde, kuantitatiboki jada ez du pisurik exilioko ekoizpen editorialak. Literatura da nagusi, azkenik, urte hauetako produkzioan, olerkia batez ere.
Erdarazkoak izanik ere, gazteriarentzat Biblia izan ziren bi liburu aipatu behar dira hemen: Federiko Krutwig-en Vasconia eta Jorge Oteizaren Quosque tandem!.
© Joan Mari Torrealdai