Amabost egun Urgain'en

 

Liburu hauxe dugu euskal literaturako lehen polizia-eleberria. 1955ean eman zuen argitara Jose Antonio Loidi botikariak Arantzazun.

        Borroka latza izan zuela zentsurarekin kontatu zidan autoreak. Eta argitaratu ere, azkenik, Julio de Urquijo Euskal Filologiako Mintegiak lagundurik argitaratu omen zuen. Mintegiko txostena aurkitu dut nik artxiboan, baina ez besterik.

        Miraria ere bada garai hartarako. Liburu hau itzuli eta katalanez atera zen 1960an. Ondo kostata lortu zen baimena, nonbait; euskarazko orijinalaren itzulpena zela adierazi gabe. Banekien hori autoreak esanda, eta espediente horren bila joan naiz. Baita aurkitu ere. Euskarazko bertsioaren espediente-zenbakiari erreferentzia egiten dio zentsorearen txostenak, baina ez dio euskarazko edizioa zenik; aitzitik, espreski dio katalana zela. Honela esplikatu zidan 1985ean Jose Antonio Loidik berak:

 

Gero, katalanera itzuli zutenean, berdin ibili ziren han ere. Euskaratik katalanera (zapaldu behar zen hizkuntza batetik, zapaldu behar zen beste hizkuntza batera alajaña!) zuzenean itzultzeko baimenik, ez zuten inolaz ere ematen. Bide horretatik ezer egitekorik ez zegoela ikusirik, «Quinze dies a Urgain», sortzez katalanez idatzitako nobela bezala aurkeztu zuten zentsurara, handik hilabete batzuetara. Eta, horrela lortu zuten argitaratzeko baimena, gero, azaltzeko orduan, itzulpena zela aitortu bazuten ere liburuan. Guzi horretan hilabete asko joan ziren: hamar? hogei?

 

        Urte hauetan zenbait itzulpen eta berrargitalpenez aberastu da euskal literatura. Itzulpenen artean daude Txomin Irigoienek itzuliriko Aramiren Bizi, eta Svensson-en Noni eta Mani Plazido Mujikak itzulita. Salbuespen direla itzulpenok esan beharko genuke. Izan ere, frankismoak urte hauetan «ofizialki» ez zuen itzulpenik onartzen. Urte batzuk geroago ikusiko dugu, itzulpenen bizitza aldapa gora jarria nola dagoen.

        Berrargitalpenek ere ez dute bizimodu xamurra. Argi berdea izan dute urte hauetan Manuel Lekuonak prestaturiko Axularren Gero-ren edizioak, Txomin Agirreren Kresala-k eta, harritzekoa ere badena, Lizardi abertzalearen Biotz begietan/En los ojos del alma liburuak. Zenbait urte geroago, kasu, debekupean dago berrargitalpena.

        Ez dakit zein den barealditxo honen esplikazioa. Ez da behintzat Rocamoraren laguntzagatik, ez dago-eta jada agintean.

 

 

© Joan Mari Torrealdai

 

 

"Joan Mari Torrealdai / Artaziak" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus