Bitartekariak

 

Zentsurara babesik edo gomendiorik gabe joatea negu gorrian biluzik paseatzearen parekoa zen. Desanparo hori gainditzeko obsesioa da urte haietan aitapontekoengana jotzea.

        Liburuen historietara begiratuz gero hainbat aitaponteko edo bermatzaile topatzen ditugu. Modu batera edo bestera aitabitxiaren egitekoa bete du Rocamorak, bere posizioari esker atera ahal izan baitira hainbat liburu. Zenbait aldizkari ere lagundu zuen.

        Antonio Tovar, horra bestea. Falangista izaki, 1941 arte Propaganda Sailean aritu zen Irratigintzaren arduradun, gero (1941-42) sei hilabetez Educación Popular zeritzoneko idazkariordea izan zen eta gerora ere Mugimenduko kontseilari jarraitu zuen. Real Sociedad Vascongada de Amigos del País-en inguruko kultur mugimendua lagundu zuen honek, eta modu berezi batean Koldo Mitxelena. Santi Onaindiak dio berari ez ziola batere laguntzarik eman, Milla euskal olerki eder libururako eskatu zionean.

        Nemesio Leal aipatu du Jon Etxaidek. Alkandora zaharretako falangista omen zen hau, Santanderren jaioa. Etxaidek anaitzako zuen, Jonen aitak hartu baitzuen haren kargu umezurtz gelditu zelarik. Ongi situatua eta aberatsa omen zen, eta Etxaidek dioenez «euskaltzalea ere bai neurri apal batean». Begi onez ikusten omen zituen abertzaleak eta lagundu ere bai, gerrakoan abertzaleek salbatu baitzuten bera.

        Manso de Zuñigarengana ere —hau ere falangista— jo ohi zuen jendeak. Behin eta berriz aipatzen du Jose Artetxek, adibidez. Ibilia da bitartekaritza lanetan.

        Artetxe bera ere bitartekari egokia izan zitekeen, Francoren gurutzadan «combatiente voluntario» izan zela kontuan izanik. Baina Artetxek zentsuraren faborerik ez du batere jaso, kontrara baizik. Agian, gerraren errebisionismoa planteatu zuelako, edo bi bandoetan, bietan, zeudela onak eta gaiztoak esan ohi zuelako.

        Araxes izeneko edo gaitzizeneko bat aurkitu dut Txomin Agirreren Kresala-ren berrargitaraldia babesten. Ez dakit zein den. Gipuzkoako delegatuak esaten duena bakarrik dakigu, alegia «autor de varias obras en las que se ataca al nacionalismo-separatista vasco».

        Lojendioren izena ere behin baino gehiagotan irakurri dut. Liburu-argitalpena dela eta, Jose Artetxek aipatzen du. Eta gogoan dut 1969an Fragak Jakin aldizkaria debekatu zuenean, Karlos Santamariak nola jo zuen Lojendiorengana laguntza eske. Lojendio hau Valle de los Caídos-ko monasterioko abadea zen. Anaia bat ere bazuen, enbaxadore-edo.

        Izen propioz agertzen direnez gain, babesle instituzionalak aipa genitzake aitabitxien artean. Behin baino gehiagotan agertzen dira, adibidez, Seminario Julio de Urquijo edo Euskaltzaindia, liburu honen edo haren alde hitzerdi bat esanez. Hurrengo urtealdietan azalduko zaizkigu, batez ere, hauen izenak.

        Sari literarioek ere geroxeago funtzio bera bete zuten. Sariak oso gutxi ziren garaian, eta zirenak ere erakunde «ofizialek» antolatuak, berme gisa erabili ohi ziren liburua publikatzeko orduan.

 

 

© Joan Mari Torrealdai

 

 

"Joan Mari Torrealdai / Artaziak" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus