1949-55
Urtealdi honetako liburu-ekoizpenean 120 bat titulu aurki ditzakegu. Exilioko titulu-kopurua lehengoan mantentzen da. Espainiako mugen barnekoak egin zuen gora (% 62 barruan; % 38 exilioan). Barruko liburuan ia-ia erdia erlijio-liburua da, eta ez da harritzekoa. Ez da harritzekoa, bi arrazoirengatik: zentsuraren tramitazioaren aldetik, 1944 geroztik, Jato-ren interpretazioan behintzat, liburu-mota honek aski duelako zentsura eklesiastikoarekin. Hori bateko. Eta besteko, gerraosteko gizarte euskaldunean liburu-tipo hori funtzionala delako, utilitarioa. Oso erabilia, alegia.
Literatur liburuan ere garai honetan eman zen jauzi kualitatiboa, Rocamoraren laguntzari esker argitaratu ziren Orixe, Salbatore Mitxelena eta Jon Etxaideren liburuekin. Hauei eranstekoa da Jose Antonio Loidiren nobela poliziakoa.
Zerikusi handia izan zuen eboluzio honetan 1952an Itxaropena editorialak martxan jarri zuen «Kuliska Sorta» bildumak.
Liburuari dagokionez hori. Eta aldizkariak?
Gerora arrakasta handia izango zuten aldizkariak urte hauetantxe abiatu ziren, edo berrabiatu. 1950ean sortu zuten Arantzazun Anaitasuna, frantziskotar laikoentzat. Hortik jaioko zen da hiru urte geroago, 1953an, Anaitasuna-Bizkaia, Imanol Berriatuaren gidaritzapean.
Zeruko Argia ere garai honetan, 1954an, berrabiatu zen, kaputxinoen babesean. Egan-ek, bere aldetik, 1953an erdietsi zuen euskaraz bakarrik ateratzea.
© Joan Mari Torrealdai