Euskaltzaleen jarrerak
Aginte frankistak bultzatu edo babestu dituen proiektuetan sartzeko ez da gerra galdu duen euskaldun asko egon. Erraza ere ez zen agintetik horren hur egotea. Erasoaren osteko barealditxoan, legeak uzten zituen zirrikitu eskas haiek baliatuz, aginte frankistarekin nola edo hala kolaboratzeko oso uzkur izan da jendea hemen. Koldo Mitxelena da pausoa eman duen bat, Tovarren eskutik seguruena. Mitxelenarekin batera dabiltza Egan-en Aingeru Irigarai eta Antonio Arrue, azken hau karlista ezaguna.
Jose Artetxe, frankistekin gerra egina, eta Patxi Unzurrunzaga, Itxaropena argitaletxeko nagusia ageri zaizkigu Zarautzen Pedro Rocamorarekin.
Euskaltzaleen eta Administrazio frankistaren arteko harreman gehiago ere seguru egon dela, baina, orokorrean, elkarrenganako uzkurtasuna eta mesfidantza izan dira nagusi. Frankismoak egin bide zituen irekitze-saioei ez zieten usain onik hartu, itxurakeriatzat hartu zituzten abertzaleek, batez ere exiliokoek. Tranpatzat. Edozein lankidetza erraz jo zen kolaborazionismotzat eta traiziotzat. Halaxe, traiziotzat salatu omen zuen Radio Euskadik Patxi Unzurrunzagak eta Jose Artetxek Pedro Rocamorari egin zioten bisita. Hala dio behintzat Jose Artetxek bere memorietan.
Barruan zein exilioan, iritzi nagusia zera zen, ez fio izatea frankismoak euskara edo euskal kulturaren alde egin zitzakeen maniobrez. Bi iritzi azal litezke adierazgarritzat.
Adierazgarria eta esanguratsua da, bai, Javier Landaburuk La Causa del Pueblo Vasco liburuan idatzia. Agirre lehendakariaren hurbilekoa da Landaburu, eta Eusko Jaurlaritzaren baitakoa:
El que 'Educación y Descanso' organice cuadros de 'espatadantzaris', que comiencen a tolerarse algunas clases privadas de lengua vasca o que, en Salamanca, se de de vez en cuando alguna conferencia sobre la morfología de nuestro idioma: que se publique, con dificultades, alguna revista histórica, tampoco constituye excepción a esa regla de persecución practicada desde los registros de nacimiento hasta los cementerios. Con llevar esa persecución de la manera que se ha llevado y se lleva, no creemos que se haya aumentado en un milímetro la grandeza de España, ni reforzado su trompeteada unidad.
Jon Etxaidek ere, honek barrutik, ez dio fidagarritasunik batere ematen frankismoari euskaltzaletasun kontuetan, 1949an exilioko aldizkari batean idatzi zuenaren arabera:
«Vascongado» izenekiko gure etsaiak or ari dira buru-belarri, Franco'ren jaurbideak ez dula euskeraren aurka egiten azaldu naian.
Alakuok, edo-ta jakitez gezurretan ari dira edo-ta Franco'ren alderdikidetasun itxukeriak eraginda begiak arras lausoturik dituzte. Lanbidez edo oitzez gezurretan ari diranak, eurak asmatutako gezurrak sinisten omen dituzte, ta auxe gertatu bide zaie, lentxe egoki xamar aipatutako taldekoai. Alegia, gezurraren gezurrez beren buruek iruzur. (...)
Zertan gera, beraz, francotar 'euskaltzaleak'? España'ko zuen adiskideak euskeraren alde edo kontra ari dira? Zuetakoren batek oraindik esango digu francotarrak euskera 'monumento nacional' egin dutela. Bai noski! Bañan onenian ez dezu jakingo zergatik egin duten alakorik eta ezpa'dakizu ere oraintxen esango dizut: bertantxe lur emateko. Orduan idazkitxo dotore bat jarriko dute monumento orretan onelakoren bat esanaz: «Este monumento conmemora la existencia de la gloriosa lengua vascongada que fué en su vida el orgullo de la nación española».
Auxe dezu, francotar euskaltzalea (?) zuen nausitxoen ametsa.
© Joan Mari Torrealdai