Politika berria?

 

40ko hamarkadaren erdialdera badirudi aurreneko hamar urteetako gogorkeria basati hura xamurtu egin zela pittin bat. Aldaketa politikoak izan ziren tarteko.

        1945ean Francok hirugarren gobernua eratzen duenean, kartera garrantzizkoenak «familia katolikoen» eskuetan gelditzen dira, Falangeari kenduta. Prentsa eta Propaganda José Ibáñez Martín-ek zuzentzen duen Hezkuntza Ministeriora pasa da orain, FET eta JONSen eremutik at. J. Ibáñez Martínen azpian Tomás Cerro agertzen da Prentsako buru, eta Propagandako buru hainbat aldiz aipatuko dugun Pedro Rocamora.

        Ez naiz ni gauza aldaketaren sakona zenbaterainokoa izan zen neurtzeko, baina sentsibilitate desberdinak agertzen hasiak zirela esan daitekeelakoan nago.

        Nik badut neure (hipo)tesia: frankismoak aurreneko urte guztietan etenik gabe eraso eta eraso egin zion euskarari, euskal komunitateari. Sekulako sarraskia egin ostean, eta egoera berriei egokitze aldera, txikizioaren lekuan «integrazioa» (edo hobe, «asimilazioa») proposatzera pasatu zen: euskara ere Espainia handiaren aberastasun bat gehiago zen, altxor preziatua. Baina kasu, ez euskara kultur lanabes zen heinean, tradizioaren elementu bezala baizik.

        Jokabide berri honen seinale bat baino gehiago eman daiteke. Pare bat aukeratu dut Euskal Herrian, eta bat kanpoan, Katalunian.

 

 

© Joan Mari Torrealdai

 

 

"Joan Mari Torrealdai / Artaziak" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus