Emaitzekin pozik

 

Saio hauekin guztiekin lortu dudana ez da doktoretza-tesia bakarrik izan. Hori ere bai: 1991ko martxoan aurkeztu nuen Deustuko Unibertsitateko Zientzia Politiko eta Soziologiako Fakultatean doktoretza-tesia: La censura gubernativa y el libro vasco (1936-1983): Análisis de los informes del lectorado. Tesiaren aitzakian eskuratu ahal izan dudana zera da, sekulako informazioa zentsuraren inguruan: zentsura frankista nola zegoen egituratua, nola funtzionatzen zuen, eta batez ere euskal gaiekin nola jokatu ohi zuen.

        Informazio gehiena Alcalá de Henaresko Archivo General de la Administración Civil deritzoneko artxiboan aurkitu dut. Euskal gaiari dagokionez, bi milatik gora espediente kontsultatu ahal izan ditut kosta ahala kosta, eta horietatik 1.500 bat aztertu ditut. Erdarazkoak gehiago euskarazkoak baino. Bostehun bai euskaraz, eta horietatik espedientean zentsoreen txostena daukatenak 200 pasatxo dira. Hauetako batzuk aukeratu ditut liburu honetarako.

        Esan dut arestian Alcaláko artxibotik aparte ere ibilia naizela. Madrilgo Kultura Ministerioko artxibo eta gune batzuetan aurkitu dudana ere interesantea da inprimategi eta editorialei buruz.

        Bereziki seinalatu nahi dut, azkenik, editore eta idazleei egin nien galdeketa. Jaso nituen erantzunak hemen agertzen dira neurri batean. Lekuko eta biktima bezala bere informazioa eskaini zigun asko, zoritxarrez, hila da gaur. Eta, zorionez, betirako jasoa gelditu da lekukotasun hori. Liburu honen irakurleak lehen aldiz irakurriko du.

 

 

© Joan Mari Torrealdai

 

 

"Joan Mari Torrealdai / Artaziak" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus