Zeregina

 

Liburuaren zentsuraz soilki ari naiz hemen. Ez dakit talde honek izen bera (irakurlegoa) beste sailetan ere hartzen ote duen. Gainerako komunikabideek beren zentsura-antolaketa berezia dute, aldizkari eta egunkariak, irratiak, zinemak, antzerkiak, haur eta gazteentzako argitalpenak. Filosofian bat datoz guztiak, baina ez antolaketan.

        Ez dakit zenbatgarren aldiz esango dudan irakurleei ez dagokiela erabakiak hartzea. Proposamenean bukatzen da beren lana. Baina zertan esanik ez da, gehienetan edo ia beti, proposamenaren ildotik doa ebazpena. Hots, lerro zuzena dagoela irakurlearen lanaren eta ebazlearen erabakiaren artean. Salbu azken aldian, 1977-78 urteetatik aurrera. Irakurketak eta ebazpenak ez datoz bat. Irakurleek estilo zaharrean lan egiten dute, baina pasabidea ez da politikoki horren estua orain. Agerikoa da irakurleen disfuntzionaltasuna.

        Euskarazko liburuetan irakurleak balio erantsia du. Bere irakurketak ez baitu kontrasterik aparatuaren barruan. Enkargatuak irakurleaz fidatu behar du, ehuneko ehun fidatu ere. Irakurlea itzultzaile bilakaturik, nagusiaren ezagumendurako, froga gisa edo, pasarte batzuk itzultzen dituenean ere, itzulpen horren bidez bakarrik hurbil daiteke jatorrizko testura ebazlea. Sekula ez jatorrizkoa irakurriz. Ikusi ditugun itzulpenak ikusita, zer pentsatu ematen du irakurleen euskara-mailak.

        Izenak izana, irakurleak irakurri egiten du. Eta txostena prestatu, hiru zatitan banatua: laburpena, balorazioa eta ebazpen-proposamena. Erabakimena, berriz diot, gorago dago.

        Irakurleak, azken batean, zentsura-aparatuko «beltzak» dira. Lan zikin, itsusi, nekagarri eta konprometituena irakurleek egiten dute.

        Bi maila daude hauen gainetik. Hurrengo mailan «diktaminatzaileak» daude, Argitalpen Ordenazioko nagusia edo delegatu probintziala, adibidez. Eta gorago, azken mailan, politika editoriala erabaki eta gidatzen dutenak daude, arduradun politikoak, ministroa buru dutela.

 

 

© Joan Mari Torrealdai

 

 

"Joan Mari Torrealdai / Artaziak" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus