Zentsore / Irakurlearen lana

 

Liburu honen bigarren zatian txostenak gora eta txostenak behera ibiliko gara, zentsorearen lana gora eta zentsorearen lana behera. Teknikoki hitz eginda, txostenak idazten dituenari ez zaio zentsorea deitzen, «irakurlea» baizik. Baina guk zentsorea deitu diogu, ulergarritasunaren izenean. Bego esanda, hala ere!

        Irakurlearen egitekoa horixe da, irakurtzea. Liburua irakurri, bere iritzia eman eta zer egin beharko litzatekeen proposatzea. Proposatzea bakarrik. Liburuarekin zer egin ez du berak erabakitzen, ez dago bere esku, ez da bere konpetentzia. Irakurlearen gainekoak daude horretarako.

        Urtetan zehar irakurketa egiteko moduak, txostenak moldatzeko erak, eta are proposamenak aldatu egin dira.

        Xehetasun gehiegitan sartzeak ez du merezi. Lehen garaiko pare bat formulario ikusiko ditugu, hasteko. Eta gero iraupen gehien izan duen txosten-formula.

        Lehen aldiko formularioetan galdera bidez zehazten zitzaizkion zentsoreari erantzunak. Ez dakit noiz arte izan ziren indarrean formulariook, gutxienez 40ko hamarkadan, eta seguruenik gehiago ere bai.

        Ondorengo formulario hau hasiera-hasierakoa da eta 40ko hamarkadaren erdira artetsu iraun du:

 

— Valor literario o artístico

— Valor documental

— Matiz político

— Tachaduras (con referencia a las páginas)

— Otras observaciones

 

        40ko hamarkadan egiten den aldaketan balorazio berriak sartu dira (dogma eta morala) eta politikaren esparrua zehaztu egin da (Erregimenaren instituzioak) eta, gainera, mantendu egin da (oraingoz) irizpide literarioa.

 

— ¿Ataca al Dogma o a la Moral?

— ¿A las instituciones del Régimen?

— ¿Tiene valor literario o documental?

— Razones circunstanciales que aconsejan una u otra decisión

— Observaciones

 

        Bestelako formulazioak ere izan ditu txostenak. Bat baino gehiago. Baina jarraian azalduko duguna izan da nagusia, esan nahi baita, garatuena eta gehien iraun duena denboran.

        Ohiko txosten batek hiru zati ongi bereiziak ditu: alderdi argumentala, hau da, liburuaren laburpena; baloraziozko alderdia, hots, pasarte konfliktiboak seinalatzen dituena; eta alde diktaminatzailea edo ebazpenaren proposamena.

        Honen guztiaren ondoren dator ebazpena, erabakia, epaia, zerbitzuburuak edo goragoko batek ematen duena.

 

 

© Joan Mari Torrealdai

 

 

"Joan Mari Torrealdai / Artaziak" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus