Legeria

 

Hiru momentu nagusi bereiz daitezke zentsura frankistaren bizialdian, legeriari dagokionez: 1936-37ko lege sortzaileak lehenik; 14/1966 Legea, hots, Fragaren Legea bigarrenik; eta Antilibelo Legea, hau da, 24/1977 Erret Dekretu-Legea.

        Liburuari buruz Francoren Estatu Berriak atera dituen lehen disposizioak —berriz diot— zapalkuntzaren bidetik doaz, zigortzaileak dira. Liburu errepublikazalea-ren aurka sortuak dira. Egia da 1936ko abenduko 23ko Dekretuak «produkzioa, komertzioa eta zirkulazioa» hartzen dituela bere baitan; baina ez da gezurra batez ere komertzializazio eta zabalkundeari buruz antolatzen dela zentsura. Horren gutxi produzitzen zen urte haietan...

        1936ko abenduaren 23ko Dekretuak etsaiaren arma omen den liburua borrokatu nahi du, liburu «pornográfico y disolvente» delakoa. Lehen artikuluak liburuok biltzeko, «depuratzeko», eta produzitzeko lege-erreferentzia ematen du. Garbiketa martxan jarria da:

 

Se declaran ilícitos la producción, el comercio y la circulación de libros, periódicos, folletos y de toda clase de impresos y grabados pornográficos de literatura socialista, comunista, libertaria, y, en general, disolvente.

 

        Bidea ere ezartzen da. Bigarren artikuluak zehazten baitu editore, liburu-dendari, harpidedun eta prestatzaileak oro liburuak entregatzera obligatuta daudela.

 

 

© Joan Mari Torrealdai

 

 

"Joan Mari Torrealdai / Artaziak" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus