Zentsura bere burua zuritzen
Gauza bat da zentsurak nola ulertzen duen bere egitekoa, bere zeregina, bere betebeharra. Diferentea da, nahiz eta osagarria, nola zuritzen duen bere burua, nola justifikatzen duen, nola argumentatzen duen.
Aginteak, edozein agintek, zentsura justifikatu nahi duenean, dio Henry J. Abraham-ek, hiru ardatzetan bildu ohi ditu arrazoiak: ideiak, sasikoak edo arriskutsuak; elitismoa; eta ekintza antisoziala.
Ibilbide historikoa egitean, hiruretarik aurkitzen da frankismoan.
Agintari ofizialen irizpideen arabera, zenbait ideia sasiko edo kaltegarri izan daiteke, eta hortaz, ezabatu egin behar dira edo zigortu. Horixe: ortodoxiaren zaintzaile dira zentsoreak.
Beti ere bai, baina bereziki frankismoaren lehen aldian agindu du ortodoxiak. Eta ortodoxiarekin batean ortopraxiak, politikak, Estatuaren interesak.
Bestalde, ideien sasikotasunaz edo arriskuaz jabetzeko asko eta asko ez dira gauza. Gutxiengo batentzat on dena, oso kaltegarri suerta dakioke gehiengoari. Gehiengo hau, hortaz, babestu egin behar da.
Elitismoaren argudio honek bertsio asko izan ditu frankismoan. Esan berri dut 1938ko Prentsa Legearena: intelektualki ahula den gehiengoaren defentsa eginez justifikatzen du bere burua legeak. Arias Salgadok, urte asko geroago, egiteko bertsua ematen dio bere Ministerioari: «tutelar la debilidad intelectual y moral del pueblo». Sánchez Bella Informazio eta Turismo ministroak ere 1972an gauza bera dio: «lo que la censura quiere es evitar que, por la satisfacción de una minoría, la gran mayoría sufra y se queje».
Hitzetan barik, ekintzetan irizpide diskriminatzaile bera landu du zentsurak. Adibide batzuk: fitxa urdinetan sailkatzen ziren liburuak ez ziren edonorentzat, prestaturikoentzat baizik; esku zabalagoz jokatzen zuen zentsurak «idazlan osoetako» edizioetan edo luxuzkoetan; tirada txikiko liburuek baimena errazago lortu dute; prezio merkea traba da baimena eskuratzeko.
Ekintza antisozialera jotzen duten ideiak, azkenik, zentsuratu egin behar dira. Ideien munduan barik ekintzaren esparruan jartzen du zentsoreak begia. Pornografia da kasu tipiko bat. Edo gure kasuan, 1977ko Dekretu-Legeak markatzen dituen mugak, esate baterako: pornografiaz gainera, Espainiaren Batasuna, Monarkia, Indar Armatuak. Irizpide politikoak dira hauek, praktikoak. Gainerakoan, zentsoreen lumatan sarri baloratzen da konbibentzia, harmonia, elkarbizitza.
© Joan Mari Torrealdai