Etxeko tradizioa
Erregimen frankista intelektualekin eta liburuarekin mesfidati jaio zen. Errepublikaren espirituaren kontrako muturrean, Estatu Berriak liburuaren ikuspegi pesimista du. Gizarte demokratikoa liburuaren alaba da. Faxismoa, ez; ezta diktadura ere.
Esanguratsua da faxista gazteek nola ospatu zuten 1930ean «Liburuaren Festa» Madrilgo Unibertsitate Zentraleko patioan: sute handi bat egin, eta surtara bota omen zituzten liburuak Kixotek gehiegi irakurtzeagatik burua galdu zueneko pasarte ezaguna irakurri eta aldarrikatzen zutelarik:
No más libros que trastornen el seso como a Don Quijote... ni pregonen la estúpida y absurda igualdad humana, que Dios creó por naturaleza desigual.
Urte batzuk geroago, gerra garaian hain zuzen ere, 1936an, Arriba España kazetak honela animatzen zuen bere jendea:
Camarada: tienes la obligación de perseguir y destruir al judaismo, a la masonería, al marxismo y al separatismo. Destruye y quema sus periódicos, sus libros, sus revistas, sus propagandas.
Eta gerra bukatzean, 1939ko apirilaren 30ean, Madrilgo SEUk (ikasleen sindikatu falangistak, alegia) liburu erreketa publikoa antolatu zuen. Honela komentatu zuen Arriba-k:
Han hablado con palabras de domingo los camaradas del SEU: Con esta quema de libros contribuimos al edificio de la España Una, Grande y Libre. Condenamos al fuego a los libros separatistas, liberales, marxistas; a los de la leyenda negra; a los del romanticismo enfermizo, a los pesimistas, a los de modernismo extravagante; a los cursis, a los cobardes, a los pseudocientíficos, a los textos malos, a los periódicos chabacanos...
Salamancako Unibertsitatean Unamunoren aurrean «muera la inteligencia» esan zuen Millán Astray jenerala Falangeko Prentsa eta Propagandako nagusia izan zen. Gizon honen beronen ezpainetan aurkitzen dugu «muera la inteligencia» esaldiaren bertsio editoriala. Alcalá de Henaresko kartzela bisitatu zuen 1939an, eta kartzelako inprimategian linotipien sailera iritsi zelarik, makina baten aurrean enfasi handiz zera esan omen zuen: «Plomo maldito, cuántos crímenes se cometen en tu nombre».
© Joan Mari Torrealdai