Ohore zuei,
lagun oker bihurrioi!
LABen
25. urteurrenean
Ez da oso gauza arrunta
langileek idazle bat gonbidatzea beren ospakizun batera. Baina askoz arraroagoa
da, zoritxarrez, idazleok entzutea langile bati. Idazleok, historikoki,
entzungor eta itsu egon gara herri xehearekiko. Langilea zintzo eta ugazabaren
lagun nahi izan duen historia batetik gatoz euskal idazleok. Mende hasieran,
Domingo Agirrek Garoa izeneko obra
idatzi zuen, gure lehen nobela modernoa. Klasikotzat daukagu gaur egun.
Kapitulu batean Enkarterriak ageri dira, eta honela deskribatzen ditu
meategietako langileak:
Asko, geienak bearbada, guraso zintzoen
semeak izatea baliteke; baño gizatxar, lagun oker biurrien artean gaiztakeriak
kutsutu ditu. Ausardia dute nagusi, nasaikeria adiskide, indarra lege, añenekoa
ziri ta zigor. Birao lurrunean, likiskeri zakarrean lizundu zaiote anima...
Arratsalde
on eta eskerrik asko, lagun oker bihurriok. Bai, adiskideok: zuek zarete guraso
zintzoen seme-alabei ausardia eta indarra eman zieten haien ondorengoak, birao
egitearekin konformatzen zen zapalduari klase kontzientzia eta antolaketa
ematen saiatu zaretenok. Ohore zuei!
HARRIAREN AMETSA
Badakizue
idazleok beti unibertsaltasunaren eta inmortalitatearen bila gabiltzala. Gero idazten dugu Orain idatzi beharrean; Garoa
idazten dugu Nekazaria idatzi
beharrean... Ihes egin izan diogu gizarteari, ihes egin izan diogu pertsonari.
Idazleon mundutxoan hedatuak dauden topikoen artean gehien errepikatzen
direnetako bat hauxe duzue: “Literatura txarra sentimendu onez betea dago”. Eta
lasai gelditzen gara, literatura ona eta edertasuna gizakiaz goiti balego
bezala. Literatura ona egiteko, sentimendu onak ahantzi behar omen dira: utikan
justizia eta solidaritatea!
Baina
izan gaitezen serioak... Badago edertasun inhumano bat? Harriak amets egin
dezake? Garbi dago ezetz, baina idazlea patxadan bizi liteke irudimena
errealitatearen ukazioa bezala ulertzen den bitartean, eta ez errealitatean
sakontzeko metodo artistiko bezala. Azken finean, ebaditu egiten gara, idazten
dugunaz erantzun behar ez bagenu bezala. Zertan ari naiz, baina? Ezertarako
balio ote du ordea idazteak? Zer ardura du idazten denaz kezkatzeak? Zer
aldatuko du ba hitzak?
KAFKAREN AULKIA
Franz
Kafkak aitortua utzi du, bere memorietan, nahiago zukeela zurgin izan, aulki
bat egin ahal izateko, adibidez. Nahiago zukeela zerbait praktiko egin
humanitatearen onerako, idazle izatea baino. Kafkak asko estimatzen zuen,
nonbait, berak idazten zuen aulkia... Baina bromak alde bat utzita, zurgin izan
nahi horrekin sortzailearen betiereko zalantza adierazten zuen: balioko ote du
ezertarako idazten dudanak? Badakizue Kafkak agindu zuela hildakoan bere paper
guztiak erretzeko. Zorionez, ez zen bere nahia bete. Eta horrela, gaur,
mendebaldeko egiturek ekarri duten pertsonaren deshumanizazioa ikusten ahal
dugu haren fikziozko obretan, mila tratatu teorikotan baino zuzenago. Zelako
ironia... Kafkaren obra literarioa guztiz praktikoa da gizakiontzat.
Sistemari
asko komeni zaio idazteak ezertarako balio ez duela defendatzea, irakurtzeak
kontzientzia aldatzen ez duela zabaltzea: idaztea eta irakurtzea garrantzitsua
dela zabalduko balitz, hitza ekintza dela jakingo bagenu, liburu apolitikoen
karga ideologikoa atzematen irakatsiko baliote, agian jendea hasiko litzateke
idazten errealitatea aldatzeko asmoz. Zuek nik baino hobeto dakizue antolamendu
zapaltzaile honi, kapitalismoari, oso ongi datorkiola humanitatearen aldeko
gauzarik praktikoena aulki bat egitea dela sinetsaraztea. Zuek ongi dakizue
hori, zuek ongi dakizue humanitateak behar dituen gauza praktikoak ez direla
aulkiak... zeuek egiten dituzuelako aulkiak!
POETAREN PIKOTXA
Duela
gutxi polemikatxo bat egon da gurean, azken literatur Nobel sariak esandako
hitz batzuen aitzakian. Günter Grassek adierazia du, antza, bihar iraungo duen
literatura, subertsiboa izan den literatura izango dela. Baina, zer da
subertsiboa? Ordena hankaz gora ipintzea, beti eta nonahi kontra egotea, horixe
da subertsiboa, ukazio erradikal bat. Etengabeko subertsioa asko maite dute
burgesek, baita sozialdemokratek ere. Literatura idatzi subertsiboz betea dago:
zenbat manifestu epatatzaile, zenbat trasgresio erraz, zenbat bihurrikeria
formal! Literatura idatzi subertsiboz betea dago, baina ez idatzi iraultzailez.
Subertsioa ez baita iraultza; subertsioa, literaturan, pataleo abstraktua da,
ordena ororen ukoa, ezerekin eta inorekin ez konprometitzea. Hitzetik hortzera
“Matxinada!” oihukatu duten poeta samaldatik oso gutxi egon dira aldaketa
konkretuak aldarrikatzen zituztenen ondoan. Gure lehen poema soziala Lauaxetak
egin zuela esan ohi da, Langille eraildu
bati izeneko hura:
Mendiz behera lau txapelokerrez
aurpegi balzdun meatzaria.
Begi baltz horreik sastakai dozak
baina zatitu ezin hesia.
Noruntz haroe esku-lotuta
burni margodun gorputz gogorroi?
Sendoa bahintz, etsai-odolez
bustiko heunkek pikotx zorrotzoi!
Baina
borrokarako dei hori guztiz literarioa da, hitzaren zentzurik
desprestigiatuenean. Oihu estetiko bat da, zer ikusirik ez daukana
klase-borrokarekin edo biolentzia iraultzailearekin. Langile bakartua erakusten
zaigu, ez klase bat. Heroi indibiduala proposatzen zaigu eta, noski, langileak
ezin du garaitu: martiritza eskatzen dio Lauaxetak. Alferrikako heriotza batean
sublimatzen du poemaren dramatikotasuna, epika inutil batean. Ezin zitekeen
bestela izan, Lauaxeta ordenako gizona baitzen. Era abstraktuan baino ez,
poemaren ederrerako baino ez zuen onartzen bortxaren zilegitasuna, greba
bekatua zela uste zuten haietakoa zen-eta:
Gizarteko goraberak zuzenduteko, itzakaz
ez, eginkizunakaz etorri bear gara. Itzaldiak ez dabe ezertxo be onduko
txiroaren urritasuna. Langilleak burrukan jarrita be ez. Oletan odolik asko
isuri dabe langilleak euren egoneziña apur bat osatuteko, baiña odolak ez dau
onik ekarri. Kristautasuna dogu bide bakarra.
Errealitatean,
alegia, bere literaturatik kanpo, Lauaxetak kondenatu egiten zuen pikotxa
patronalaren morroien odolez bustitzea. Hain zuzen, meatzariek irakurriko ez
ziotela zekielako idatzi zuen poema bat meatzariari hika eginez, berak aipatzen
zuen pikotxa metafora bat zen... Zenbat kalte egin diguten halako bufoiek
idazleoi, irakurleoi, langileoi! Literaturak ezertarako balio ez duelako uste
osoan dute sortzen. Literatura jolas hutsa dela dute sinesten. Eta kritikoek
txalotu egiten dute errealitatetik kanpo idatziriko poema, behin eta berriz
esaten zaigu Langille eraildu bati poema
soziala dela, langileriaren ondarea. Instituzionalizatzen da simulakroa eta
urteek pasa behar dute poema horien falazia deskubritzen hasteko, jolas horien
atzean dagoen proposamen zikina salatzeko, idazleon eta langileen artean
harresi bat ezarri delako kulturaren izenean. Harresi horri esker, idazleak,
artistak, rebelde absolutuarena jotzen du lasai ederrean, konkista partzialak
lortzeko mila neke eta kontradikzio gainditu behar dituen herria mesprezatuz.
Barre egiten dio konpromisoari, “ni ez nau inork uztartuko” goraki esanez. Eta
botereak saritu egiten du, bizkarreko kariñosoak ematen dizkio. Ez da preziso,
noski, izenik aipa dezadan.
UTOPIAREN PAUSOAK
Gauza
jakina da klase batek ezin duela klase kontzientzia lortu, ez badu bere burua
barrutik eta aldi berean kanpotik ere ikusten. Ezkerrean kokatzen garen
idazleok oso harro esan ohi dugu geu garela, “bidelagunok”, proletargoa
kanpotik interpretatuz langileriari bere kontzientzia ematen diogunak. Baina
Euskal Herrian, orain, aro konkretu honetan, langileriak eman digu idazleoi
geure jardunaren kontzientzia. Lagun oker bihurriok: zuek bideratu duzue, ez
artistok, ez idazleok, ez intelektualok, zuek baizik, urteetako langintza zail
baina tinkoan, egungo prozesu politikoa; zuek irakatsi diguzue, iraultzailearen
pazientziaz, aldarrikapen konkretuaren edertasuna. Zorretan gaituzue idazleok,
mugitu egin duzuelako idazten dugun aulkia. Apurka, nekez bada nekez, espiritu
kritikoa eta errealitatearekiko ardura zabaltzen ari da idazleotan. Etengabeko
ukazioaren eta oihutxo abstraktuen patxadari utzita, geure jardunak eduki
dezakeen garrantziaz jabetzen hasiak gara, ikusi baitugu langileriak badakiela
ukatzen, bai, baina badakiela, guk ez bezala, eraikitzen ere. Erran nahi baita,
sortzen. Utopiak pauso neurtuak behar dituela ulertarazi diguzue.
MUNDUAREN ELKARTASUNA
Behin
baino gehiagotan esan da —eta batzuetan ETAtik bertatik ere bai— Txabi
Etxebarrieta oker zegoela bere formulazio teorikoan: Arazo nazionala eta arazo soziala ez dira txanpon baten alde biak
besterik, nazio askapenak askapen soziala dakar... Oker omen zegoen arazo
sozialak ez duelako eperik, eta arazo nazionala berriz herriaren ezaugarri
kulturalak desagertu daitezen baino lehen konpondu behar omen delako. Oso
ikuspegi logikoa eta koherentea da hori, klase zapaldu batekoa ez denarentzat.
Klase
zapalduak, langileriak, ezin du ulertu bere arazoen konponketa luza litekeenik
nazio arazoaren izenean; zail zaio sinestea nazioa libre izan litekeenik
askapen soziala gabe. Bere onera ekarri behar dugu, beraz, Etxebarrietarena:
askapen sozialak dakar nazio askapena. Ez naiz marxismo merke bat proposatzen
ari, LABek, bere traiektoria aberatsean, irakatsi didana aitortzen baizik: ez
duzue utzi, batzuek nahi zuten moduan, kontzientzia nazionalak ordezka dezan
klase-kontzientzia. Horregatik da LAB ezinbestekoa Euskal Herriaren
eraikuntzan, sindikatu nazionala eta abertzalea izanagatik ez duelako klase
borroka ukatu, naziotasuna klase desberdinek osatzen dutela jakinagatik
langileriaren elkartasuna sustatzen duelako nazionalismoaren gainetik.
Zer
eskubide daukagu euskal herritarrok munduari elkartasuna eskatzeko, baldin eta
gure proiektua ez bada mundu justuago batean kokatzen? Interesatzen ote zaio
munduari Euskal Herria subirano bat? “Segun”, esango nuke. “Segun” zer
eskaintzen dion munduari, “segun” zer eredu proposatzen dien estatu zaharkituei
eta nazio zapalduei. Nik uste dut bere langileriaren historia eta bere
borrokarako sena ukatzen ez duen Euskal Herri batek, justizia sozialean eta
arrazakeriarik gabeko kultura-komunitatean oinarritutako Euskal Herri batek,
balukeela zer eskaini munduari. Sortu zenean LABek markatu zituen
klase-helburuak, funtsean, gure izate nazionalaren arrazoi historikoak bilaka
litezke.
Mugimendu
politiko guztiak dira sozialak; zuei dagokizue abian den euskal mugimendu
politikoa herri xehearen interesen zerbitzura jartzea. Lan zail horretan nire
konplizitatea edukiko duzue beti gizatxarrok, lagun oker bihurriok.
Koldo Izagirre