Erretratu bitxiak
A. de Amezaga
"Bizi alegiazkoak"
Marcel Schwob
euskaratzailea: Juan Garzia Garmendia
Ibaizabal, 2002
Gazte hil zen, 37 urte zituelarik, baina Marcel Schwob-ek (Cheville, 1867 - Paris, 1905) utzitako lan literarioaren garrantziak bizirik irauten du. Idazlea izateaz gain, kazetaria, kronikagilea eta itzultzailea (Shakespeare, De Foe...) izan zen. Burges familiakoa, literatur munduko adiskide ospetsuak izan zituen: Alfred Jarry, Paul Valéry eta André Gide (honekin haserretuko zen: lan bat plajiatu ziolako, bere esanetan), besteak beste. Bere idatzien bidez, Schwobek errealitatea birsortu nahi izan zuen, imajinazioak eskaintzen zion aukera zoragarriari esker. Euskarara lehenengo aldiz itzuli den lan hau, Vies imaginaires izenburupean kaleratu zen 1896an (orain ehun urte eta piku!). 22 erretratu aurkezten dizkigu autoreak: Lukrezio, Petronio, Sufrah, Paolo Uccello, Pokahontas, Walter Kennedy..., garai desberdinetakoak. Antzinatea ondo ezagutzen zuelaren adibide dugu liburu hau (esan Filologia Klasikoa eta Ekialdeko hizkuntzan doktoregoa lortu zuela, Iñaki Aldekoak gogorarazten digunez hitzaurrean). Itzulpena Juan Garzia Garmendiak egin du. Euskal literaturan aski ezaguna, Beckett, James, Shakespeare eta Melville, besteak beste, euskaratu ditu. 1905ean François Villon, betidanik miresten zuen idazleari buruzko liburu bat prestatzen zegoen Schwob heriotza heldu zitzaionean. Behin esan zuen Jorge Luis Borgesek munduko bazter guztietan badirela Marcel Schwoben zale kartsuak elkarte sekretu koxkorrak osatzen dituztenak. Eurei eta beste guztioi zuzendua ba itzulpen hau.
Bilbao, 2002-12