Itzulerak eta antzekoak
Igor Estankona
"Baina bihotzak dio"
Xabier Montoia
Elkar, 2002
Iparragirreren kitarra-hotsarekin hasten diren orrialdeak bidaia etengabean doaz. Leku bakoitzean euskaldun erdi-irudizkoak aurkeztuko dizkigu Montoiak. Pertsonaiok, eta distantzia bera, izango dira ipuin liburu oso honetako protagonistak.
Era guztietako bidaiak eta egotaldiak aurki daitezke hamairu ipuinetan, eta denak bata bestea baino interesgarriagoak bihurtzeko trebetasuna izan du Montoiak. Julio Cortazarren obsesioa baziren K.O.z irabaziko duten ipuinak sortzea, Montoiarenak sakontasunean eta lerrorik lerroko gozamenean dute meritua. Sorpresarekin eta ustekabearekin "Daytona Beach" izeneko ipuina bukatzen da. Uste dut bakarra dela, besteek bukaera arean leunagoa baitute. "Daytona Beach" horretan agertzen diren bazterrek eta pertsonaiek ameriketan greban dauden zesta-puntalariek liburuaren gailur bihurtzen dute istorioa, nire gusturako.
Baina nire gustua ez da zertan izan behar irakurlearena. Esan barik doa hori. Are gehiago ipuin liburu bikain honetan perlak nahinon agertzen direnean: deskribapen batean, elkarrizketa batean, ironian,_ Okertzeko beldur handi barik esan daiteke urteotako ipuin-liburu onena atera duela Montoiak, futbolari beterano batek paserik onena atera dezakeen erraztasun berberaz. Berezko zeozer dauka Xabierrek, eta ez da soilik zolitasuna. Behatzaile zorrotza eta idazle praktikoa da era berean. Ñabardura bat nahikoa zaio batzutan mundu oso bat kontatzeko. Sentimentuak eurak ere aurpegiko keinu batez azaltzen ditu. Edo bizitzaren misterioak eguraldi aldaketa batekin.
Ipuin gehienetako pertsonaiak sorterritik kanpo dauden euskaldunak dira. Batzuk borondatez abiatu dira kanpora, beste batzuk derrigorrean. Baina oporretan dagoena zein kartzelaratua (bi adibide muturrekoenak jartzearren), biak daude zilborreste fin bati lotuta. Harek lotzen ditu lehenaldira, zeina herrira lotuta egoteko modu ankerrena baino ez den. Ipuinak ez dira ihesari buruzkoak, baizik eta atzean uzten denaren inguruko gogoeta. Eta zoriontasunari buruzkoa. Zoriontasuna, geografiarik ulertzen ez duen gas hori. Hamairu ipuin hamairu adreilu bezala jarrita eta paretan ideia bakarra: zoazen lekura zoazela galdera berberak izango dituzu zain. "Emakume biboteduna" hartatik hamar urte igaro dira, eta ez alferrik. Orain ipuinak are birobilagoak dira. Artikulu hau sinatzen duenaren uste apalean gure gaurko literaturako onenak. Baina hori bihotzak esan behar dio bakoitzari.
Deia, 2002-04-05