Ustezko ikertzailea

Javier Rojo

"Egun denak ez dira berdin"
Xabier Etxeberria
Elkar, 2001

   Xabier Etxeberriak nobela bat plazaratu du "Egun denak ez dira berdin" izenarekin. Argumentuaren oinarria nobela beltzean agertu ohi direnak bezalako ikerketa bat da, baina protagonista ikertzailearen papera betetzen duen pertsonaia, Tasio izenekoa, urrun dago heroi gogor klasiko horietakoa izatetik. Izan ere, Gurutze Gorrian destinatuta dagoen mutila bat baino ez da ikertzaile ustezko hau eta anbulantziarekin joatea suertatu zitzaion istripu baten gorabehareak argitzeko asmoz ekin dio ikertzeari.

   Kontakizunak bi hari jarraituz egiten du aurrera. Alde batetik, protagonistak burutzen duen ikerketa dugu; bestaldetik, Mireni, taberna batean lan egiten duen neska bati, dagokion istorioa dugu. Bi hariok hurbildu eta urrundu egiten dira, batzuetan elkar osatuz, bestetan batak dioena besteak ukatzen duelarik. Liburu honen gauzarik interesgarriena aipatzekotan, narratzaileen erabilera nabarmenduko nuke, zeren mota eta izaera desberdineko narratzaileekin jokatze (eta jolasten) baitu idazleak, ikuspuntu desberdinak eskaintzeko. Oker ez banago, Xabier Etxeberriaren lehenengo nobela da liburu hau, eta batzuetan hori nabaritzen bada ere, ezin uka idazleak hasieratik bukaeraraino irakulearen arreta gordetzen dakiela.

El Correo, 2001-06-27

 


www.susa-literatura.eus