Hiri mosaikoa
Javier Rojo
"Berlin Alexanderplatz"
Alfred Döblin
euskaratzailea: Anton Garikano
Ibaizabal, 2000
Gizon gazte bat (Franz Biberkopf du izena) kartzelatik irten da, han hilketa batengatik zenbait urte pasatu ondoren. Berlinera joan eta bere asmoa aurrerantzan bizitza berri bati ekitea da. Hauxe da Alfred Döblin idazle alemaniarraren (1878 -1957) "Berlin Alexanderpatz" izeneko nobelaren abiapuntua, 20ko hamarkadaren azken urteetan gaude, eta Berlin izeneko hiri hura mosaiko nahasi eta ulertezina izango balitz bezala aurkezten zaio irakurleon begiradari. Inguru honetan pertsonaia bizirauten saiatzen den neurrian, konturatuko gara hori egitea ezinezkoa izango zaiola, egiten dituen ahalegin guztiak gorabehera, hondoratze prozesu batean sartuta dagoela infernuratze batean, alegia. Gauzak honela, idazleak hiri horren aniztasuna erakutsiko digu.
Marjinazioaren mugen inguruan dauden pertsonaiak nagusi izango dira istorio honetan, testu aberats eta konplexu batean, non denetariko osagaiak ere sartzen baitira, nobelak bestelako diskurtsoak integratzeko duen erraztasuna erakutsiz. Narratzailearen aldetik ironia eta batzuetan zinismoa ere ez dira falta eta istorioa amesgaizto edo eldarnio baten indarrarekin agertzen da askotan. Gerren arteko nobelagintza espresionistaren eredu klasikoa da, azken finean.
El Correo, 2001-06-12