Etxean entzundakoak

Felipe Juaristi

"Kontu zaharrak"
Joxe Arratibel
Erein, 1995

        Joxe Arratibel ataundarrak liburu bat baino gehiago idatzi du, "kontu zaharrak" kontatuz. Orain, kontu horietako asko argitaratu ditu Erein argitaletxeak, formato berezian, Antton Olariagaren marrazkiak lagun dituela. Liburu honen sarrera moduan, Miel Anjel Elustondo azpeitiarrarekin egindako elkarrizketa luze bat ageri zaigu. Bertan, Joxe Arratibelek, bere bizitzako zatirik garrantzitsuenak argitzeaz gain, berak kontatzen dituen ipuinen jatorria aitortzen digu: "Aitagandik jaso nituen, beharbada, inportanteenak: 'Txerri Beltza', 'Ehiztaria eta bi txakur", Etsai Zaharrenak... Beste batzuk amarengandik, auzoko batengandik... Beste batzuek, berek ikusi edo bizitakoak bezala esaten zituzten. Esate baterako, Aingeru-goardakoarena". Dena dela, ipuinen zerrenda ikusirik, garbi dago iturri bat baino gehiago dutela, izanez ere, zenbait ipuin Europako tradizioan agertzen baitzaizkigu. Esaterako, eta besteak beste, "Mari Xor", "Blanca Nieves"... Mundu guztikoak dira ipuin horiek. Duela gutxi agertu zen kalean Julio Camarenak Maximo Chevalierrekin idatzitako liburu bat, "Catálogo Tipológico del Cuento Folklorico Español-Cuentos Maravillosos". Laurehun baino gehiago guztira. Kontu guztiei jartzen die non agertzen diren beren antzekoak. Tartean euskaldunak, noski.

        Oso urruti joan beharrik ere ez zuen izan ipuin ederrak entzun eta dastatzeko. Elkarrizketa horretan bertan aipatzen du arto zuritzean giro ona egon ohi zela kontuak esateko. Era berean, kontuak urtetik urtera berdintsuak izaten zirela baina alde handia zegoela batek konttau edo besteak kontatu: "Bazen gure auzoan itsu bat. Mikelete sartzeko zebilela itsutu omen zen, mina-zulo batean tiro bat ustegabe lehertu zitzaiolako. Hark doai berezia zuen kontuak kontatzeko. Gu ahoa zabalduta egon ohi ginen hari entzuten. Berak ez zigun behin ere esan nolaz itsutu zen. Nik uste dut zerbait ikusten zuela. Bizarra moztu behar zuenean, ispilua jarriko zuen aurrean eta kandela bat piztu".

        Kontaera bera da ederra. Grazia aparta du Joxe Arratibelek esan behar duena esateko. Gazteek eta helduek leitzeko moduko ipuinak dira liburuan bildutakoak; edo nahi izanez gero, norbaitek ahots sendoz irakurtzeko modukoak. Joxe Arratibelek tradizio bati eusten dio, gure ahozko literatura gal ez dadin. jarraitzaile da, neurri handi batean, Azkue, Barandiaran, Satrustegi, Azurmendi eta horrelakoena.

El Diario Vasco, 1995-12-16

 


www.susa-literatura.eus