Axularren prosa erakusgai
Felipe Juaristi
"Axularren historiak"
Axular
Patxi Salaberri Muñoaren edizioa
Pamiela, 1998
Euskal irakurlerik ez dago Axular idazlea nor zen ez dakienik. Klasikoetan klasikoena da, klasiko asko dagoen herri honetan. Predikamendu handia izan zuen bere garaian, eta gerora ere bai. Gero izenburuko liburua idatzi zuen, liburu ospetsua inondik inora. Adituek goi mailako prosatzat dute liburu horretakoa, eta hala da egia esan. Liburuan murgildu nahi duen irakurle zein euskaltzalek beti aurkituko du harri eta zur eginda utziko duen pasarteren bat. Denborak urdindu ez duen liburua baitugu Axularrena.
Axularren liburua askok aztertu dute. Bat aipatzekotan Villasante jauna aipatuko nuke, berak egin baitzuen aspaldi Geroren jorratze sistematikoena. Villasanteren Axularren Hiztegia baliagarri zaio oraindik ere, euskaraz ongi idatzi nahi duenari. Axularren historiak liburua argitara eman duena ez da, aitortu beharra, nolanahiko ikerlaria. Axularren prosaren aztertzaile izanik, ondotxo ezagutzen ditu liburuaren zoko guztiak, eta autoritatez erakuts ditzake besteoi konturatzeke pasa zaizkigun pasarteak.
Ez da lehen aldia klasiko bat hartu eta haren obran dauden historia txikiak argitaratzen direla. Alberdaniak hori egiten dihardu. Iztueta, Agirre Asteasukoa eta Tartas hurbildu egin dizkigute, gureagoak bihurtu ere bai, dena esatea zilegi bada. Garaia zen beraz Axularrekin beste hainbeste egiteko, izan ere Axularren liburu famatuan historia asko baitaude, esan nahi zuena bermatzeko eredu gisa hartutakoak denak. Historia horiek ez dira Aularrenak, baina Sarako erretoreak moldatu egin zituen, publiko zabal batengana iristeko.
Garaiko gustuaren araberako historioak dira, boladan baitzeuden orduan adibideen eta etsenpluen liburuak, historia zaharrak kontatzen zituzten beste liburuetatik ateratakoak. Orduko erretorikak maiteak baitziutuen greziarren eta latindarren bizitzari buruzko anekdotak, haien gertaerak, sinesturik baitzeuden kultura mailan ez zegoela haiek baino egokiagorik bizimodu klase bat adierazterakoan. Kuriosoa da azpimarratzea pentsalari katolikoek nola hartzen zituzten paganoen hsitoria haiek, nola egokitzen zituzten beren dotrinara.
Gaika ordenatu ditu egileak Axularren historia hauek, eta egia esan oso errazten dute horrela irakurketa bera.
El Diario Vasco, 1998-11-28