Albaniaren iragana
Felipe Juaristi
"H. dossierra"
Ismail Kadare
euskaratzailea: Juan Mari Arzallus / Antton Olano
Ibaizabal, 1999
Ismail Kadare idazle albaniarra aski ezaguna da gure artean. Albaniar ezagunena izango da seguru aski, ama Teresa Kalkutakoarekin batera-edo... Juan Mari Arzallusek lehendik ere euskaratua da haren eleberri bat: Hiru arkuko Zubia izenekoa hain zuzen. Liburu horrek laburbiltzen ditu, bere baitan agian Kadareren literaturgintzaren ezaugarriak: tradizioarekiko atxekimendua, iraganaren eta modernotasunaren arteko lotura, gaur egungo zenbait arazoren irtenbidea bilatu (edo argitu) nahia. Kosovoko gerra dela-eta bere iritzia azaldu du Kadarek berriki. Ez naiz hasiko hemen azaltzen artikulu haren nondik-norakoa. Interesgarria zen, baina zerbait ezkutatzen ote zuen susmoa geratu zait niri itsatsirik harrez geroztik. Dena dela, bada Kadareren liburu bat, gazteleraz ere aurkitu ez dudana, eta Kosovoko egoera ulertzeko baliagarri izan zaidana. Frantsesez, Le cortège de la noce s'est figé dans la glace du izenburua. 1981.ekoan albaniarrak matxinatu egin ziren Kosovon eta ondorengo errepresio latza jasan ere bai. Kadarek, Eskilozalea bera, greziar tragedien antzeko bat idazten du halakoan. 1981.eko urtea ekarri badut ez da alferrik izan. Orduan idatzi baitzuen H. Dossierra. Liburua irakurri ondoren konturatu naiz zein leize sakona egin duten albaniarrek eta serbiarrek beren artean. Homeroren zantzuen bila ibilki, bi atzerritar iristen dira Albaniara. Horrek sortzen dituen arazoei buruz dihardu liburuak, itxuraz bederen, baina azpian bada beste zerbait. 1981.ean Albaniako errejimena isolaturik zegoen Europan. Errejimen horren garaian asmatu (edo berrasmatu) zuten albaniarrek beren iragana, eta kontrajarri ere bai albo herrikoenarekin. Horrelaxe idazten da historia, eta orduko eurietatik datoz oraingo lokatzak.
El Diario Vasco, 1999-05-15