Eredugarriena
Javier Rojo
"Antologia"
Axular
Ibaizabal & Kriseilu, 1999
Patxi Salaberri Muñoak Axularrek 1643.ean argitaratu zuen Gero liburu ezagunaren antologia berria prestatu du, buruan irakurlego oso konkretua, ikasle gazteak alegia, zuelarik. Axularren idazlana, askoren ustez, euskal libururik ederrena da, klasikorik klasikoena, eredugarriena. Dena dela, gaurko irakurle arruntaren ikuspegitik (baldin-eta euskaraz halako irakurlerik badago), urrun xamar aurkitzen da bai hizkuntzaren aldetik, bai erabiltzen dituen gaien aldetik. Hizkuntza lapurtera klasikoa deitu izan den euskalkia baita. Hau dela-eta, edizioaren paratzaileak grafia gaurkotu egin du Euskaltzaindiaren arauei egokitzeko, eta bestelako kontuak (hiztegia eta morfosintaxiaren ezaugarri bereziak) argitzeko, liburua orri barreneko oharrez hornitu du. Gaiaren kontua, ordea, bestelakoa da, Axularrek aszetika liburua idatzi baitzuen, eta ez dut uste aszetika gaur egun asko kontsumitzen den generoa denik. Salaberrik atal interesgarrienen aukera egin duen aldetik, gaiaren zailtasuna neurri handi batean behintzat leunduta agertzen da. Beraz, euskal literatura klasikoaz ezer gutxi dakiten irakurleek badute non heldu Axularren liburuari, jakin dezaten "zenbat kalte egiten duen luzamendutan ibiltzeak, egitekoen geroko uzteak".
El Correo, 1999-09-29