Santa Kruz apaiza
A.B.
"Santa Kruz apaiza"
Orixe
Gero, 1974
Gutti-asko ezagutzen ditut Orixek egindako idazlanak; ez dut uste bat bakarrik duenik hau baino errazagoa denik. Nere gaztetan behin baino gehiagotan hartu nuen esku artean, denbora pasa, zerbait egin behar-eta, atseden pixka bat hartzeko asmotan. Gerra aurretik argitara zuen Orixek; gaurregun inon ez da aurkitzen lehen ediziokorik.
Liburu zailak eta nekosoak ateratzen direla-eta diotenek, honatx liburu erraza, gaiez eta hizkuntzaz. Gaia ezin eta irakurgarriagoa da. Santa Kruz apaiz gerrariaren historiak dakazki. Amaika aldiz entzunik gara Santa Kruzek hau egin zuela eta bestea egin zuela. Askotan gehiegikeria ugari erantsi zaio. Gizon sonatuen inguruan beti sortzen dira halamoduzko ipuiak eta kontakizunak eta Santa Kruz ere ez zen hoik gabe geratu. Egia guztia ez bada ere egiaren puska haundi bat ikasi nahi duenak liburu hau oso egokia du. Zaharrek bezala gazteek ere pozik irakurriko dute, historia guztia erraz konprenitzeko ez baitute inongo malkarretan ibili beharrik izango.
Euskerari buruz, gauza bera. Erraza, herrikoia, inolako sasirik eta malkarrik gabea, ixuri haundikoa eta euskaraz ondo dakianak egunero egiten duenaren antz-antzekoa. Gero-k argitara du liburu polit hau. Asmatu egin duela, uste dut. Hainbeste liburu potolo eta mamitsuren artean bat behar genuen arina, erraza, denbora pasa irakurtzen den horietakoa. Bakazioak gainean ditugu eta gazte jendeak pozik irakurriko ditu Santa Kruzen historiak. Liburua halakoxea delako, dudarik gabe, asko zabalduko da. Izan bedi euskararen eta euskaldunon onetan. Zorionak Gero-ri eta jarrai bekio, orain arte bezain gogoz, lanari.
Zeruko Argia, 1974-04-21