Bi kontu Petersburgeko

Xabier Mendiguren

"Bi kontu Petersburgeko"
N.V. Gogol
euskaratzailea: Pablo Sastre
Txertoa, 1987

        Euskarazko idazlanik ezean edo, badirudi Txertoa etxeak itzulpenak argitaratzeari ekin diola. Honakoan Gogolen bi ipuin dakarzkigu, Pablo Sastrek duela urte batzuk itzuli eta orain orraztuak. Bata Sudurra, sudurra galdu duen baten komeriak kontatzen dituena, eta bestea Longaina, kapote berria erosi nahi eta ezinean penetan dabilen funtzionari pobre eta koitaduarena.

        Gogol, XIX.eko lehen erdiko idazle errusiar haundia izan zen. Egunerokotasuna eta fantasia nahasten dituen umore satirikoa du ezaugarri nagusi. Bihozpera ematen du batzuetan, garratza besteetan. Halako ixtorio gazi-gozoak dira bereak, geroko literatura errusiarrean kasik tipo bihurtu ziren pertsonaiez beteak, kutsu kostunbrista baitute ipuinok; gaur Leningrado den behialako Errusia haundi eta sainduko San Petersburgoko kostunbrismoa.

Argia, 1987-11-22

 


www.susa-literatura.eus