Neskazale gazte baten balentriak
Dabid Zuazalde
"Neskazale gazte baten balentriak"
Guillaume Apollinaire
euskaratzailea: Karlos Gorrindo Etxeandia
Elkar, 1988
Gure lagun batek esan ohi duen bezala, badira esku bakar batez irakurtzeko liburuak, eta horietakoa izan nahi du Karlos Gorrindo Etxeandia preso gernikarrak Herrera de la Manchan itzuli eta Elkarrek bere azpisail erotikoan kaleratzen diguna.
Idazlea nor den ez omen da horren gauza ziurra, baina inori egoztekotan badirudi Gillaume Apollinaire bangoardista frantsesari egokitu behar zaiola honen aitatasuna, "Les onze mille verges"en egile ospetsuari.
Guri, egia esan, gehiago gustatu zitzaigun aipatu berri dizueguna honako hau baino. Nobelatxo hau dibertigarria da zatika, freskotasuna dario, baina egoera eta ekintza beretsuak behin eta berriz errepikatzen diren neurrian interes pixka bat galtzen du. Horrez gainera, badirudi arreta gabe ibili zela idazlea edizio honetako oharretan huts egin ez badute behintzat, izen eta urteetan barne kontraesan batzuk antzematen baititugu. Baina tira: hala eta guztiz, esku bakarraz irakurtzeko modukoa izan liteke zenbaitentzat.
Argia, 1988-11-27