Ahozkotasunaren xarma
Mariasun Landa
"Kontu zaharrak"
Joxe Arratibel
Erein, 1995
Mendeetan zehar, ahozko narratibatik ailegatu zaizkigun ipuinak harri bitxiak dira edozein literaturzale modernorentzat, besteak beste, herriak gizakiaren ametsik handienak nola irudikatu dituen ikusteko aukera aparta ematen diolako... Denborarik gabeko erresuman sortuak, sutondo epelean mamituak eta esatari trebeen bidez transmitituak, gugana heltzen dira sotil baina indartsu, abereek eta landareek hitzegiten zuteneko garaiaren lilura sortuz.
Oraingo honetan, Erein argitaletxeak Joxe Arratibelen lan ezaguna ("Kontu zaarrak" izenburupean La Gran Enciclopedia Vascak kaleratu zuena, 1980. urtean) euskara batuan eman du argitara edizio eder eta zaindu batean, herri narratibaren esparrua irakurlego gazte edota zabal bati eskeini nahiz. Eta ideia guztiz txalogarria iruditu zait, benetan, izan ere era honetako lanak gehiago kontatu, landu, zabaldu beharko bailirateke gure eskola eta ikastoletan, ene eritziz.
Txomin Ipurdi, Mari Xor, Txerri Beltza... hainbat ipuin ezagun bezain miresgarri literaturzale batentzat: hitz neurtuak, egitura eredugarriak, pertsonaia sinesgarriak, Antton Olariaga ilustratzailearen marrazki indartsu eta ederrez hornituak. M.A. Elustondo arduratu da testuak euskara batura pasatzeaz eta hitzaurrean, honek Joxe Arratibel berari egindako elkarrizketa bizi eta koloretsua irakur dezakegu: kontalari handi baten hitzaz gozatzeko aukera paregabea duzu beraz, ahozkotasunaren xarma dastatzekoa.
Argia, 1996-02-11