MUNDUA ZABALA ETA ARROTZA DA

 

Ez dizuet esango zelan iritsi nintzen

                      hiritik lau edo bost ordutara

mendian hurrin egurrez eta hostoz eraikitako

                        eskola haretaraino.

Iritsi nintzen eta, albotik pasatu behar nuen arren,

        mendien bestaldera bait nindoan,

Maisuaren abotsa entzundakoan jakin minez

                          gelditu nintzen:

«Mundua zabala eta arrotza da» zioen

                      liburu bat eskuetan zabalik.

Ate erdi irekitik ikusi nuen, Maisua, umeen

                artean zutik diktatzen:

«Mundua zabala eta arrotza da» errepikatu zuen

                  eta umeak buruak makurtu eta

lapitzak paperaren kontra sakatuz hasi ziren

                    idazten: «M u n d u a...»

Maisuak silabak larriduraz iraun erazi zituen

                      gehitzeko «za-ba-la e-ta...»

gero abotsa ezpainetan zintzilik eutsi ondoren

                    bukatzeko «...arrotza da».

Umeen begi beltzak begiratu ondoren, kaligrafiaren

            garrantzia azpimarratuz bezala

errepikatu zuen «Mun-du-a za-ba-la...» eta

          hizkiak luzeagotuz «e-ta a-rro-tza da».

Orduan pausa laburra egin zuen eta gero errime

                    berriro: «Mundua zabala eta...»

eta umeteriak, begiak paper lohietatik altzatuz,

            oihuka esan zuen: «...arrotza da!».

 

 

© Joseba Sarrionandia


www.susa-literatura.eus