ILUNTASUNA NEHURTZEN
Argia amatatzen denean, ustekabean,
ez dugu zer atxeki,
ez nora jo, ez zer egin, argi
esateko: ilunbetan gaude.
Egoera tristea da, baina zeozelan
onuragarria.
Onuragarria da, normalean inguruarekiko
dugun konfidantza eten eta
gure berezko bakardade eta babes gabezia
egiaztatzen duelako.
Argia amatatzen denean, ustekabean esan dut,
zeren eta hori ustekabean gertatzen da beti,
akzidente bat bezala, gure ahalmena
zentral hidroelektrikoen mendean dagoela,
gure borondatea posterik poste heltzen diren
kableetatik zintzilik,
gure zihurtasuna bonbilaren metalezko hari mehea
bezain larria dela ohartzen gara.
Eta bitartean ez garela ezer, ilunbetan
higatzen diren haur izuak besterik.
Argia amatatzen bada, zaila da lehenago hasitako
solasa jarraitzea,
Iluna arren dena berdina da, edo berdintsua
izan beharko luke,
baina argia amatatu denean isildu zara
edo gaia aldatu duzu,
eta armairutik ateratako kriseilu zaharrak
argia eman arte
begibistakoa ezezaguna egin zaizu eta
haztamuka bizi izan zara...
Eskerrak ilunbeak ditugula, argirik
oraindik ez badugu.
Ilunbetan bizitzen ikasi arte ez dugu
argi bizitzen jakingo.
© Joseba Sarrionandia