HARRIAK ETA HERRIAK
Munduan bada bazter bat (ez genuen guk
sortu orduko hautatu)
gure herria erizten duguna. Eta mundu guzia da gurea
gure herria geurea bada.
Baina guk harri bustiak sartu genituen
gure boltsilo zulatuetara.
Egin genuena ez zen beti izan
egin behar genuena,
hildakoak eta distantziak ugalduz
joan ziren,
eta gure herriaren sei mila halakoa den
mundua mugarriz pikatuta dago.
Mugetan, Henri Rousseau aduaneroak nondarrak garen
eta noruntz goazen galdetuez gero
gure harri bustiak erakusten dizkiogu,
ezen eta harriak ditugu:
«Harri hau, uharri hau ikusten duzu,
halakoa zen gure etxea...»
Inongo lur nehurtzaileak, ez den herrialdearen
kartografoak gara.
Egunak atzoz bete zaizkigu, geure oinen bila
gabiltza.
Gogoratzen duzu, galdu genuen aintzinako
sorterri hura?
Harriak ditugu baina ez dugu herririk.
Harriak ditugu
boltsilo zulatuetan, baina ez dugu inon eraikiko
betirako etxerik.
Harriak ederragoak al dira
harresian?
© Joseba Sarrionandia